Mikel Zubimendi
infraganti

ARITZ MUNARRIZ

Ergoiena udalerriko Dorrao herriko baserri batean bizi da, baina lagunartea eta bizitza Etxarri Aranatzen ditu. Beriain eta Andiaren arteko paisaia paregabean du etxea, gogoa beti preso diren minkideekin. Datorren larunbatean Etxarritik Artzabalgo gainera hamabi orduz gora eta behera arituko da lasterketan, erronka latz, solidario eta ederrean.

Arreta piztu du heldu den larunbatean dispertsioaren kontra eta euskal presoen askatasuna amets Etxarri Aranatzen antolatu den erronkak. Herritik Artzabaleraino, Maiatzaren Lehenean urtero-urtero meyetza (zuhaitz moztua) eta ikurrina jartzen diren Etxarriko gain enblematikoraino, hamabi orduz gelditu gabe, herrikide eta kirolari ezberdinak lagun, gora eta behera arituko da Aritz Munarriz Igoa, Dorraon bizi den baina kaleko bizitza Etxarrin egiten duen 29 urteko mendi korrikalari prestua.

Ibilbideak 6 kilometroko itzulian 500 metro gorako eta 500 metro beherako desnibela du; zehazki, aldapan gora 2,5 kilometro eta aldapan behera 3,5 kilometro egin beharko ditu Aritz Munarrizek. Kamera eta grabagailuen aurrean jartzea kosta egiten zaion Aritzek aipatu digunez, «ez dakit zenbat igoera eta jaitsiera egitea lortuko dudan, ahal diren guztiak, baina kontua hamabi orduz geratu gabe gora eta behera ibiltzea izango da». Erronka horretan lagun izango ditu hainbat kirolari, etxarriarrak zein kanpokoak, emakumeak zein gizonak, profesionalak zein afizionatuak, profesional izandakoak zein oraindik gazte kategorietan daudenak. Batzuk goraka ariko dira, besteak, beheraka. Aldarrikapena eta kirola, erronka eta ikuskizuna, herri giro polit askoa bermatuta dago beraz.

«Herrian denetarik entzuten ari naiz, burutik sano ote nagoen eta ze erokeria motatan sartu naizen esaten didate batzuek, besteek, aldiz, zenbat igoera lortuko ditudan galdetzen didate. Egindako kalkuluen gaineko galdera asko egin dizkidate eta gehien-gehienek babesa eta animoak helarazi nahi izan dizkidate. Eskertzekoa da hori, oso eskertua nago benetan», diosku Aritzek, baso eta mendien erdian bizi den korrikalari finak. Ia 1.500 metro dituen Beriain mendi dotorearen magalean eta Andia mendilerroaren babesean bizi da Dorraoko baserri batean, aita, ama, amona eta anaiekin.

«Ez dakit menditik hain gertu bizitzeagatik den, basoek eta tontorrek osatutako paisaia eder hauek sortzen didaten liluragatik den edo zergatik den, baina urteak dira mendiez disfrutatzen hasi nintzela. Azken lau urteotan korrikaka ari naiz, eta, egia esan, esplikatu ezin dudan zer berezi bat sentitzen dut mendian gora eta behera nabilenean». Eta bakardadean mendian korrika dabilenean sentitzen duen horretaz galdetzean, ziplo erantzuten du: «Bizia ematen dit, nolabaiteko askatasun zentzu bat».

Ez du, ordea, dena ahaztu eta abstrakziora jotzeko tirantzarik korrika ari denean. «Korrikan gauza dezente pasatzen zaizkit burutik; lana, errutina... alboratzeko une egokia da niretzat. Gurekin momentu hauetan ez dauden pertsonetan pentsatzeko momentua ere bada».

