Juantxo EGAÑA

Sorginkeriak Anotzibarren, abeltzainen herrian

Odieta ibarrean dago kokatuta Anotzibar, Iruñetik gertu, eta Ultzama ibaiaren Angiturri adarrak bustitzen ditu bertako bazterrak. Ibarreko parte dira, era berean, Ziaurritz, Gaskue, Gelbentzu, Gendulain, Latasa, Ostitz eta Erripa. Iragan mendeko 50eko hamarkadara bitarte abeltzaintza izan zen eskualdearen sostengu nagusia. XVI. mendean aditzera eman ziren sorginkerien ondorioz ere ezagutzen da Anotzibar. Nicolas Ardanaz (Iruñea, 1910-1982) da argazkiaren egilea. Frantzian amaitu zituen ikasketak, eta, itzultzean, familiaren negozioan sartu zen, Ciga pintorearekin bere formakuntza osatzen zuen bitartean. Aitak oparitu zion argazki kamera batekin hartu zituen bere lehen irudiak; gerora, berriz, paisaiak erretratatzen egin zen espezialista.