E. Arruti
infraganti

Mai Egurza

Paper zuritik abiatuta, ametsen mundura joan-etorrian dabil Mai Egurza ilustratzailea azken denboran. Bere lehen lan garrantzitsua argitaratu berri du Zidrou gidoigilearekin elkarlanean: «El paseo de los sueños». Bada, bigarren lan bati ekin dio bikoteak segituan, aurrean aurkitzen dituzten paper zuriak koloreztatu eta bidaia berri bati ekinez.

Mai Egurza. (GAUR8)
Mai Egurza. (GAUR8)

A metsen munduan sartu eta bertatik ateratzeko asmorik gabe dabil Mai Egurza (Irun, 1986) ilustratzailea. Bere lehenengo lan garrantzitsua argitaratu berri du, Zidrou gidoilari belgikarrarekin elkarlanean osatu duen “El paseo de los sueños”. «Beldur askorekin» sartu zen proiektuan, Zidrouren ospeak eta Norma argitaletxearen izenak izututa. Baina onik atera da; are gehiago, gidoilari belgikarra eta biak lan berri baten prestaketa lanetan sartuta dabiltza buru-belarri.

Gasteizen egin zituen ilustratzaile ikasketak Egurzak, eta amaitzean Bartzelonara salto egitea erabaki zuen, bertako Joso eskolan hiru hilabetez ikasten jarraitzeko. Bada, eskoletako lau pareten artean egindako lan-saioez gain, bere kasara ere asko ikasi duela aitortzen du: «Dakidan gehiena neure kabuz ikasi dut». Ikasketak amaitu eta lan munduan sartu aurretik bere jarduna hobetzeko denbora tarte bat hartu zuen: «Joson hiru hilabete egin ostean nire kabuz ibili nintzen nire marrazkien kalitatea hobetu nahian, arinago lan egiten ahalegintzen, teknika ezberdinak probatzen, nire estiloa aurkitu nuen arte. Orduan, argitaletxeei deika hasi nintzen, eta astebeteren ondoren bi lan eskaintza nituen».

Ametsak eta somnanbuluak

Angulemako Komiki Azokan ezagutu zuen Egurzak Zidrou, ilustratzaileak gidoilaria, duela lauzpabost urte. Joso eskolako irakasleekin bertaratu zen azokara Egurza, eta haiek Zidrourekin hitzordua zuten: «Neuk ere bileran amaitu nuen, eta hitzorduaren ostean norberaren marrazkiak elkarri erakusten hasi ginen. Zidrouri egiten nituen gauza batzuk gustatu zitzaizkion». Anguleman eginiko harremanak jarraipena izan zuen urtebetez, elkarrekin garatu asmo zuten proiektu baten inguruan hitz egiten baitzuten; gidoilariak Norma argitaletxearekin argitaratzekoa zen “El paseo de los sueños” proiektua aurkeztu zion arte. «Gidoia aspaldi egina zeukan, eta nire marrazkiez oroitu zen. Horrela hasi ginen», azaldu du.

Liburua Napoleon Cavallo (Nap) eta Linh Yu (Linh)-ren istorioan oinarritzen da. Elkar ezagutzen ez duten bi pertsonaia dira, baina eguna joan eguna etorri Linhen ohean esnatzen da Nap. Erabat ulergaitza den kontu bat da guztientzat, somnanbulua dela ohartzen diren arte. Kutsakorra den somnanbulismo mota bat da, herri erdia, gaua iristearekin batera, etxeetako teilatuetan paseoan jartzen duena. Ohea hainbeste aldiz partekatzeak laguntasun harreman bat sortzen du bien artean eta herrian jazotzen denaren inguruan gehiago jakiteari ekiten diote.

