Saioa Iraola

Normalitatearen eriak

Normalitatea bazen, gizonak, oro har, ordaindutako lanera joatea, etxerainoko bidea egitea eta lo egitea; emakumeak, aldiz, etxean eta etxe inguruko lanetan zein zaintza lanetan aritzea eta lo egitea. Egun normalitatea arbitrarietatean oinarritzen da, ohiz kanpokoak hausten du norma; kasu, Foucalten arabera, normalitatea “anormalaren” arabera definitzen da. Egun, anormalaren figura atzean utzi dugu eta galdetzen dihardugu zein den normalitatean bizitzearen kostua, prezioa.

Normala da: 30 urte ingurutan ezkondua egotea, umeak edukitzea, hipoteka batean leporaino zorpetuta zauden arren etxe ponpoxo baten jabe izatea, etxeko guztiek auto bana izatea, supermerkatuan erosketak egitea, heterosexuala izatea... Aldiz, anomalia gisa geure burua onartzeak, jendarte honetan kabidarik ez izatea badakar; zehatzago esanda, bizitzaren normalitate programatuan ez sartu nahi izateak, haustura horrek, anomaloon posizio politikoa kolektibizatu lezake.

Baina normalaren-anomaliaren arteko talka oinarri duen jendarte honetan, hutsuneari eta etsipenari lotutako gaixotasunak areagotzen ari dira, kasu, depresioa, antsietatea, anorexia... Ugaritasunaren miseria, aldi bereko den miseriaren oparotasunean datza. Horrela, beldurraren bitartez, prekarietate existentzialaren ispilu diren nia-k, zu-ak eta gu-ak erreproduzitzen ari gara.

Bada, normalitatea, askotan naturalizazioaren bidelagun kokatzen zaigu. Adibide bat jartzearren: aurreko astean, larunbat iluntzean etxean geundela, gure txakur Lutxiren zaunka ezohikoan zebilen jo eta su. Kanpora irten eta txakur ar bati lotua zen. Ahaleginak egin ondoren lortu genituen banatzea. Urduri jarri ginen. Txakur arra zeinena ote zen eta... joan nintzen ustez auzokoaren txakurra zelakoan ate joka. Txakur jabeak adierazi zidan ez zela berea, harena emea zela. Ados, eskerrak eman nizkion eta etxeratzeko asmotan nintzela zera galdetu zidan: «Baina, arra izan balitz ere, zertara etorri zara?». «Bada, gertatu denaren berri ematera».

Harriduraz eta larderiaz erantzun zidan, txakur emearen jabe denak ardura askoz handiagoa behar duela izan, eta arraren jabea inoiz ez dela arduratuko txortaldiaren ondorioez. Eta hori gutxi balitz, jarraitu zuen alderaketa eginez, «pertsonetan gertatu ohi den moduan, mutil batek haurdun utzi duen neska baten kasuan, joan zaitez haren gurasoengana edota mutilarengana jaioko den haurraren inguruko ardurak exijitzera, ez duzu zer eginik. Inozentziaz ari zara... Hori ‘normala da, natura da’» erantzun zidan. Naturaren izenean normalizatutako injustizien justifikazio argia eginez.

Bada, zorionez, normalitatearen eritasunetatik sendatu eta bertan bizi nahi ez dugun anomalook gero eta gehiago gara, piztiaren sabelean pitzadurak eraginez, bizitzeko hautua eginez. Normalitatean bizi nahi ez izatearen preziorik garestiena, bizi nahi izatea baita. •