Martxelo Diaz Aristizabal
analisia

Bide luzea egiteko oraindik

Maiatzaren 15eko hauteskundeek aldaketa ekarri zuten Nafarroara. Lan eskerga dute eskuinak utzitakoa konpontzeko. Abiadura ez dela nahikoa diote hainbat eragilek, baina hilabeteotan norabidea aldatzea lortu da.

Maiatzean egin ziren foru eta udal hauteskundeek aldaketa ekarri zuten Nafarroara. Hori ukaezina da. Herrialdeko erakunde nagusiak UPN edo PSNren eskuetan ez egoteak ziklo berri bat ireki zuen Nafarroan. Bai Nafarroako Gobernuan, bai udal nagusietan (Iruñea, Tutera, Barañain, Lizarra, Tafalla eta abar luze batean) alderdi desberdinen arteko akordioak gauzatu ziren lehendakari eta alkate berriak hautatzeko. Eta honekin batera, politikan modu berri batean aritzeko, ordura arte izandako bazterkeria gainditzeko helburuarekin.

Izan ere, Nafarroan gauza asko daude aldatzeko UPNk (eta PSNk) egin duten urte luzeetako gestioaren ondoren. Sei hilabete eskas baino ez darama agintean Uxue Barkosek (eta Joseba Asironek, Eneko Larrartek, Oihaneder Indakoetxeak, Arturo Goldarazenak eta abar luze batek) eta gauza asko daude egiteko. Lan eskerga dute aurretik hamarkadetan Erregimenak eraiki dituenak zuzentzeko.

Bai Nafarroako Gobernua, bai udaletako taldeak osatzeko alderdien arteko akordioak adostea beharrezkoa izan zen. Udaletan errazagoa izan zen, alkateak berehala aukeratu behar izan zirelako. Baina halere, negoziazioak egin behar izan ziren.

Hitzarmen programatikoan islatzen da Uxue Barkos lehendakaria izendatu eta Gobernu berriaren ildoak zehazten dituen konpromisoa. 72 orri ditu dokumentuak, eta bertan, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta I-Eren eledunen sinadurak agertzen dira. Eta horrekin batera, lau alderdiek aldaketaren aldeko akordioa lortu zuten data ere bai: 2015eko uztailaren 17a. Hauteskundeak maiatzaren 17an izan ziren. Bi hilabete behar izan zituzten, beraz, historikotzat jo zen akordio hori adosteko. Tartean sanferminak zirela.

Hamaika bilera izan zituzten, gehienak Nafarroako Parlamentuan, kazetari andana atean zain zutelarik. Desadostasuna nagusituko zela zirudien batzuetan, Ahal Duguk Madrilen baimena kolokan zuela zabaltzen zenean, esaterako. Baina, azkenean, lau alderdien artean ardura nagusitu zen, eta UPN Gobernutik kanpo utzi zuen akordioa sinatu zuten.

Ildo politiko berria markatzen du hitzarmen programatikoak. Lau urterako balioa du eta Gobernuaren jardueraren nondik norakoak zehazten ditu.

Halere, alderdiak ez ziren gai izan hainbat gaitan adostasuna lortzeko. Hitzarmenak tirabirak aztertzeko prozedura ezartzen du eta hilabeteotan izan ditugu gai hauen gaineko polemikak.

Hizkuntza politika eta euskararen lege berri baten beharra da adostasunik lortu ez den alor horietako bat. Honekin lotuta, hezkuntzako hizkuntza ereduen arteko harremanak. UPNk eta PPk behin eta berriz errepikatzen dute Uxue Barkosek zuzentzen duen Gobernua abertzalea dela, baina kontuan izan behar da Ahal Duguk eta I-Ek euskarari buruz duten iritzia eta Geroa Bai eta EH Bilduk dutena ez direla berdinak. Irakasle berriak kontratatzeko oposizioaren deialdian argi geratu zen banaketa hau.

Orotara, 320 irakasle plaza deitzeko asmoa iragarri zuen Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak. Horietatik 228 euskara gaitasunarekin, eta soilik 92 gabe. Ustezko desoreka honen atzetik bazen arrazoi bat: ingelesez irakasteko ereduak gaztelania hutsezko ereduaren garapena eten duenez, gaztelania hutsez aritzen diren irakasleen beharra txikia da, ez dagoelako ikasle nahikorik (euskara edo ingelesa hautatzen dute gehienek). Horrekin batera, Estatuaren arau batengatik Nafarroak ezin du ingelesez aritzen diren irakasleen plazarik deitu.

Gauzak horrela, Ahal Duguk eta I-Ek UPN, PP eta PSNrekin bat egin zuten irakasleen oposizioaren aurka, euskara gehiegi baloratzen zela nabarmenduz. Uxue Barkosen Gobernuak orain arte izan duen kritikarik latzena izan da. Lehendakariak berak komunikazio akats larriak izan zituztela onartu zuen. «Ez dugu asmatu gauzak diren bezala azaltzen», adierazi zuen. Zoritxarrez, ez da komunikazio alorrean Gobernuak izan duen hanka-sartze bakarra izan.

