Mirari Martiarena

«Amapola morea»

Itzuliko ginela hitzeman genuen. Kurtso berrian izango zutela gure entzuleek “Amapola Morea” irratsaioaz gozatzen jarraitzeko aukera. Antxeta eta Oiartzun irratietan izango ginela ostegun iluntzeetan hamabostero. Baina, hitza jan beharrean gara Aitziber Zapirainek eta biok aurtengo ikasturtean ez baitugu saiorik egingo. Eta ez, ez da «amapola moreen» falta dugulako.

Aurtengoa arnasaldia da, bi ikasturtetan oso gustura aritu gara elkarrizketak eginez (lagun batek esaten duen moduan, sorginen laratzak). Baina, azkenerako, laratzaren bueltan egoteko denbora gutxi genuen. Lana, bilerak eta gainontzeko guztia ezin uztartu. Agenda sinkronizatu nahiak ematen zizkigun buruhausterik handienak. 38 gonbidatu izan dira gure galderak erantzuten. 38 emakume, 38 sorgin, 38 amapola more. Guztiengandik ikasi dugu zerbait, guztiek landatu dute euren hazitxoa gugan eta guztiak, den-denak asko maite ditugu. Barre egin dugu, hunkitu egin gara eta ingelesezko abestien izenburuetan argi geratu da dezente hobetu behar dudala ahoskera.

Bi irratiren arteko elkarlana baino gehiago da “Amapola Morea”. Emakumeek komunikabideetan duten lekuaren gaineko hausnarketatik abiatu ginen Aitziber eta biok. Galderak egiteko estilo desberdinak ditugu, batek luzean, besteak motzean. Elkarren osagarriak. Bizitzan bezala. Ordubeteko hamabosteroko elkarrizketetatik harago doa gure harremana. Saioak berak eman dizkigu infusio tertuliak, mendi bueltak, konplizitatez beteriko momentuak eta horri ezin zaio lana deitu. Horri plazera deitzen zaio. “Amapola Morea” egin ez arren, badakit Aitziber hor egongo dela eta berak ere badaki ni non nagoen. Bi ikasturteotan izan ditugun gorabeherak handiegiak izan dira guztia hemen bukatzeko.

Ez dakit “Amapola Morea” itzuliko den, eta itzultzen bada ere, noiz eta nola esaten ez nuke jakingo. Asko ikasi eta gozatu dut elkarrizketak prestatzen eta egiten. Esker hitzak besterik ez ditut. Eskerrik asko amapola more guztiei, eskerrik asko Aitziber eta, nola ez, eskerrik asko zuri entzule. •