Dagoeneko kirol esperientzien bizkar-zorroa aski betea du Aritz Munarrizek. Sara Korrika Trail, Beriain eta Anbotoko kilometro bertikalak, Zuzenien bertikala, Olatzagutia-Urbasa, G2 Haundiak, Apuko Long Trail, Zegama-Aizkorri maratoia eta dezente gehiago egin ditu-eta. Baina, agian, orotan kuttunena herriko ferietan Etxarrin bertan egiten den Mendira Joan-Etorria lasterketa da, «parte hartu nuen lehen lasterketa izan zelako».

Artzabalgo gainak, bestalde, badu Aritz Munarrizentzat xarma berezia, «mendian hasi nintzenean beti Artzabalera igotzen nintzen, eta leku honek zinez sentimendu apartekoa pizten du nire barne-erresuman». Ez du, baina, espresuki prestatu erronka hau. Entrenamendu berezirik ez du egin eta janari mailan ere ez du aparteko ahaleginik egin. «Pasatu gabe baina denetarik jaten dut. Kontutan hartu behar da paraje hauetan urtarrilean eta otsailean ezin dela mendian korrika egin, elurra franko baita. Baina maiatzean Zegama-Aizkorri proba egin nuen, eta, hura prestatzeko hartu nuen sasoia baliatuz Beasaingo G2 Haundiak bezalako frogetan hamasei orduz korrika eginez arituta naizela kontuan hartuz, esan daiteke erronka honi begira ez naizela zerotik abiatzen».

Arbizuko fabrika batean egunero zortzi orduz tente lan egiteak, bestalde, hankak eta giharrak dezente kargatzen ditu eta astegunetan ez ohi du luze entrenatzeko aukerarik. «Ordu bat edo bi, eta bale». Astebukaeretan, ordea, pasada handiagoa hartu ohi du entrenatzen, baina, aitortzen digunez, «erronka honi begira ez dut plangintza berezirik egin, ez da hori egitea nire asmoa sekula izan».

Gainera, Artzabalera igoera denak ez dira berdinak izango, eta, aurreikusi duenez, ez du erritmo berberean korrika egiterik izango. «Lagunduko nauten kirolarien araberakoa izango da. Batzuk sasoi betean egongo dira, besteak aspaldi erretiratutakoak izango dira eta denetara moldatzen jakin beharko dut. Alboan paratzen denaren arabera moldatuko naiz, lagun giroari eutsiz, erronkaren helburua bederatzi, hamar edo hamabi igoera lortzen ditudan ikustea ez dela kontuan hartuta». Hori bai, ez du ezkutatzen bere izaera lehiakorra eta hurrengo baterako, zeinek jakin, irekita uzten du apustu zehatzak egiteko aukera. Hots, Etxarritik Artzabaleraino hamabi ordutan hamar igoera baietz! Edo hamaika, hamabi edo dena delakoak! Ikuskizun geratzen da, bada, errepikatzekotan heldu den larunbateko erronkak hartuko duen forma.

«Nire buruaren kontrako erronka bat egitea betidanik bueltaka ibili da nire baitan», diosku Aritzek. Eta zergatik orain eta honelako bat galdetuta argiro erantzuten du: «Euskal Herrian dugun egoera latza da eta Etxarrin bertan bizi duguna ere ez da batere samurra, zazpi herrikide baititugu espetxeetan eta horietako bat nire txikitako lagun-min handia. Lagun bezala, horixe bizi dudala dispertsioaren joko zikina! Etxarri herri txikia da eta denok ezagutzen dugu elkar, familia batean bezalaxe. Preso dauzkaten etxarriarren hutsunea sumatzen da, hutsune mingotsa da, denborak horitzen duen argazki batetik harago doa. Hutsune sentimendu horretatik ernatu da elkartasuna adierazteko ideia».

