@GARA_rpascual
infraganti

Ibon Larrinaga

Futbolean aritu zela sufritutako lesio larri batek ireki zion boxeoaren mundurako atea Ibon Larrinagari, eta orain, profesionaletarako jauzia egiteko asmoa du. Gazte getxoztar honen profila ez da ring batean ukabilkadaka dabilen norbaitekin berehalakoan lotuko genukeena, kirol ibilbidea Zientzia Politikoetako ikasketekin uztartzen baitu.

Ibon Larrinagak ere ez zuen galdu Floyd Mayweather eta Manny Pacquiaoren arteko boxeo borrokaldi sonatua. Askoren aburuz mendeko norgehiagoka izaki, ezin zuen bestela izan boxeolari batentzat.

Las Vegaseko hitzordu hura, Euskal Herriko boxeoaren osasun egoera edota politika bera ere ekarri ditugu Ibon Larrinagarekin partekatu dugun ring berezi honetara. Eta ez, ez die gure galderei izkin egin.

Espainiako Txapelketatik itzuli berritan egin dugu hitzordua berarekin. Eta pozik dator Euskal Herritik joandako boxeolariek lortutako emaitzekin. Bere kasuan, brontzea esku artean duela itzuli da etxera. Orotara, EAEtik joan diren bi neska eta bost mutilek urrezko bi domina eskuratu dituzte.

24 urte dituen gazte honekin hizketan hasi orduko, atzera begira jarri gara, gure artean, orain artean behinik behin oihartzun handirik izan ez duen kirol horri nola eutsi zion jakiteko. Duela bost urte inguru eskegi zituen futboleko botak boxeo eskularruak janzteko. Umetan, sarri jazotzen den legez, ia oharkabean hasi zen baloiari ostikadak jotzen. Eta, aitortu digunez, ez zen jokalari txarra.

Orduan espero ez zezakeen arren, lesio larri batek aldaketa nabarmena ekarri zion bizitzara. Tibia eta peronea hautsi zituen, futbol zelaietatik hainbat hilabeterako urrunduz. Tarte horretan izan zuen aukera kirol berri batean lehen pausuak egiteko, gerora etorriko zena inolaz ere imajinatu gabe.

Erandioko gimnasio batean egin zituen boxeo munduan lehen kolpeak eta, tarte batean futbolarekin uztartu zuen arren, gogotik heldu zion kirol berriari eta etengabe joan da hobera egiten, jaso zein emandako kolpe bakoitzarekin hazten, ikasten. «Euskal Herrian eta, oro har, Estatu mailan futbola ia ohitura bat da umeentzat. Ni ere joan, joaten nintzen, baina ez ninduen betetzen».

Boxeoan, aldiz, askoz nabarmenago sentitzen du egunetik egunera hobea izatera bultzatzen zaituen har hori. Kirol berri horrek gauza asko eman baina beste asko eskatu dizkio Larrinagari, batez ere lehiaren munduan murgildu zenetik, duela hiruzpalau urte: astean sei egunez entrenatu behar izaten du, txapelketa garaian beti baskularen eta pisuaren gatibu, eskatzen duen diziplina maila handia…

Harekin batera, Asier anaia ere sartu da boxeoaren munduan eta, biek elkarrekin, aita ere zaletu bihurtu dute. Kirol honek pertsona gisa egunerokotasunean ere ordena eta diziplina gehiago izaten lagundu diela esaten digu Larrinagak eta, horrez gain, anaien arteko harremana askoz estuagoa dela.

Lehen borrokaldietako urduritasuna ere ondo gogoratzen du: «Oso oso urduri jartzen nintzen borrokaldien aurretik; egoera horietatik pasatzeak merezi zidan pentsatzera ere iristen nintzen». Hori bai, ringera igo eta borrokaldiari ekin bezain pronto aldatzen zitzaion aldartea eta, bai, jabetzen zen merezi zuela aldez aurretik egindako lanak eta igarotako urduritasunak.

Urteen joan-etorriarekin boxeoaren beraren egoera aldatuz joan da. Euskal Herrian nabarmen igarri du aldaketa Larrinagak Zallako aurreneko hitzordu hartatik. Egun hartan, 200 bat lagun bildu ziren eta zaila zen, egia esan, ia edozein kiroldegitan borrokaldi bat ikusteko jende gehiago biltzea.

