Mikel IBARGOIEN
infraganti

ESTHER LOPEZ

Esther Lopezek boleiboleko liga irabazi zuen duela aste batzuk Logroñoko Naturhouse taldearekin, eta, modu horretan, bere garaipen zerrenda izugarria are eta gehiago puztu du: 8 Liga, 7 Kopa, 5 Superkopa eta Europako Txapelketa bat irabazi ditu, 21 titulu orotara. Zenbakiek beren kabuz hitz egiten dute, eta, beraz, argi dago hernaniarra erreferente dela boleibolaren munduan.

B ehin irabazten hasita beti nahi duzu gehiago, bizio baten modukoa da», kontatzen du Esther Lopezek (Hernani, 1974). Enegarren titulua altxa berri duen arren, bere ibilbideko hastapenean zuen ilusio berbera mantentzen du: «Txapelketa bakoitza modu desberdinean bizitzen da, lan asko dago atzetik, eta bakoitzak bere esanahi propioa du. Niri beti irabaztea gustatzen zait, baita kartetan jokatzen dudanean ere!». Irabazle sen hori mantentzea ezinbesteko baldintza da goi mailan irauteko.

40 urte ditu Lopezek, 22 urte daramatza boleibolean goi mailan lehiatzen baina oraindik ere maila ikaragarria du, sasoiko dago, eta ez du erretiro hitza entzun ere egin nahi: «Aspaldi egindako elkarrizketa batean 32-34 urterekin erretiratuko nintzela esan nuen, baina oraindik ikaragarri gozatzen dut, fisikoki indartsu nago, nire buruari jartzen dizkiodan erronkak betetzen jarraitzen dut, eta, gainera, talde indartsuek nigan sinisten jarraitzen dute, beraz, lesioek errespetatzen nauten bitartean jokatzen jarraituko dut».

Bere ibilbide loriatsua aintzat hartuta askok eta askok mito deitzen diote eta ez da gutxiagorako, izan ere, taldeka lortu dituen garaipen guztiez gain, bere jardunari dagozkion banakako sari garrantzitsuak ere eman dizkiote. Esaterako, 2004-2005 eta 2010-2011 denboraldietan Europako libero onena izendatu zuten eta 2008-2009an berriz, baloi jasotzaile onena. «Sari horiek balio ikaragarria dute niretzat, zer-nolako maila izan dudan erakusten dute eta».

Boleibolaren urrezko aroa

Libero postuan jokatzen du Lopezek, defentsan, alegia: «Guk ez dugu puntuatzen. Gurea defentsako lana da, baita baloiak jartzen dituztenei lana erraztea ere. Jende askok pentsatzen du erremateak soilik direla ikusgarriak, baina guk askotan erremate horiek jaso eta puntuak salbatzen ditugu, eta hori ere oso zaila eta erakargarria da».

Esther Lopezek Espainiako Ligako hamalau talde desberdinetan jokatu du eta epe horretan mota guztietako uneak bizitzeko parada izan du. Momenturik gozoenak Tenerifeko Marichalen jokaturiko bost denboraldietan igaro zituen. Denboraldi horietan guztietan jokatu zuen Europako txapelketa nagusia, bi ediziotan hirugarren izan zen eta 2004an iritsi zen gailurrera garaikurra erdietsita: «Gau osoa lorik egin gabe pasa nuen. Domina begiratzen nuen eta ez nuen sinisten. Ez dakit nola azaldu, baina lasaitasuna eta bakea sentitzen nituen. Momentu hartan Europako onenak ginen; erraz esaten da. Hiru egun behar izan nituen nire onera bueltatzeko».

Garai hartan eraikuntza alorreko enpresek apustu sendoa egin zuten boleibolean, diru asko inbertituz. Hala, izar asko erakartzea lortu zuten eta Espainiako Liga Europako indartsuenetariko bat bilakatu zen: «Nik, besteak beste, Maurizia Cacciatore italiarrarekin jokatzeko aukera izan nuen Tenerifen. Europako jokalari ezagunena zen Cacciatore eta horrek asko lagundu zigun. Aurretik ez zen jende asko etortzen gu ikustera eta Cacciatore iritsi zenetik harmailak bete egiten ziren hura ikusteko. Partida garrantzitsuetan 5.000 pertsona inguru biltzen ziren, ikaragarria zen».

