Ander Gortazar Balerdi - @derzu_uzala
Arkitektoa

Kale espazioa

Tabakalera, goizeko hamaikak puntuan. Euria ari du eta dozena bat lagun bildu gara donostiarron jostailu berria bertatik bertara ezagutzeko. Urtebetetze oparia irekitzear den haurraren moduan sentitzen gara, bizikleta modernoa ala azkura ematen duen artilezko jertsea, bietako zein jasoko dugun oso argi ez dugula. Formak bizikleta iradokitzen du, giroak jertsea.

Ikusmina eta eszeptizismoa, berdinketa markagailuan. Urduritasun puntu bat igartzen da eta ez da gutxiagorako, guztion lehen aldia da, bai eta askoren azkena ere seguruenik.

Hasi dira hizketan gidari lanak egiten dituzten bi gazteak. Elkar txandakatuz, esan nahi baita. Eraikinaren azalera futbol zelai unitatetan eman ondoren eta “sinergia” eta “ekosistema” hitzak bizpahiru aldiz errepikatu ostean, non gauden azaldu digu bi gidarietatik lehenengoak. Lobbyan edo sarreran geundela uste nuen, baina ez: “kale espazio” estalian gaude. «Kale espazioa –azaldu digu bigarren gidak segurantzia inbidiagarriz– kanpoko espazio publikoaren hedapen bat da, baina eraikin barruan»; hau da, kalean egin badezakegu, baita Tabakalerako lau pareta horien barruan ere. «Adibidez, ba zerbait bazkaldu».

Nire buruari zuzendu natzaio bi hari mutur lotu dituen detektibearen pozez: «POPS bat!». Nire golkorako esan dut ez dudalako nahikoa konplizitaterik espero beste bisitariengandik. POPS akronimo ingeles bat da (Privately Owned Public Space), eta ingelesei ez bezala, euskaldunoi ez zaizkigu hain eleganteak ateratzen akronimoak: JPEP, Jabetza Pribatudun Espazio Publikoa. Tabakalerako kale espazioak, instituzio publikoek kudeatua izanagatik, arrisku bera du.

JPEPek duten arazo nagusia da publikoak diruditela baina ez direla, eta lausotu egiten dela egin ezin daitekeenaren eta egin daitekeenaren arteko muga, lehenengoaren mesedetan betiere. Beiruteko plaza ustez publiko batean gertatutakoa datorkit burura, literalki ezer ez egiteagatik kaleratu –esateko modu bat da, kalean nengoen eta– nindutenekoa.

Eskaileretan gora goazela eskaileraren nondik norakoez ari dira gidak, eraikinaren «eraikin zaharraren», zuzenketa nire golkorako elementu nagusia dela eta abar, baina nire zalantzek arreta galarazten didate: kale espazioan etxetik eramandako urdaiazpiko ogitartekoa jan dezaket ondoko parkean erositako Coca-Cola edaten dudan bitartean? Eskean aritzea posible da kale espazioan? Kontzentrazio bat, manifestazio bat, protesta bat? Pentsatu eta esaten ez diren gauzak. Ez naiz galdetzera ausartu, gazteegia naiz agure erretxinaren papera (publikoki) jokatzeko eta zaharregia haur sasijakintsu lotsagabea izateko.

Arrazoi berberarengatik, autozentsura aplikatu eta ez dut “The Guardian” egunkariko artikulu hartan irakurritakoa besteekin partekatzen: (...) «baina espazio bat kontrolatua dagoenean, eta bereziki bertan egin daitezkeen jardueren muga onargarri edo legalak zein diren argi ez dagoenean, gure burua zaindu egiten dugu, gure jokabidea kontrolatu eta gure interakzioak mugatzen ditugu, are gehiago egoera deserosoren bat izan badugu segurtasun langileren batekin».

Gauzak zer diren. Bisitaldi gidatu batera joan eta hiri kapitalista eta espazio publiko garaikidearen problematikari buruz hausnartzen pasa ditut bisitaldiak iraun dituen 30 minutuak. Funtzionatzen du Tabakalerak, bai horixe.

Baina zalantzati nago eta ez dakit nola ulertu behar dudan kale espazioaren zera hori: hiri espazio publikoak berezko duen askatasun eta puntu kaotiko horren aldarrikapena da, ala, kontrara, premonizio gisa ulertu behar dugu, hiri espazio publikoek hartuko duten norabidearen adibide moduan? Izan bedi lehena, arren.

Jatetxea izango den teilatu gaineko bolumenean amaitu dugu bisitaldia –«lo mas bonito, las vistas», fail– eta behera jaitsi naiz, hau da, kale espaziora. Kafe bat hartu dut; ebaki bat, euro bat eta hogeita hamar zentimo. Doako wifia behintzat probestu dut kontu batzuk txiokatzeko eta etxerantz noa. Kalean, kale espazioan ez bezala, euria ari du. •