Komikia, «low cost» filma

Txikitatik izan du Egurzak marrazkigintzarako zaletasuna, ilustratzaile izatera iritsi artekoa. Gutxi izango dira ilustrazioak egitetik bizi direnak, baina berak argi zuen behin derrigorrezko ikasketak amaituta zer ikasi nahi zuen: «Ez nuen beste aukerarik ikusten. Txikitatik gustatu izan zait marraztea –jarraitu du–, nahiz eta ez nuen nire ogibidea izango zela pentsatzen. Gustura marrazten nuen, etorkizunaz asko kezkatu gabe».

Betiko edertasun kanonak baztertu eta bestelako figurak sortzeagatik ere egin da ezagun Egurza: «Oso nekatuta nago beti irudi berak ikusteaz. Horiek aniztasun handiagoa izatea interesgarriagoa iruditzen zait». Zentzu horretan, emakume lodiagoak marrazten hasi zela dio, «gustuz, eta badirudi jende askori gustatu zaiola».

Baina badu kezkatzen duen kontu bat ere komikiaren inguruan. Maiz, haurren kontu gisa hartzen da marrazkigintza. Ustea dago umeak soilik direla marrazkiarekin gozatzen dutenak eta ez dela helduentzako marrazkirik existitzen. Bada, uste hori marrazkilari batentzat «arazo» izan daitekeela adierazi du Egurzak. Bere esanetan, jende askok ez luke asmatuko bere lana egiten –«nik, adibidez, kazetaritza lana egiten asmatuko ez nukeen bezala»–, eta gaineratu du pertsona heldu bati marrazkiak ikustea gustatu ahal zaion arren, «mespretxu» apur batekin har dezakeela, «haurren gauza dela pentsa dezakeelako».

Berak, ordea, egiten duen lana goraipatu nahi du, ordu pila bat kentzen dizkion jarduna izaki: «Oso erraza da arratsalde oso bat marrazten igarotzea, gustu handiz gainera. Baina lan zehatz bat eskatzen dizutenean ordu pila bat igaro behar izaten dira mahaitik burua altxatu ezinda, askotan beste hainbat gauza alde batera utziz, lo egitea edo lagunekin irtetea, adibidez». Gainera, salatzen du badela ohitura marrazki bat eskatu eta honen prezioa galdetuta modu askotako erantzunak ematekoa, marrazkilariaren lana erabat gutxietsiz. «Antza denez, argazkilari, informatikari eta diseinatzaile grafikoen artean gisa honetako egoerak asko gertatzen dira», adierazi du.

Gaineratu du mespretxu horren ondorioa, askotan, gaizki ordaindutako lanak egitea dela. «Eta noski, lagun asko harrituta geratzen dira marrazkilaria naizela esaten diedanean. Askok galdetzen didate: ‘Eta horretaz bizi zara?’ Eta nire erantzuna izan ohi da: ‘Ba, juxtu-juxtu, baina bai’», azaldu du. Gaineratu du lan eskaintza pila bat jasotzen dituela, baina, oro har, ordaindu gabeko lanak izaten direla: «Ez du zentzurik, baina jendea ez da ohartzen edo ez zaio axola zenbat lan eskatzen duen ganorazko marrazki bat egiteak».

Baina bera gustura da berean, orri zuriei bizia ematen. Filmekin alderatzen du komikigintza, eta komiki bat egitea low cost film bat egitea bezalakoa dela dio: «Edozer konta daiteke marrazkien bidez, pertsonaia bakar baten bidez. Pelikula batek, ordea, azpiegitura handiagoa behar du, pertsonaia gehiago...». Orri zurien aurrean jartzen jarraitzeko asmotan da Egurza, eta badu zereginik horretan segitzeko. Une honetan Zidrourekin publikatuko duen lan berri batekin dihardu, eta GAUR8ri iragarri dionez, oraingoa «oso istorio ezberdina» izango da. Ipuin antzeko zerbait izango dela gaineratu du, mundu «exotiko» batean kokatzen dena. «Eta etorkizunean? Paper zuri asko», esan du. •