Emakumezkoen boleibola modan zegoen, gizonezkoenak baino oihartzun handiagoa zuen, hedabideetan lekua zuen, eta jokalariak zituzten baldintzak ere erabat desberdinak ziren: «Atzerritik etortzen ziren jokalariek sekulako dirutzak irabazten zituzten, eta etxeak eta beste gauza batzuk erosteko aukera izan zuten. 50.000-60.000 mila euro irabazten zituzten batzuek. Gu, ordea, bigarren maila batean geratzen ginen eta ez genituen kantitate horiek irabazten inondik ere. Halere, langile duin batek bezainbeste kobratzen genuen eta ezin naiz kexatu, oso une onak ziren».

Orain ordea, egoerak 180 graduko itzulingurua jasan du eta boleiboletik bizitzea ezinezkoa dela dio: «Askoz ere laguntza gutxiago jasotzen dituzte taldeek eta hori alor guzti-guztietan nabaritzen da: baliabideetan, soldatetan… Egun ez daukagu boleiboletik bizitzeko aukerarik eta bestelako lan bat edukitzea ezinbestekoa da aurrera egiteko. Gainera, kontuan eduki behar da guk Ligak irauten duen bitartean soilik –zortzi hilabete inguru– kobratzen dugula, kontratuak horrela egiten dizkigute eta».

Ezustean boleibolean

Txikitatik izan da kirolzalea Lopez, baina, dena den, boleibolaren berri ez zuen izan 14 urte bete zituen arte. «Ikastolara boleibolaren gaineko hitzaldi bat ematera etorri zitzaizkigun, probatu egin nuen eta gustatu zitzaidanez jarraitzea erabaki nuen». Hernaniko taldean eman zituen bere lehenengo urratsak eta bere jokoak zur eta lur utzi zituen teknikariak hasieratik. Bere bilakaera ikaragarria izan zen; hiru urte besterik ez zituen behar izan Espainiako talde baten interesa piztu eta lehenengo eskaintza jasotzeko. «17 urte nituela neguko txapelketa bat jokatzera joan nintzen Hernanirekin, eta, nire ezustekorako, bertan eskaini nuen maila ikusita, Toledoko teknikarien eskaintza jaso nuen denboraldia han bukatzeko». Toledok Bigarren Mailan jokatzen zuen eta gozoki erakargarria zen Lopezentzat. Era berean, oso gaztetxoa izanik familiarengandik aldendu eta bizimodua erabat aldatzea suposatzen zuen horrek eta ez zen erabaki samurra izan. Halere, gurasoen babes osoa jaso zuen, nahiz eta haiei ere beldur pixka bat ematen zien. «Jabetzen ziren boleibolean ondo moldatzen nintzela eta probatzera animatu ninduten. Esaten zidaten gauzak gaizki atereaz gero beti nuela etxera bueltatzeko aukera. Momentu oro nigandik gertu sentitu nituen eta hori funtsekoa izan zen niretzat».

Toledo izan zen, beraz, Lopezen ibilbideko lehen geltokia. Ordutik hona, ordea, etengabe egokitu zaio maletak egitea, hamalau talde desberdinetan jokatu du eta: Ciudad Real, Gasteiz, Socuellamos, Avila, Burgos, Tenerife, Benidorm, Palma de Mallorca, Miranda de Ebro, Menorca, Haro eta Logroño.

Etxetik urruti eta bakarrik bizita, behar edo ohikoa dena baino lehenago heldu behar izan zuen Lopezek: «Gurasoekin bizi nintzenean etxean zerbait laguntzen nuen, baina kanpora joandakoan dena nik egin behar izaten nuen: janaria prestatu, arropa garbitu… Hasieran kosta egin zitzaidan, baina esperientzia horiek guztiak nire mesederako izan direla uste dut».

Kantitate handiak ez izanagatik dirua irabazten ere hasi zen, baina Lopezek beti izan du burua bere lekuan eta ez zuen diru hori txorakeriatan xahutzen. «Arduratsua izan naiz beti. Dirua irabazten hasi nintzenetik beti bidaltzen nuen zati bat etxera. Gu beti izan gara oso familia xumea, eta, nire amak nik haiei dirua bidaltzea nahi ez zuen arren, nik banekien nire gurasoek behar zutela, eta, nik, ahal nuenez, ekarpen hori egin nahi nuen. Finean gurasoak dira guri dena ematen digutenak».

