Amaia Nausia Pimoulier

Memoria, gure bigarren etxea

Goizero etxetik atera, txirrindula hartu eta Nafarroako Artxibo Orokorrerako bidea hartzen nuen. Lau urtez, egunero, astelehenetik ostiralera, goizeko 9etarako han egoteko proposamena egiten nion neure buruari. Gero errealitateak erlojua ordubete beranduago kokatzen zuen. Eguna azkar pasatzen zitzaidan XVI. eta XVII. mendeetako auziak irakurtzen. Nafarrak tematiak omen gara, eta ni han egoten nintzen buru-belarri, mende horietako alargunen historiak irakurtzen, haien pentsamenduak eta bizitzeko moduak aztertzen. Gustuko nuena egiten nuen egunero eta horrekin pozik sentitzen nintzen.

Kanpotik ikusita erotzat joko ninduke edozeinek; nire mahaian eserita, kaskoekin musika entzuten, irakurtzen nuenaren arabera batzuetan barrez eta bestetan negarrez, portatilean haien testigantzak transkribitzen nituen bitartean. Tesia egiteko lana, ikerketa mundua orokorrean, nahiko bakartia da; hala ere, 400 urte baino gehiago hilda zeramaten emakumeen hitzez inguratuta ni ez nintzen bakarrik sentitzen, etxean sentitzen nintzen.

Etxea ez da soilik gizakia bizitzeko prestatzen den edozein eraikuntza. Etxea espazio fisiko batetik harago doa eta gure memoriarekin hornitzen dugu. Gure oroimen maitatu, mingarri, pozgarri eta sinbolikoak altzairu bilakatzen dira eta horiekin guztiekin gure nortasuna eraikitzen dugu. Hazi garen etxeari agur esan gabe bizitzan beste etxe mota asko eraikitzen ditugu; gurasoen etxea utzi eta ikaslagunekin partekatzen dugun lehenengo etxea, bikotearekin abiatzen duguna, kuadrillarekin elkartzen garen taberna ere etxe bat bilakatu daiteke, eta, historialariontzat, memoria da gure bigarren etxea.

Askotan entzunagatik memoriaren berreskuratzea gizarte osasuntsu bat eraikitzeko funtsezkoa dela esateak ez du bere garrantzia galtzen. Herri baten nortasuna memoria kolektiboak eskaintzen dizkion zutabeei esker mantentzen da zutik. Horregatik hilabete hasieran jaso genuen berriak asko poztu beharko gintuzke; askok etxe propioa balitz bezala sentitu izan dugun horrek bere ate birtualak irekiko ditu. Hemendik aurrera Nafarroako Artxibo Orokorreko XVI. mendeko auzien fitxak Interneten bidez kontsultatu ahal izanen dira. Hurrengo urteetan, XVII, XVIII, XIX eta XX. mendeetako fitxak ere argitaratuko dira. Noski, jakintasunaren demokratizazioaren alde ematen diren pauso guztiak zoriontzekoak dira, baina irekiera honen garrantzia handiagoa delakoan nago.

Nortasun indibidualak zein kolektiboak handitasunean desagertzeko arriskua duen mundu globalizatu honetan, memoria tinko atxiki beharreko aingura gisa agertzen zaigu, eta horregatik, Nafarroako Artxibo Orokorra bezalako altxorra zaintzea funtsezkoa da. Urteetan, krisiaren aitzakia dela medio, eta beste kultur arlotan gertatu izan den bezala, Nafarroako Gobernuaren aldetik Artxiboak murrizketa amaiezinak jasan izan ditu. Krisia aitzakia bezala bai, jakin badakigu kulturaren murrizketak ez duela inoiz asmo inuzenterik eduki. Ezjakintasuna herria menderatzeko arma ezin hobea da. Jose Marti pentsalari kubatarrak esaten zuen bezala, «jantzia den herria soilik izan daiteke askea».

Iragana ez ezagutzeak geldiarazi egiten gaitu, etorkizunak ekarriko digunari aurre egiteko baliabiderik gabe uzten gaituelako. Memoriak baliabideak ematen dizkigu, orainaldiari aurre egiteko bitartekoak, aske izateko tresnak. Horregatik gure iturri historikoak hemendik aurrera eskuragarriagoak izanen direla jakiteak egunero txirrindula hartu eta Artxiborako bidea hartzen nuen egun horietan sentitzen nuen poztasuna dakarkit. •