Azken lauzpabost urteotan gauzak asko aldatu dira, ordea. Gero eta borrokaldi gehiago antolatzen dira Euskal Herrian, eta herritarren emanak erakusten du jendartean sona irabazten ari direla, bai boxeoa, bai beste borroka-arte batzuk, hala nola, kick boxinga edo full contacta. «Gaur egun, La Casillan boxeatzen dugunean 2.000 pertsona ere biltzen dira, eta gainerako borrokaldietara erraz joaten dira 500-600 lagun. Duela urte gutxi hau pentsaezina zen», aipatzen du, pozik.

Arrakasta horren atzean boxeo eskola kopuruaren gorakada dagoela uste du gazte getxoztar honek: «Gimnasio gehiago zabaltzen joan dira, eta jende gehiago hasi da boxeoa ikasten. Ondorioz, boxeolari arrakastatsuak ere atera dira».

Kerman Lejarraga edo Andoni Gago bezalako boxeolarien lorpenei esker, kirol honek hedabideetarako jauzia egitea lortu duela –nahi baino txikiagoa, segur aski– eta horrek ere jende gehiago erakarri duelakoan da Ibon Larrinaga, ‘Larri Pura Vida’ ezizenarekin lehiatzen dena.

Horrekin batera, nabaritu du kirolak berak ere eboluzioa izan duela. Alegia, lehen pausoak ematen hasi zenean, boxeoa askoz fisikoagoa zen, indarrean eta erresistentzian oinarrituagoa. Orain, aldiz, kirolariak askoz prestatuago ikusten ditu eta borrokak teknikoagoak dira, boxeo estilo «politago» bat.

Herritarrek kontaktuzko kirolen inguruan izan ditzaketen aurreiritziez galdetu diogunean, ulertzen du askok kirol «biolentotzat» jotzea, lehiakideen artean dagoen kontaktu mailari erreparatuta hala delako, baina errealitatea bestelakoa dela argitzen du jarraian: «Futbolean edo beste kirol batzuetan jarrera biolentoagoak ikusten dira. Boxeolarien artean dagoen errespetua ez da beste jarduera batzuetan ikusten».

Bestalde, kirolean ere beste aldarrikapen batzuetarako lekua badagoela pentsatzen duen horietakoa da Larrinaga. Hain zuzen, sare sozialetan oihartzun handia izan zuen argazki bati buruz galdetzen diogunean –borrokaldi bat irabazita, «Libre» zioen kamiseta laranja soinean zuela atera zen ringera–, azaltzen digu bere aburuz kirola beste aldarrikapen batzuetarako bozgorailu ere izan daitekeela. Larrinagak ulertzen du maila altuko kirolariek presio handia dutela zentzu horretan, baina historiarako gelditu diren irudiak ere ikusi izan ditugula nabarmendu du, adibide gisa Iribarrek eta Kortabarriak artean debekatua zegoen ikurriña Atotxan atera zuteneko aldi hura aipatuta.

Kirolarekin lotura hain zuzena ez duten gaiak jorratzen hasita ezin genuen aukera pasatzen utzi, eta Zientzia Politikoetako ikaslea dela jakinik, bere ikuspuntua jakin nahi izan dugu. «Non jaso eta ematen dira ‘ostia’ gehiago? Ring batean ala egungo agertoki politikoan?», galdetu diogu, eta barrea izan du lehen erantzuna. «Garai hauetan –azaltzen digu–, askoz gehiago medioetan eta panorama politikoan. Boxeoan horretarako igotzen gara ring batera, baina kalean egunero ‘ostia’ nahikotxo ikusten ari gara, egoera ez delako batere samurra: krisia, etxe kaleratzeak, atxiloketak, langabezia...».

Indar politiko berrien agerpena begi onekin ikusten du Larrinagak, batez ere Estatu mailan «haize freskoa» ekar lezaketelako. Hala ere, esan digu pasa berri diren hauteskundeek erakutsi dutela –bera EH Bilduko zerrendako kide izan da Getxon– jendeari irudi lezakeena baino gehiago kostatzen zaiola aldaketa politikoaren alde egitea. Hautetsontzietera jotzen denean, kalean ematen duena baino jarrera kontserbadoreagoa hartzen dute herritarrek, nonbait.

Eta nola ikusten du etorkizuna Larrinagak? Jada 60 borrokaldi baino gehiago egin ditu eta laster amateur mailatik profesionaletarako jauzia egiteko asmotan da. Badaki bidea ez dela erraza izango, hemen oso zaila delako boxeoaz bizitzea. Baina horrek ez dio axola, eta aitorpen argi horrekin eman dio amaiera elkarrizketari: «Gustatuko litzaidake boxeoan segitzea, baina ez da nire asmoa horretaz bizitzea. Boxeoaz bizi banaiteke, ondo, baina pozik bizi naiz boxeoa nire bizitzan egotearekin» •