Iratxe Urizar

Cizre eta erresistentziaren sustraiak

Noizbait idatzi izan dut kalean lana egiteko aukera beti dagoela, edozein izanda ere ogibidea. Abokatuok ere, epaitegi eta auzitegiak alde batera utzita, oso lan baliotsua egin dezakegu edo egin beharko genuke, beharrezkoa den tokietan. Italiar abokatu demokraten elkarteak urteak daramatza beste elkarteentzako eredugarriak diren ekimenak burutzen. Arazoak egon daitezkeela iruditzen zaien edozein herri mobilizaziotan, dela G8koen goi bilera, dela atxiloketa batzuen kontrakoa, han da Legal Team delakoa, euren besoko deigarriekin. Ez dute soilik abokatu asistentzia bermatzen, egon daitezkeen gehiegikerien lekuko izatea ere bilatzen dute. Egia da askotan beraiek direla errepresioaren jomuga, baina hori ez da beharrezkoa den gorputzez gorputzeko lanarentzako oztopo.

Italiar elkarte horrek argitaratu berri du burutu duten azken ekimena. Komunikabideek ondo jaso zuten moduan, hilaren 4an (11 arte luzatua, eta ondoren 11tik 15era berrezarria), Sirnak probintziako gobernadoreak larrialdi egoera ezarri zuen Cizre hirian. 120.000ko biztanleria (Donostiaren antzera) duen muga hiria da: Turkian, baina Siriaren eta Iraken mugetan kokatuta: argindarra eta ura moztu zituen, hala nola Internet konexioa eta kanpoaldearekin edozein kontaktu debekatuta gelditu zen.

Horiek horrela, 200 abokatuk baino gehiagok osatutako martxa antolatu zen; gehienak ÇHD elkarte turkiarrekoak eta ÖHD elkarte kurdukoak ziren, baina beste herrialde batzuetakoak ere bazeuden, nazioarteko abokatu elkarteak babestuta eta HDP alderdi politikoko Selattin Demirtasek lagunduta, begiraletza lanak egiteko asmoz abiatu ziren. Irailaren 10ean, polizia kontrolak ekiditeko landan zehar 30 kilometro egin eta gero, poliziak gelditu egin zituen. Hainbat negoziazioren ostean, gobernadoreak larrialdi egoera altxatzea erabaki zuen (nahiz eta gero berriro ezarri zuen). Abokatuak izan ziren heltzen lehenak eta gerra eszenario baten lekuko izan ziren. Bizitzeko oinarrizkoaren faltan, hainbat bizilagunek ez zuten beren etxeetatik ateratzeko debekua obeditu eta hil arte tirokatu zituzten. Beste hainbat asistentzia faltagatik hil ziren, anbulantziek ere inora joateko debekua baitzuten.

Salaketak ugariak izan dira eta abokatuen lekukotzak ziurrenik ikerketa irekitzen lagunduko du. Baina hortik harago, esan beharra dago hau herri kurduaren kontrako beste eraso anker bat izan dela. Mundua EI Estatu Islamikoaren kontrako borrokan herri kurduaren balentriaz, are zehatzago emakume kurduen balentriaz, txundituta agertzen zen bitartean, Turkiako Lehen ministroa den Tayyip Erdoganek behin eta berriro bidaltzen zuen bere ejerzitoa euren kontra. Izan ere, gatazka luze hau bere garai gordinetara bueltatu da: konponbidera eraman zezaketen negoziazioak bertan behera utzi ditu, eta terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiapean behin eta berriro kolpatzen du herri kurdua. Izan ere, bere enperadore-asmoen oztopo dira, nahiz eta berak beste zerbaitez mozorrotu nahi, Europako iritziaren aurrean bereziki.

Errefuxiatuen krisiari buruz ari garen honetan, berezko eta beharrezko herritarren elkartasun keinuak maila asistentzialista hutsean geratzen dira maiz. Hala ere, eta gatazkaren sustraira ez bagoaz, errefuxiatu horiek zergatik alde egiten duten aztertu gabe, ihes egitera kondenatuta dauden herriek existitzen jarraituko dute. Azalean geratu gabe sakonera joan beharra dago, nabaria denaz (hau da, ez badoaz, hil egingo direla) harago. Europak gai honetan esku hartu beharra dauka (eta Europa diot eta ez Espainia, jakin badakigulako azken hau ez dela gatazkaren erroetara joan zalea). Ez da kuota edo zenbaki arazoa, erantzuna ez da jada eskuak igurzten ari den arma industria bat elikatuko duen eraso bat antolatzea. Gatazkaren muinera joatea da egin beharrekoa, eta ez hori bakarrik, gatazka horien gaineko erantzukizuna hartu beharra dago. Garrantzitsua da kaleko lana, ogibidea zeinahi dela. Guztion kaleko lana, gatazken muina kaleratzen laguntzeko, eta etxera begiratuta gogoratu dezagun gurean ere etxetik falta diren asko badirela, ihesean. Andoniren kasuan bezala, inoiz etxera bueltatu ezin izan zirenak. •