Atzera begiratu aurrera egiteko
Politikagintza ez da oso ezberdina irakaskuntzatik. Ez litzateke izan behar, behinik behin. Zerbitzu publikoa da, kolektiboaren ongizatea helburu duena, eta pertsonen onurarako antolatzen du bere jarduna. Horregatik, irakaskuntzan bezala, politikagintzari ere eska dakioke osatzea edozein prozesutan ezinbestekoak diren pausuak: lehenik programatu, helburuak finkatu alegia; ondoren, programatutakoa aitzina eraman; eta, azkenik, egindakoa ebaluatu, ezinbestekoa baita jakitea zer egin den txarto, edo ondo, hurrengo programazioa egin aurretik.
Horrexegatik, ez dut ulertzen nola has daitekeen hurrengo hauteskundeetarako prozesua martxan jartzen (hautagaien izenak proposa ditzatela eskatu zaie koalizioko militanteei) aurreko prozesua oraindik burutu gabe badago. Non dago ebaluazioa? Ebaluazioa egitea oinarri-oinarrizko jarduna da egindakoa hobetu nahi bada, edozein eremutan. Programatu zen hartatik zer bete den, zer gelditu den erdibidean, zer ez den abiatu ere egin. Akatsak egon badira, non izan diren, zergatik, eta zerk egin duen huts. Balorazioa egitea eta gertatutakoa aztertzea funtsezkoa bada lantokian, eskolan, bikotekidearekin, lagunartean, nola ez da ba izango politikagintzan ere, zerbitzu publikoa dela kontuan hartuta?
Indar politikoei begira jarrita, zenbait galdera oinarrizko bururatzen zaizkit hurrengo hautagaien izenak botatzen hasi aurretik. Esaterako: nolako emaitzak izan dituzten aurreko hauteskundeetan; zertan egin duten ondo, eta zertan ez; zein izan den herritarrek beren gestioari eman dioten erantzuna, eta zergatik; zein den indar politikoaren eragina herritik kanpoko erakundeetan; zenbateko ahalegina egin behar den etxeko erakundeetan eta zenbatekoa atzerrikoetan (Madril eta Brusela); nork hartzen dituen erabakiak, nola eta zein mekanismoren arabera.
Ezker subiranisten koalizioak parte hartze prozesu bat abiatu du. Beti da positiboa partaidetza bultzatzea, ezbairik gabe, baina bi gauza ez ditut ulertzen. Batetik, non daude balantzeak: non dago aurreko lau urteetan kudeaketan aritu ziren ehunka hautetsien balantze zintzoa; eta non dago, bestetik, hauteskundeetara aurkeztu eta erakundeetako atean geratu diren hautagaien balantzea. Agian balantze hauek guztiak eginda daude eta ez dira publiko egin. Baliteke publiko egin behar ez izatea. Baina militanteei eskatzen bazaie hurrengo hautagaien izenak proposa ditzatela, nekez asma dezakete nor den hautagai aproposa aldez aurretik ez bada baloratzen aurreko hautagaiek egindakoa.
Bestetik, ez dut ulertzen zein arinki erabiltzen diren hitz batzuk: “ahalduntzea”, esaterako. Norbaitek esaten badu pertsona bat, emakumeak edo herritarrak “ahaldundu” nahi dituela, baiki, contraditio in terminis argia ari da adierazten. Norberak du ahalmena buruaskia izateko, eta, beste batek eman behar badio gaitasuna erabakiak har ditzan, orduan meneko bihurtzen du, ematen dion moduan berdin-berdin kendu ahal diolako. Inor ez da nor beste pertsona bat ahalduntzeko. Norberak du ahalduna izateko ahalmena, haatik, buruaskia delako. Ahalduna izateko erabakia ere norberarena da. Inork ezin du erabaki herritarrek edo emakumeek noiz duten ahalmena, noiz ez, zer egiteko eta zer ez egiteko.
Hasierara bueltatuz, balorazioa da gabetsi egiten dudan ariketa. Prozesu berririk ezin da abiatu aurreko prozesuaren ziklo osoa buruturik egon aurretik. Egia da egutegi politikoa kanpotik inposatuta datorrela eta hauteskundeak ez direla deitzen barneko prozesuak eragindakoaren ondorioz, baina norberaren esku dago besteen epeetara makurtzea eta erabakiak arinki hartzea, ala nork bere buruari denbora nahikoa ematea koherentziaz eta zintzotasunez jokatzeko. Arerio politikoak ez dezala irabazi politikagintzan horren garrantzitsua den lehenengo bataila: tempus politikoarena. •



