Iñaki Irigoien
BLOOMSDAY

Dublinen barna Leopold Bloomen urratsei jarraika

Ziurrenik, irakurleen artean oso gutxik jakingo dute zertaz ari naizen Bloomsday eguna aipatzen dudanean. Ez dute jakingo ez zertaz ari naizen ez non ospatzen den. Gutxi batzuek, agian, irakurri dute James Joyce idazlearen «Ulises» liburua, eta horiek, akaso, izango dute gure artean ezezaguna den ospakizun egun honen berri.

Bloomsday Dublin Irlandako hiriburuan urtero ospatzen den egun berezia da. 1904ko ekainaren 16a gogoratzeko ospatzen dute, hain zuzen ere. Horrenbestez, irakurleen galdera ezinbestekoa da: «Zer arraio gertatu zen bada orain dela ehun eta piku urte Dublinen? James Joyce idazlea jaio al zen? “Ulises” liburua argitaratu al zuen? Nobel saria irabazi?». Bada, ez. Hasieran, baina, “Ulises” liburua aipatu dut, eta, agian, berau irakurri dutenek jakingo dute zer ospatzen den Dublinen Bloomsday egunaren karietara.

1904ko ekainaren 16an kokatzen da “Ulises” liburuko istorioa. Egun bakar horretan gertatzen dira bertan kontatutako Leopold Bloom protagonistaren gorabehera guztiak, eta, hain zuzen ere, horregatik ospatzen da urtero ekainaren 16an Dublinen Bloomsday eguna. Leopold Bloom beraren eta beste pertsonaia batzuen bizitza eta pentsamenduetan oinarritzen da eleberria., Pertsonaietako batzuk errealak dira eta besteak fikziozkoak, eta kontakizuna 08.00etatik hurrengo eguneko ordu txikietaraino luzatzen da.

Bloomsday egunaren baitan, jendea liburuko protagonistak imitatuz mozorrotu ohi da, XX. mende hasierako jantziak jarriz. Gainera, Leopold Bloom protagonistaren ibilerak errepikatzen dituzte. Adibide bat aipatzearren, oso ohikoa da eleberriaren protagonistak eginiko gosaria errepikatzea. Irlandako gosari tradizional oparoko elikagai ugariez gain –arrautza frijituak edo arrautza nahaskia, saltxitxak, odolostea, hirugiharra, txanpinoiak, babak, labean egindako tomateak eta patataz eginiko ogia–, gibela eta giltzurrunak ere gosaldu zituen Bloomek egun hartan.

Baina noiztik eta zergatik ospatzen da Bloomsday eguna? Gezurra badirudi ere, “Ulises” eleberria argitara eman eta berehala abiatu zen ospakizuna: 1922an, James Joyce beraren lagun batzuen ekimenez, Frantzian ospatu zen, liburuaren egilea Parisen bizi baitzen garai hartan. 1954ra arte ez zen ospakizuna Irlandara iritsi. Ekainaren 16 famatu hark 50 urte bete zituenean ospatu zuten irlandarrek lehenbizikoz Bloomsday eguna. Urte hartako ospakizunean, eleberrian agertzen den Sandycove herrixkara joan ziren Patrick Kavanagh eta Flann O’Brien idazle irlandarrak, Davy Byrne’s pubean eta 7 Eccles Street kalean ”Ulises”-en pasarte batzuk irakurri asmoz. Bidean, liburuan aipatzen diren taberna guztiak bisitatu zituzten.

Adituek diote Joycek “Ulises” eleberrian aukeratutako data oso garrantzitsua izan zela bere bizitzan. Egun hartan ezagutu zuen gerora bere emaztea izango zena, eta uda hartan bertan erabaki zuen Irlandatik alde egitea. Ondorioz, nahiz eta bere lanetako asko Dublinen kokatuta egon, gehienak Parisen bizi izan zen bitartean idatzi zituen.

Gaur egun, ordea, Bloomsday eguna ez da soilik Dublinen ospatzen. James Joyce gustuko duten munduko hainbat txokotan ere ospatzen da. Baina Irlandako hiriburuan ospatzen dutenek soilik jarrai ditzakete Leopold Bloomen urratsak. Eta hori esatean ez naiz figura literario bat erabiltzen ari. Ziur naiz Dublin erdialdean paseatzen ibili diren “Ulises” eleberriaren irakurle asko jabetuko zirela gune ezagun askotan, O’Connell zubian adibidez, urrats markak daudela. Bada, horiexek dira Leopold Bloomen urratsak.