Juantxo EGAÑA

Imoztarra baino mantsoagoa zara

Jesus ELOSEGUI (ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA)
Jesus ELOSEGUI (ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA)

Joan den mendeko 20ko hamarkadan zabaldu zuten Imotz bailara eta Iruñea arteko errepidea, eta errepidea zabaltzearekin bat sortu zen Imoztarra autobus konpainia. Ollakarizketako Benta Berriko gaskuetarrek sortu zuten konpainia, eta, jendea eramateaz gain, bestelako tratuak ere egiten zituzten. Bailarako herrietan esnea erosi eta gero Iruñean saltzen zuten adibidez. Ogia ere egiten zuten, autobusa pasatzen zen herrietan saltzeko. Autobusa oso goiz ateratzen zen Etxalekutik eta bailarako herri askotatik pasatzen zen Iruñera iritsi arte. Etxaleku eta Iruñea arteko 30 kilometroak egiteko hiru ordu behar zituen autobusak, bai oso zaharra zelako bai gidariek bidean topatzen zituzten ostatu guztietan geldialdia egiteko ohitura zutelako. Arratsaldean Iruñetik Etxalekurako bidea egiten zuen berriro. Iruñean zabalduta zegoen esaerak honela zioen: «Imoztarra baino mantsoagoa zara».