Beñat Zaldua

Herri batek duen hoberena, plaza publikora

Hamaika aldiz errepikatu dugu dagoeneko irailaren 27an Katalunian egingo diren hauteskundeak ohiz kanpokoak izango direla. Argi uzteko, “plebiszitario” abizena jarri diete, hauteskundeak debekatutako erreferendumaren ordezkoak izango direla azpimarratzeko. Salbuespen izaera horrekin bat egiten dute, horrenbestez, eratzen ari diren hautagaitzek. Nabarmena da Junts pel Sí hautagaitzaren kasua, non CDC eta ERCko politikariek lehenengo postuak utzi dizkieten gizarteko pertsona ezagunei. Baina CUPek osatutako zerrendan ere nabaria da alderditik kanpoko izen ezagunak erakartzeko ahalegina. Baita Podemos eta ICV-EUiAk osatutako Catalunya Sí que es Pot koalizioan ere. Hala gauzak, udazkenean eratuko den Parlamentuak ohiz kanpoko itxura izango du, ez bakarrik independentzia prozesuaren azken fasea abian jartzeko agindua izango duelako, baita osatuko duten pertsona askoren profila ezohikoa delako ere.

Esan beharra dago egungo legebiltzar katalanaren maila, hots, parlamentarien maila, orokorrean, nahiko altua dela. Gehienbat ondoko parlamentuekin alderatuz gero, Espainiako Kongresua kasu. Mas presidentearen gaitasun dialektikoa dudaz kanpo dago dagoeneko, normalean aurrean daukan aurkariaren mailara egokitzen den arren. PP eta Ciutadansen ordezkariekin dituen hika-miketan Masek lokatzetan sartzeko joera dauka, demagogia eta edozein tranpa erretoriko erabiliz. Baina aurrean beste aurkari batzuk dituenean, ERCko Oriol Junqueras, PSCko Miquel Iceta edo CUPeko David Fernandez adibidez, eztabaidaren maila igotzen da. Ez da bakarrik adostasun maila handiagoa delako (Icetaren kasuan urrun daude oraintxe bertan bien iritziak), baizik eta aurkariaren mailak norberaren maila baldintzatzen duelako. Azken legealdian Iceta eta Masen arteko eztabaida batzuen maila bikaina izan da, baita Fernandez eta presidentearen arteko batzuena ere. Antipoda ideologikoetan egonda ere, azaroaren 9ko kontsulta bukatzean Fernandezek eta Masek elkarri eman zioten besarkada da, azken finean, bien kategoria politikoaren isla nabariena. Kontuz, beraz, aukeratzen diren aurkariekin, haiek finkatzen baitituzte hein handi batean norberaren diskurtsoaren mugak. Kanti egozten zaio, ez dakit arrazoiarekin edo ez, ergelekin ez eztabaidatzeko gomendioa, gerta daitekeelako jendeak diferentzia ez sumatzea.

Eta aurkariaren mailak norberarena baldintzatzen duen bezala, eztabaidaren gaiak ere baldintzatzen du eztabaidaren kalitate orokorra. Izan ere, norabide bikoitzeko bidea da kaskartasunarena: eztabaidagai pobre batek hizlari hoberena ergel bihur dezake, hizlari pobre batek eztabaidagai inportanteena hutsal bihur dezakeen hein berean. Erronkak ongi aukeratzea ezinbestekoa da, beraz, eztabaida politikoaren maila igotzeko, txikikeriek eztabaida txikiak baino ezin dituztelako sortu.

Erronkaren tamainako Parlamentua

Katalunian ederki ulertu dute ideia alderdi eta koalizio gehienek. Etorkizuna daukate jokoan eta daukaten hoberena jarri dute mahai gainean. Junts pel Sí hautagaitzaren adibidea nabaria da: Lluis Llachen konpromiso luzea, Muriel Casalsen perspektiba historikoa, Pep Guardiolaren nazioarteko proiekzioa, Germa Belen ezagutza akademikoa edo Montserrat Palauren genero diskurtsoa eztabaidaren kalitatearen berme izango dira. Berdina CUPen kasuan. Euskal Herrian oraindik oso ezagunak izan ez arren, gogoratzeko uneak utziko dituzte Antonio Bañosen erraztasun komunikatiboak, Gabriela Serraren konpromiso historikoak, Anna Gabrielen aktibismo menderaezinak, Mireia Vehik mugimendu sozialekin duen konexioak, Josep Manel Busquetaren ezagutza ekonomikoak eta Benet Salellasek giza eskubideekin duen konpromisoak. Independentismotik kanpo, Catalunya Sí que es Pot-eko buruek, Lluis Rabell eta Angels Martinez, bizitza oso bateko militantzia daukate abal gisa. Inork ez daki nola bukatuko den auzi katalana, baina datorren legealdiak politika duinduko duela dudatik kanpo dago. •