Maider Eizmendi
infraganti

ENEKO GARMENDIA

Haurrentzat prestatzen diren jokoetan ohikoa da lokotx-biltzea; jolasetik harago, helduentzako txapelketak ere antolatzen dira eta horietan ezagun da jada Eneko Garmendia baliarraindarra. Gipuzkoako Txapelketako txapela zazpigarrenez jantzi zuen iragan astean eta, gaur, Euskal Herrialdeen Arteko Herri Kirol Txapelketan izango da.

Elizondon gaur arratsaldean egingo den Euskal Herrialdeen Arteko Herri Kirol Txapelketan parte hartuko du, joan den astean irabazi zuen Gipuzkoako Lokotx-biltze Txapelketak horretarako pasea eman diolako. Indartsu ikusten du bere burua Eneko Garmendiak, «sasoiko», baina lan honetan ezer ikasi badu, pausoz pauso, lokotxez lokotx, bidea egiteak duen garrantzia da.

Lagun batek botatako hordagoak jarri zuen Baliarraingo gaztea lokotx-biltze lanetan orain ia hamar urte. «Aurretik esana zidan; baina herriko jaiak amaitu eta txukuntze lanetan genbiltzala lokotxak jarri zizkidan eta hala egin nuen lehen proba», gogoratu du Garmendiak. Jaiaren ajeak oraindik ere agerikoak izanagatik, marka ona egin zuela iruditu eta lagunak Gipuzkoako txapelketan parte hartzera animatu zuen.

2006an izan zen hori eta hurrengo urtean Baliarrainek hartu zuen Gipuzkoako Txapelketa. «Herriek eskatzen dute txapelketa bertan egitea eta jaien baitan antolatu zen hura», kontatu du. Lehen parte hartzean txapela jarri zuen baliarraindarrak eta, bidea abiatuta, orduz geroztik beste sei jantzi ditu. Gipuzkoakoen ondoan jarrita ditu Euskal Herriko txapelketetan eta Euskal Herrialdeen Arteko Herri Kirol Txapelketan lortutakoak.

Haur jolas soila dirudien arren, parean jarritako 50 lokotxak biltzeak abilidade zenbait izatea eskatzen du. Azkartasuna, noski, lehiaren funtsa parean jarritako lokotxak aurkariak baino azkarrago biltzea delako. «Azkar ibili beharra dago, ahalik eta azkarren, baina behin eta berriz errepikatzen diren erritmo aldaketak eta arnasketa kontrolpean izanda», zehaztu du.

Joan den larunbatean Donostiako Trinitate plazan egin zen saioan sei minutu eta 30 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, eta denbora tarte horretan etenik gabe egin zuen korrika alde batetik bestera. «Ohitzen joaten zara, jakina, baina entrenamendu espezifikoak egiten ditudanean, oraindik ere saioa amaitzen dudanean, hustuta amaitzen dut erabat eta eztarrian erredura sentitzen jarraitzen dut», aitortu du.

Urtean zehar korrika aritzen da eta txapelketen atariko bi hilabeteetan ekiten dio berariazko entrenamenduak egiteari. Horretarako, frontoian eta lehian jaso behar dituen lokotx guztiak ilaran jarrita aritzen da. «Frontoiaren ate ondoan jartzen dut saskia eta frontisean azken ilara... bertigoa ere ematen du hasi aurretik», kontatu du barrez.

Ausardia kontua ere bai

Itsu-itsuan korrika egitea baino zerbait gehiago da. Entrenamenduetan saskiratzeko teknikak ere lantzen ditu, punteria fintzea ere beharrezkoa delako marka onak egiteko. Lokotxak behar bezala saskiratzeak zenbait segundo irabaztea dakar. «Hartu nahi duzun arriskuaren araberakoa da; batzuetan komenigarria izaten da ziurtasun handiagoarekin ibiltzea lokotxa kanpora botatzeak denbora asko galtzea suposa dezakeelako; nik normalean hirugarren lerrotik jaurtitzen ditut, baina, diodan bezala, hori aurkariaren araberakoa ere bada», azaldu du.

Eta hasi nondik? Lehenengotik edo azkenengotik? «Nik oraindik lehen-lehena atzekoa hartzen dut. Hasi nintzenean atzetik aurrera segidan biltzen nituen denak, ilararen ordena jarraituz. Aurrerago konturatu nintzen konbinatzea egokiago zela, modu honetan arnasa kontrolatzeko aukera ematen duelako. Hala, atzetik lehen hogei lerroak jasotzen ditut lehenik; ondoren, aurreko lehen sei ilarak batzen ditut, eta gero berriz ere indartuta itzultzen naiz urrunen daudenak biltzera», aipatu du. Guztiek ez dute ordena bera baliatzen, bakoitzak bere «teknika» dauka eta horrek aurkariaren martxa jarraitzea zailtzen du. Zorionez, baditu txapelketaz txapelketa laguntzen dioten lagun eta herritarrak eta horiek dira aurkariaren martxa edota hutsak jakinarazten dizkiotenak. «Nork bere lanean zentratu behar du, baina ezinbestean jarraitu behar duzu aurkariaren lana, zeharka bada ere».

Txapelketetan jende berdintsua ibiltzen da eta, hori dela-eta, ez da sorpresarako tarte handirik izaten. Aurkariaren indargune eta ahulguneak ondo ezagutzen dituzte. Gaurkoan, nafarrei begiratuko die zeharka Garmendiak eta haren indarrak neurtuko dituzte, halaber, bertaratzen diren lagunek.

Ez dio bere buruari eperik jarri, gorputzak uzten dion bitartean jarraituko du lokotx-biltzean lehiatzen, entrenamenduak osatzea eta txapelketetan parte hartzea ez duelako «sakrifizio» gisara bizi.

Testigua hartuko dion jende asko ere ez dago. Ildo horretan, ezjakintasuna da, Garmendiaren esanetan, lokotx-biltzearen arerio nagusia. «Jendeak ez daki txapelketak egiten direnik ere; haurrei entretenitzeko jartzen zaien jokoa den ustea dago eta herri kirolen baitan ere ez dago oso aurrean kokatuta».

Erakustaldietan ere gehienetan ez zaio lokotx-biltzeari tarterik egiten; egin izan dituzte, baina ez da ohikoena. Gaztetxorik apenas entrenatzen dela aipatu du, nahiz eta gaztetxoak izan, joko moduan behintzat, lokotx-biltzean gehien aritzen direnak. «Nik herrian gaztetxoak izaten ditut alboan; nire entrenamenduak ikustera etortzen dira eta amaitutakoan lokotx batzuk jarri izan dizkiet proba egin dezaten; asko gustatzen zaie, baina entrenatzen eta txapelketan hastea desberdina izaten da». Gainera, bere esanetan, jende gehienak ez daki lehiatzeko Herri Kirol Federazioan izena ematea nahikoa dela, baina hori egitea ezinbestekoa da.

Garmendiak beste modalitate batzuk ere probatu ditu, herriko jaien aitzakian trontzan ere aritua baita, baina egun lokotx-biltze saioak aurretik ere pasio zuen futbolarekin partekatzen ditu. Gustura aritzen da bakarka entrenatzen, baina taldean kirol egitearen abantailak handiak direla dio. «Asko lotzen zaitu taldean aritzeak, baina hori txarra bezain ona da», aitortu du, bakarka edota taldean, «gustura» aritzearen garrantzia nabarmenduta. •