Mendozak eman zituen azalpenen ostean, Ahal Duguren eledun Laura Perezek kritikaren maila apaldu zuen, baina I-Ek bereari eutsi zion gaztelaniazko irakasleen eskubideen defentsa sutsuan. CCOO sindikatuaren esku luzea ikusi zuten batzuek.

Oposizio lanetara egokitze bidean den UPN jo eta ke hasi zen gai honekin, euskara inposatzea leporatuz Gobernuari. Horretarako, Nafarroan berebiziko indarra duen eskuin mediatikoaren laguntza etengabea izan zen. Totemikoa bihurtu den sigla bat erabili izan dute: PAI (Programa de Aprendizaje en Ingles, delakoa). Ingelesa baztertu eta euskara inposatu. Hori omen da UPNren ingurukoen arabera Gobernu berriaren helburu nagusia, nahiz eta Parlamentuan egin diren hamaika agerralditan eta gurasoekin izandako bileretan ingelesezko irakaskuntzaren aurka ez dutela ezer behin eta berriz errepikatu. UPNk euskara ahultzeko eta ingelesa indartzeko korrika eta presaka harturiko erabakiak (ingelesezko titulurik gabeko irakasleak ingelesez klaseak ematea, adibidez) izugarrizko arazoa sortu du irakaskuntzan. Eta Gobernu honi dagokio hori konpontzea.

Kontseilari polemikorik izan bada Barkosen Gobernuan, Mendoza izan da. PAI eta irakasleen oposizioaren aferaz gain, Imanol Haranbururekin gertatutako polemika ere piztu zuen. Honakoan, EH Bildu izan zen amorru bizian jarri zen bazkidea. Haranburu erdi mailako kargu baterako (Hizkuntza Eskoletako arduradun) izendatu zuten, baina eskuin mediatikoak preso izan zela zabaldu eta gero, Mendozak atzera egin zuen eta izendapena bertan behera utzi zuen. Hitzarmen programatikoak krisi egoeretarako aurreikusten zuen bilera deitu zuten estreinakoz, EH Bilduk eskatuta. Azkenik, auzia nolabait bideratu zen, baina afera larria zen, oinarrizko eskubideen urraketa baten aurrean ginelako.

Sinboloen garrantzia

Polemikak polemika, Nafarroako Gobernuak sinbolismoz beteriko erabakiak hartu ditu, duela hiruzpalau urte pentsaezinak zirenak. Adibidez, Uxue Barkos lehendakariak Mikel Zabalzaren hilketaren 30. urteurrenaren ekitaldian parte hartzea. Edo Iberon 1936an fusilatuen gorpuak berreskuratzeko indusketan Gobernuaren ordezkaritza ofiziala izatea. Edo erabaki berri denez, Vianako Printzearen saria emateko ekitaldira errege espainola ez gonbidatzea.

Iruñeko Udalak ere horrelako erabakiak hartu izan ditu: sanferminetan parte-hartzea bermatzeko prozesua martxan jarri, prozesioetan alderdi zibikoa indartu edo Rodezno Kondearen plazaren izena aldatzea, nahiz eta azken kasu honetan eztabaida sutsua piztu zen bazkideen artean.

Dena den, ezin da ukatu alderdien arteko polemikez harago ere izan direla Gobernuaren aldeko esparru ideologikoan kokatzen diren taldeen kritikak. Eta oso zorrotzak batzuetan. Gai zalapartatsu horietako bat izan da Nafarroako Administrazioan dauden erdi mailako funtzionarioak mantentzea. Sindikatuek Uxue Barkosen Gobernuari leporatu izan diote ez diola ekin UPNren estruktura indargabetzeari. Izan ere, urteen poderioz egitura klientelista boteretsua antolatu zuen eskuinak Administrazioan. Honi heltzea Gobernuaren betebeharretako bat izango da. UGTk eta CCOOk oraindik ere dirua jasotzea kritikatu da, kopurua nabarmen jaitsi bada ere. Norabidea da hemen garrantzitsua.

Diru kontuak ere arazo izan dira. Gobernuak behin baino gehiagotan nabarmendu du UPNren gestioak kutxa publikoa sosik gabe utzi duela. Ondorioz, diru nahikorik ez dago behar guztietarako. Are gutxiago, autobideetako ilunpeko dirusariak eta Nafarroako Ubidea gisako azpiegiturek zuloa handitzen dutenean. Hori konpontze aldera, erreforma fiskala burutu berri dute. Sindikatuen iritziz, erdibidean geratu dira.

Euskalgintza ere kritikoa izan da Gobernuarekin, behar adina diru ez duelako jaso. Arlo honetan ere norabidea aldatu dela esan genezake, ordea. UPNk ez zien sosik ematen euskaltegiei, partida onartua izan arren. Halakoak amaitu dira.