Gorka Elejabarrieta

Herri libre batean...

Islandia estatu independente bihurtu zen 1944ko ekainaren 17an. Hilabete lehenago egin zen erreferendumean Islandiarren %97k Danimarkako koroarekin adostuta zegoen «batasun pertsonalari» amaiera ematearen alde bozkatu zuen eta, %95ek, konstituzio errepublikar berri bat ezartzearen alde. Kataluniak egun planteatzen duen erreferendumaren antzera, Islandiakoak ere bi galdera egin zituen eta gehiengoak «bai» eta «bai» bozkatu zuen. Garai horietan munduko gainontzeko lurraldeetan ohiko prozedura ez izan arren, Norvegiak ere Suediatik independentzia eskuratu zuen, prozesu demokratiko eta gerrarik gabeko baten ondorioz, 1905eko ekainaren 7an. Faroe uharteek, Groenlandiak eta Sami Herriak helburu, erritmo eta egoera oso ezberdinak dauzkate, baina gaur egun haien prozesuak baketsuak eta demokratikoak dira, konstanteak eta tentsio handirik gabekoak. Horren arrazoia eta bertutea herri horietan ez ezik, zonaldeko estatuek gaur egun haiekiko duten jarreran eta praktikan bilatu beharra dago. Ez da beti horrela izan, iraganean samiek eta inuitek diskriminazio izugarria jasan izan baitute.

Azken urteetako norabidea eta pausoak aintzat harturik, badirudi Faroe uharteak eta Groenlandia estatu independente bilakatzetik gertu daudela, hori da herri horietako mugimendu abertzale eta progresisten apustua. Samiek, estatu ezberdinetan sakabanaturik egonda, egoera eta aitortza maila oso ezberdina daukate, Errusian izan edo Norvegia, Finlandia eta Suedian. Hala ere, orokorrean haien borroka eta bidea estatu bat lortzeari baino lurraren erabileraren eskubideei eta aitortza identitario eta kulturalari loturik dago.

Eskandinavia, ikuspegi politikotik, eta estaturik gabeko nazioekiko, uharte politiko isolatua da edo etorkizunean arau eta ohitura izango denaren aitzindari? Erresuma Batua izan da, Eskoziako prozesuarekiko erakutsi duen jarrerarekin, baita Irlandako gatazkarekiko jarreran izan zuen aldaketarekin ere, talde horretara gehitu den azkena. Emaitza, gainera, ez da txarra izan bere interes politikoetarako, independentismoa izugarri igo bada ere eta SNPren hauteskunde emaitzak ezin hobeak izan badira ere, Eskoziak ezetza eman baitzion independentziaren aukerari. Erresuma Batuak bazekien batasuna mantentzeko aukera bakarra erreferenduma egitea eta irabaztea zela. Eta emaitza ona izan badu ere, Europako hainbat estatu, espainiarra barne, noski, erreferendumaren emaitzak jakin eta berehala azaldu ziren publikoki Cameronek harturiko erabakia kritikatuz. Horrek erakusten du Europar Batasuna osatzen duten estatu kide gehienek beldur izugarria diotela Eskoziak irekitako bideari, zentzu guztietan eredugarria izan den prozesu horrek haien mugen barnean sortu ditzakeen paralelismoak ezabatu nahi dituzte. Urrun gaude Europan erabakitzeko eskubidea onartua izatetik, nazioarteko harremanen oinarrizko arau bilakatzetik. Are gehiago, Europar Batasuna osatzen duten estatuetatik Frantziakoa eta Espainiakoa ez dira sekula norabide horretan gerta litekeen aldaketa baten aitzindari izango.

Horregatik guztiagatik, guretzat izugarri garrantzitsua da etengabe lupa Eskozia, Faroe, Flandria, Groenlandia eta antzeko prozesuetan jartzea, haien estatuen jarrera eta praktika demokratikoa Espainiakoarekin zein Frantziakoarekin konparatuz gero alde izugarria dagoelako, baina era berean gure bide propioa ibiltzen jarraitu behar dugu, erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoak eraikitzen. Gaur gaurkoz, Kataluniako prozesuak ederki erakusten digun bezala, gehiengo zabalen aktibazioa eta ekina dira gure herriak dauzkan berme bakarrak. Barne mailan eta nazioartearekiko alde askotarikoak eta era berean bi estatuekiko alde bakarrekoak izango diren prozesuak beharrezkoak dira.

Gaur Euskal Herriko hiriburu nagusietan elkartuko garen milaka pertsonek hori erakutsiko dugu, gure ideologia, jatorri eta helburu zehatzen gainetik, gure herriaren etorkizuna modu demokratikoan erabaki nahi dugula, bide horretan pausoak emateko prest garela. Leloak dioen bezala, jende zoriontsua herri libre batean. •