Saioa Iraola

Boterea eskura

Kataluniako prozesu soberanista iritsi da jokaleku berrira, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko ahaleginean bide luzea egin eta gero: prozesuarekin jarraitzeko aski babes jaso dute independentistek, baina ez nahi adina. Beste negoziazio aldi bat hasiko da orain. Euskal Herrian, Gure Esku Dago dinamikak hausnarketa prozesua iragarri berri du, «zer, noiz eta nola erabaki» adosteko; bake prozesua «une erabakigarrian» dela adierazi dute Nazioarteko Harreman Taldeko kideek; EAJk, aldiz, autogobernuan adostasunari aukera ematen jarraitzen du EAErako estatus politiko berria lortzeko sistema hitzartuan sinetsiz; eta EH Bilduk, bestalde, galdeketak egingo dituela iragarri du.

Afera bizi-bizi dago. Herriaren burujabetza prozesua erabakitzeko ahalmenarekin estuki lotuta dago, etorkizun politikoa erabakitzeko ahalmen politikoa lortzearekin, alegia. Boterea, hortaz, bada gure gorputzetatik “kanpoko” erabakitzeko ahalmena izatea, nahiz eta hori bakarrik ez den. Eta botere hori egituratzeko zapalkuntza sistemak (zuzenekoa edo ez-zuzenekoa izan liteke) baliatzen dira, eta hiru eragin-gune nagusi ditu guretzat, feministontzat: etxea-familia, intimoa (emozioak, autoestimua, nork bere buruarekin duen harremana, obedientzia, kastiguaren izua) eta estatua-publikoa (legeak, ideologia, morala, eskolak, eliza, errekurtso ekonomikoak, hizkuntza...).

Horrenbestez, Euskal Herriaren burujabetza prozesuan etengabeko soka-tiran gabiltza botere jabetzaren alde, boterea eskuratzeak ahalmena, indarra, aukera eskaintzen baitigu aldaketarako. Baina zein da euskal herritar gisa lortu nahi dugun boterea? Zer da guretzat boterea eskuratzea? Zertarako nahi eta behar dugu boterea? Herriaren botere-hartze prozesuan, ezinbestekotzat ikusten ditut eragin-gune desberdinak kontuan hartzea, botere-hartzea prozesu bat dela onartzea eta “kanpoari zein barruari” eragiten diola aitortzea, boteretze-ahalduntze kolektibo bat abiarazi edota indartuko badugu behintzat Euskal Herrian.

Gutxiagotzen duen boterea edo gehitzen duen boterea (horizontala, herritarra, kolektiboa, komunala) izan liteke guk aldarrikatzen dugun botere-hartzea. Dominazioaren eta subordinazioaren araberako gain-botereari iskin egin eta botere harremanak eraldatuko dituen indar kolektibo bat erdiesteko oinarri bateratu bat lortzea izan genezake apustu: boterea norekin, boterea norentzat eta boterea nondik adostuta. •