Eta behin ideia Aritzen gogoan sustraituta, anaiak «guztia aurrera ateratzen» asko lagundu diola aipatu digu. Baita Etxarriko Sare taldeak ere. Ez baita nolanahikoa heldu den larunbaterako prestatu duten egitaraua. Aritzen erronkan, kirolari ezagun andana ariko dira, besteak beste, Aitor Zubieta, Aritz Lasa, Peio Martinez de Eulate eta Oskar Lasa pilotari edo pilotari ohiak, Alex Txikon mendizalea, Gorka Karapeto eta Ekaitz Maiz eskalatzaileak, Goizeder Beltza aizkolaria, Mikel Navarro eskiatzailea, Gorka Verdugo txirrindulari ohia edo Aritz bezala mendi korrikalariak diren Alfredo Alonso, Aitziber Ibarbia, Nouredin, Joanes Goitisolo eta Imanol Goñi.

Goizeko zazpietan ekingo dio erronkari gogobihotz Aritzek, eta, hamabi ordu geroago, arratsaldeko zazpietan, akabera emango dio. Artzabalgo mendiaren magalean bertan paratuko dute “0 gunea” eta bertan aparkalekua, zurrupa egiteko barra, musika eta beste izango dira. Herrikideak izan edo ez, aldez aurretik izena ematen dutenek kirolari ezagun horiekin batera Aritzen igoera batean korrika egiteko aukera izango dute. Egunean zehar, kirolariek emaniko jantziak zozketatuko dira, erronkarako propio ateratako kamisetak salgai izango dira, parte hartzaileen argazkien erakusketa izango da pantaila batean... Azkenik, Aritzek gora eta behera hamabi orduz korrika egin ondoren, arratsaldeko zazpietan, bildutako denak batuko dituen amaiera ekitaldia izango da herriko plazan.

Metaforaz blaiturikoa izango baita Aritzen erronka. Bizitza bera bezalakoa delako, gorabeheraz eta aldapaz beterikoa, dispertsioaren kontrako borroka. Mina bai, baina, ezina, ordea, ez da ageri presoak babesteko eta haien eskubideak aldarrikatzeko ahalegin kolektiboan. Etxarrin korrika egingo duten bezala, Lasterbidean ekimenak ere babes polita bildu zuen. Bistan da mobilizazio modu honek babesa jasotzen duela, kirolak eta aldarrikapenak, izerdiak eta kausa justu batek atxikimendua batzen dutela. Bereziki gure herri honetan, kirolak eta erronkak duten eraginaren erakusgarri da. Eta presoen egoerak herri psikologian eta norbanakoetan eragiten duen ezinegon edo zirrararen adibide da, gure bihotzetan sartzen den labankada baita.

Ez da gutxiagorako. Urruti gabe, Sakanan bertan, astebururo 10.000 kilometro egin behar baitituzte senide eta lagunek haien seme, anaia, alaba, lehengusu edo lagun presoak bisitatzeko. Diru asko gastatu, istripuak beti mehatxu eta ezinegona eta beldurra altzoan. Baina, dudarik ez, Aritzek egingo duen erronkak berak bezala, Euskal Herriaren luze-zabalean egiten diren milaka ekintza txiki-handiek arindu egiten dute zama hori.

Hitzordua, horrenbestez, jarrita dago: ekainaren 20an Sakanako Etxarri Aranatz herrian. Giro polita, presoen absentzia gertuko presentzian, natura eta erronka, gorputzaldia eta sentimendua bermatuta daude. Hori guztia eta bost zain izango dira, beraz, bertaratzen direnen gustagarri, pertsona eta gustu partikular ororentzat aukeran.

Aritz Munarrizek jarriko ditu gogoa, esfortzua eta izerdia, baina, haren anaiak bezala, herritar talde baten esku-kolpeak posible egingo du amets sortu zen ideiaren gauzapena. Bihotzarekin egindako ekimena, sentimenduak astinduko dituena. Eguraldia eta zortea lagun izan dezatela Etxarrin. Eta zuri, Aritz, animo eta eutsi goiari. Hura ez baita eroriko! •