Atzerrian ez jokatzearen arantza

Momentu gozo asko bai, baina gazitik dastatzea ere egokitu zaio. Mallorcan lehen urtea jokatu ostean kontratua berritu eta beste urtebeterako sinatu zuen. Alabaina, Liga hasteko astebete falta zenean taldean lekurik ez zuela eta berarekin kontatzen ez zutela esan zioten bere ezustekorako. «Ezin nuen sinetsi, amesgaizto bat zela uste nuen. Gainera, ez zidaten inongo azalpenik eman eta telefonoa ere ez zidaten hartzen. Oso desatsegina izan zen». Txapelketa hastear zela eta talde guztiak itxita zeudela, egoera beltza zen guztiz. Halaber, bere amari leuzemia diagnostikatu zioten eta momentu zailak bizi izan zituen. Kanaria Handitik eskaintza bat jaso zuen maila gorenean jarraitzeko, baina amaren egoera zela eta, koska bat behera egin eta Miranda Ebroko talde batera joatea erabaki zuen etxetik gertu egoteko.

Oro har, oso gustura dago boleibolean jarraitu duen ibilbidearekin eta bizi izan duen guztia ez lukeela ezeren truke aldatuko aitortzen du. Dena den, badu arantzatxo bat, atzerrian jokatu ez izana, hain zuzen. «Italiara eta Azerbaijanera joateko aukera izan nuen, baina beldurtu egin nintzen eta ez nuen adorerik izan pauso hori emateko. Bestalde, familiari oso lotuta egon naiz beti, pertsonalki ez ziren momenturik onenak eta hain urrutira joateak zalantzak sortzen zizkidan. Gero hizkuntzaren kontua ere hor dago, kultura eta ohiturak ere desberdinak dira eta aldaketa horietara egokitzeak beldurra ematen zidan. Momentu hartan ausart jokatu izan banu agian oraindik Europan jokatzen jarraituko nukeen, baina…»

Logroñon jarraitzeko nahia

Oraindik ere oso maila altuan diharduen arren, 40 urterekin atzerriko eskaintzak jasotzea oso zaila dela dio, adin horrekin lesioak izateko arriskua handiagoa delako eta taldeek normalean jokalari gazteagoen aldeko apustua egiten dutelako. Egun, Logroñoko Naturhouse taldean jokatzen du eta gustura dagoenez han jarraitzea gustatuko litzaioke. Aurreko urtean iritsi zen taldera, nahiz eta orduan Murillon (Nafarroa) jokatzen zuten. Estreinako denboraldian Liga irabaztea lortu zuten. Lorpenak meritu ikaragarria zuen, izan ere, Murilloren hirugarren urtea zen maila gorenean, urte gutxian sekulako garapena burututa. Hala, ospakizuna ere berezia izan zen. Jokalariak herrira iritsi zirenean traktorea eta atoia zituzten esperoan, bertara igo eta herriko plazara joateko herritarrengana: «Inoiz ez nuen modu horretan titulurik ospatu eta oso ondo pasatu genuen».

Murillon zituzten baldintzak, ordea, ez ziren aproposenak goi mailako kirolarientzat: «Neguan berogailua jartzeko ez genuen dirurik eta 5-6 gradurekin entrenatu behar izaten genuen, eta jasotzen genituen laguntzak ere oso urriak ziren». Testuinguru horretan, taldea Logroñora eramatea erabaki zuten aurrerapauso bat eman eta baldintzak hobetze aldera. «Kluba berbera da, presidentea, agintariak… baina lekuz aldatu gara. Halere, Murilloko jendearekin oso harreman ona izaten jarraitzen dugu». Bistan da aldaketak mesede egin diela, aurten ere Liga, Kopa eta Superkopa irabazi dituzte eta.

Orain, urte gogor baten ostean, merezitako oporrez gozatzen ari da Esther Lopez. Aste batzuk familiarekin Hernanin igaro ostean, taldekide batekin Brasilera joateko asmoa du. Han izan zen iragan urtean ere, eta, esperientzia ona izan zenez, errepikatzeko gogoz dago. Brasilen deskantsua eta boleibola uztartuko ditu. Udaran erregional mailako txapelketa bat jokatzen da han eta posible badu parte hartzea gustatuko litzaioke.

Hori bai, oporraldia amaituta itzuliko da hurrengo denboraldia prestatzera. Arestian aipatu moduan Naturhousen jarraitzea nahiko luke, baina hala izango den jakiteko itxaron egin behar. Ziurra dena da leku batean edo bestean jokatzen jarraituko duela, Lopezek oraindik ez baitu azken hitza esan boleibolean. •