Joxean Agirre

«La rentrée»

Bizitzan hartu ditudan erabaki garrantzitsu bakanak ikasturte hasieran, irail-urrian, hartu izan ditut. Aurten eBook on bat erostera noa. Norbaiti huskeria irudituko zaio, baina badu mamia. Lakuak martxan jarri duen eLiburutegian 12.000 izenburu daude. Bestalde, Amazonetik erosten ditudan paperezko liburuen ordez kindleak erosiko banitu (ez dakit bateragarriak diren, hori da bestea), hilean pare bat afari egiteko dirua aurreratuko nuke. Gainera, etxeko egongelan horma osoa hartzen duen liburutegia garbitzen has naiteke eta nire aspaldiko amets bat gauzatu: oso kutunak ditudan hamabost bat idazle utzi, hogei gehienez, txukun-txukun, oraingo anabasaren ordez, eta gauero ohera joan aurretik mirespen begiratu bat botako nieke eta, inor zelatan ez badut, laztan furtiboren bat eman diezaioket libururen bati.

Hori gutxi ez dela, liburu-dendetara egiten ditudan bisitak saihestuko nituzke, joaten naizen bakoitzean han apaletan mukuru dauden liburuei begira izerdi larria ateratzen baitzait eta neure buruari galdetzen baitiot «zertan ari haiz egunero orduak idazten ematen, zer behar zagok?».

Gabriel Zaidek “Los demasiados libros”-en dio horrelako liburu-denda batean 30.000 liburu egon daitezkeela eta hori ez dela salgai dagoenaren %1 baizik. Itsaso horretan euskal liburuak galduta daude. Behin Bolañori elkarrizketa batean Latinoamerikako literaturaren geroaz galdetu zioten eta zubi batetik begira jarri eta hogeita hamar buru ikusten zituela igerian erantzun zuen, baina horietatik bizpahiru izan ezik beste guztiak itoko zirela. Euskal idazle arrunt batek badaki itsaso horretan ez duela salbatzeko aukerarik. Beraz, aurrerantzean ez dut liburu-denda batera sartu eta itomen edo txikitasun sentipen hori pairatu beharrik izango.

Bits asko dago liburuen inguruan, baina diru gutxi. Negozio editoriala gainbehera doa. Abuztutik urrira 600 nobela berri atera dira frantsesez; asko, baina iaz baino %3 gutxiago. Gurean uzta ona dela diote, baina marketina falta zaigu. Parisen azken bi asteotan aukeratu dituzte Goncourt, Renaudot, Femina eta Medicis sarietarako zerrendak eta azaroaren erdira arte ibiliko dira, gurean Bertsolari Txapelketarekin bezala, final-laurdenak eta finalerdiak egiten, gurean sarietako finalistak ere ezkutuan gordetzen ditugun bitartean. Sarien kontra zerbait larria dugu nonbait. Eskerrak gure poetak gutxienez onak diren performanceak, irakurketak, errezitaldi eta ekitaldi musikatuak antolatzen.

Salmentak ere behera doaz eta ez da harritzekoa idazle batzuk bide berrien bila hastea. Orain dela gutxi Stephen Zagdanski idazle frantsesak bere erabakiaren berri eman du: aurrerantzean eleberri bakunak, ale bakarrekoak, egingo ditu erakusketa aretoetan jartzeko. Ari da lehena idazten emakume biluzien gainean. Joño!, esan eta Internetera jo nuen irudirik ba ote zuen begiratzera eta emakume baten argazkiak aurkitu nituen, beti emakume bera, gainean esaldiak zituela. Gajoa!, pentsatu nuen, bere emaztea izan zitekeela susmatuz, ederra dauka gizon honekin. Burutik pasatu zait horrelako zerbait egin ote nezakeen, baina non aurkitu behar dut nik eroapen hori duen emakume bat nire inguruan. •