Isidro Esnaola

Austeritate politiken higadura

Aurtengo aurrekontu eztabaida mugitua dator Europa osoan zehar. Luxenburgoko lehen ministro Pierre Gramenak, 2016ko aurrekontu proiektua aurkezterakoan, neurri bitxi bat iragarri zuen: bertako egoiliar guztiek aukera izango dute ogasunarekin kontuak egunean jartzeko ordainketa txiki baten truke. Hori amnistia fiskala da, non eta Dukerri Handian. Estatu txiki hori zerbaitegatik ezaguna bada, fortuna handien babesleku izan delako da. Herrialdeak multinazionalekin zerga akordio sekretuak (tax ruling) sinatu izan dituela ere jakin dugu, batez ere egungo Europako Batzordeko presidente Jean Claude Juncker gobernu burua eta Ogasun ministroa zen garaian. Pentsatzekoa da, hortaz, horrelako neurri bat proposatzearena Juncker beraren eta bide batez Europar Batasunaren irudia garbitzera datorrela. Gainera, iruzurra egiteko bideok austeritate politikak eztabaidaezinak direnean ezagutu ditugu. Politika horiek herritar xumeen artean hondamendia eragiten ari dira. Beharbada, gobernuak horretaz konturatu eta higadura gutxitzeko asmoz eredugarri azaltzeko beharra sumatu dute, edo, gutxienez, iruzurraren aurkako borrokan seriotasun pixka bat erakusteko beharra.

Austeritate politiken kostua beste norabide batean ere nabaritzen da, gastuaren norabidean, alegia. Estatu espainoleko Gobernuak aurrekontu eztabaida aurreratu du hauteskunde kanpainan tresna moduan erabiltzeko. Zerga erreforma, hobe esanda zerga jaitsiera, ekainean egin zuen, boto-emaileek hauteskundeen aurretik nabari zezaten eragina. Europar Batasunak, luze eztabaidatu eta gero, ontzat eman ditu Gobernuak aurkeztutako zenbakiak, baina, era berean, balorazio horrekin kontraesankorrak diren bi zeregin jarri dizkio: aurtengo aurrekontua zorrotz betetzea eta lehenbailehen hurrengo urteko aurreikuspen optimistak berrikustea. Horrelako zereginen itzulpena honakoa izan daiteke: ez dugu eskurik sartuko hauteskundeak pasa arte, baina gero dena moldatu beharko duzue.

Beste adibide bat Irlandan ikusi dugu. Bertako Gobernuak ere behar berdina sentitu du. Datorren urteko hauteskundeei begira, austeritatearekin zerikusirik ez duen aurrekontu proiektua aurkeztu du. Aurten 2.000 milioiko murrizketa egin du eta datorren urterako 1.500 milioiko pizgarria proposatu du. Kontserbadore eta laboristen arteko koalizio gobernuko Finantza ministro Micheal Noonanek aurkeztu zituen neurriok: Gizarte Tasa Unibertsala (Gizarte Segurantzako ordainketak) beheratu, 2009tik izoztuta dauden pentsioak igo, orduko soldata minimoa 50 zentimo gehitu 9,15 eurora arte. Laguntza sozialak jasotzen dituztenen Gabonetako ordainketa ere igo egingo da. Espero zitekeen moduan, aurrekontuen erabilpen partidista horrek bazter guztietatik jaso ditu kritikak.

Kritikei beldurrak bazterrak astindu ditu gure inguru hurbilean ere. Gasteizko Gobernua udatik aritu da zerga bilketaren erorketa iragartzen. Gobernuaren bozeramaileak ez du aukera galdu bilketaren bilakaera ikusirik murrizketa gehiago egitea beharrezkoa izango zela gogoratzeko behin baino gehiagotan. Hala ere, Finantza Kontseiluaren eguna iristean, bilketaren erorketari garrantzia kendu eta murrizketei buruz aipamenik ez. Berandu bada ere, hauek ere, nonbait, konturatu dira datorren urtean hauteskundeak ditugula eta hobe dela egoera idilikoa marraztea.

Hauteskundeekin ez dira mugimendu politikoak bukatzen. Portugalen, adibidez, hauteskundeen ostean ezkerreko indarrak akordio batera iritsi dira gobernua osatzeko. Errepublikaren presidenteari dagokio akordio horri bide eman ala ez erabakitzea. Edozein kasutan, lehenengo aldia da ezkerreko indarrek horrelako akordio bat lortzen dutela. Austeritate politikak presio handia eragiten ari dira gobernuengan, baita oposizioko indarrengan ere; batzuk saiatzen dira duten ardura lausotzen, eta, besteak, aldiz, akordioak ixten politikak aldatu ahal izateko. Mugitua dator Europa osoan politika ekonomikoaren eztabaida. •