Nerea GOTI
infraganti

LA BASU

Emakumea, euskalduna eta rap kantaria, horixe da La Basu. «Rapa da nire borroka moldea», dio ozen. «Rapak ematen dit ahotsa hip hoparen munduan emakume guztiek merezi duten lekua bilatzeko», aldarrikatzen du, eta, bide horretan, euskara du bozgorailu, «hizkuntza gutxitu baten borroka, herri bat eta bizitzeko era bat» irudikatzea helburu.

Esango nuke La Basu rap kantariaren aurkezpen gutunik onena “Aire es vida” bere azken albumean Aneguriarekin batera egindako “Trakamatraka” kantuaren bideoklipa dela. Iritzi bat baino ez da, noski, baina mezuan, erritmoan eta formetan izugarri iradokitzailea izateaz gain, La Basuren izaeraren, ibilbidearen eta errealitatearen hainbat osagai biltzen dituela iruditzen zait. Nor da La Basu rap kantari euskalduna? Rapeatzen ikustea izan beharko litzateke lehen ariketa. Behin hori eginda, goazen artikulu honetan bigarrena egitera, La Basu beraren hitzetan nor den ezagutzera, bere musikarekin munduari zer esan nahi dion jakitera. Estatu frantsesetik iritsi berri dela izan du GAUR8k berarekin hitz egiteko parada.

Aipatu dugu gaur zertan aritzen den, baina atzera begira, esan dezagun La Basu 1983ko urtarrilaren 6an jaio zela, Barakaldon, Elena Caballero bezala. Baina azken urteotan musika eszenatik harago heldu da bere ezizena: La Basu. «Elena Caballero izena ordezkatu duten denbora eta egoerak dira La Basu», adierazi du. Inoiz kontatu du gaztetan kontzertu batean sartzeko zain zela edukiontzi baten gainera igo eta kantatzen hastean jarri ziotela ezizena. Egun, bere burua Elena Caballero zein La Basu bezala identifikatzen du, biek jada bat egin dutela sentitzen baitu.

Egungo euskal raparen erreferente nagusietakoa Etxebarriko San Antonio auzoan hazi zen. Neskato alaia izan zela gogoratzen du –«eta izaten jarraitzen dut», dio–, «bat egiten duen familia batean hazi nintzen, eta oso ikasle ona nintzen». Baina Etxebarrin, garai hartan, hip hopa ez zen batere ezaguna. «Horregatik, nire adinekoen artean atzamarrez seinalatzen zuten horietako bat nintzen, ez ninduten ulertzen», azaldu du.

«Nire borroka adierazi»

Bilbon bertan ere gauzak ez ziren oso ezberdinak. «Ez nuen inguruan hip hoparen munduarekin harremanik zeukan inor. Salas de los Infantes Burgosko herrian igarotzen nuen uda, eta bertan grafitiak margotzen zituen tipo bat ezagutu nuen. Pare bat kasete utzi zizkidan, eta, entzun nituenean, berehala jakin nuen hori zela egin nahi nuena: erritmoekin eta hitzekin jolastu, munduari nire borroka adierazi ahal izateko».

Hip hopaz hitz egitean, galdetu diogu euskal hip hopik badagoen. Azaltzen duenez, «hip hoparen kultura lau osagaik osatzen dute: rapak, grafitiak, breakdance-ak eta turntablism-ak». Kultur espresio horretan, rapa hip hoparen musika dela esan daitekeela argitu du. Euskal Herrian bizi duen egoerari buruz, gurera berandu heldu zela baino indartsu sartu dela dio.

90eko hamarkadaren bukaeran, Jungla Urbana emakumezko rap taldea sortu zuen La Basuk. 2001ean, bere lehen maketa argitaratu zuen bakarka: “# k” zuen izena eta bost kanta zituen. «Bilbora etortzen ziren talde esanguratsuen aurretik jotzeko aukera eman zidan», gogoratu du. Ondoren, osasun arazoek hamar urtez mantendu zuten agertokietatik urrun. Itzulera 2014an izan zen, hiru kantuz osatutako “Remixes” lanaren argitarapenarekin. Iaz beste lan bat kaleratu zuen: “Aire es vida” diskoa, jada 800 kopia baino gehiago saldu dituena.

Disko berria, euskaraz

Gaixotasun gogor bati aurre egin ondoren, denbora galdu izanaren sentsazioa gainetik kendu ezinik, “Aire es Vida” argitaratu zuen La Basuk, bere buruarekin eta ingurukoekin sentitzen zuen «zorra» kitatzeko. Ez zuen agertokietara itzultzea pentsatuta, «baina eskuetatik alde egin dit erabat egoerak». Eta orain jada ez du geratzeko asmorik: disko berria prestatzen ari da euskaraz, «baita beste gauza interesgarri batzuk ere. Ilusioa berreskuratu dut eta geratzeko bueltatu naiz».

Behin disko berria aipatuta, hitzetan zentratu gara. Berea «oso rap pertsonala» dela dio. «Asko hitz egiten dut bai nitaz bai inguratu eta arduratzen nauenaz. Nire ideiak defendatzen ditut: askatasuna, herria, monotoniari eta kritikei buruzko ikuspuntu ezberdinak azaltzen ditut... Ez nuke inoiz ezagutzen ez dudan zerbaiti buruz hitz egingo», adierazi du.

Hizkuntzaren aldetik, Bilbon raparen mundua nahiko itxia izan dela onartu du; euskal kulturarekin ez du harreman esturik izan orain gutxira arte, eta, hala, euskaraz eta gazteleraz aritzen direnak ez dira nahastu. Kontatu duenez, «orain poliki-poliki gauzak aldatzen ari dira, publikoa zabalagoa da. Lortu dugu rock, reggae eta punka entzuten duenak rapa ere entzutea. Gaztetxeetara eta beste espazio batzuetara heldu eta hainbat aurreiritzi alboratu ditugu».

La Basuk bihotzean gordetzen dituen kontzertuen artean, neskato bat zela Selektah Kolektiboarekin emandakoa gogoratzen du bereziki. Gogoan du ere Jungla Urbanarekin emandako kontzertu bat, abeslarietako bat hitzik gabe geratu baitzen eta ordu erditik gora inprobisatzen eman behar izan baitzuen. Oroitzapenak, baina, asko dira: iaz Bartzelonan La Rima hip hop jaialdian aritu izana, Donostiako Kortxoenea gaztetxea bota aurretik bertako teilatuan aritzea, Bilboko Aste Nagusian Kaskagorriren txosnan abestea...

«Hau da raparen momentua»

Rap abeslaria, sortzailea, euskalduna... eta emakumea, inguruan duen errealitateari zorrotz begiratzen diona. Horregatik, raparen munduan matxismoa ohikoa dela eta rapak nagusiki gizonen mundua irudikatzen duela salatu du. «Ohituta gaude auto garesti batean doan eta ondoan bikiniz jantzitako bi neska dituen rap abeslari beltz tipikoa ikustera», onartu du. Zaila bada ere, «pixkanaka» aurrerapausoak ematen ari dira arlo horretan ere, eta frogatu da –nabarmendu duenez– ez dela beharrezkoa rapeatzerako orduan inor iraintzea bera baino hobea zarela erakusteko.

Azken hiru urteotan Eskina Femenina ekimenean aritu da La Basu Aneguriarekin batera, hip hoparen kulturan emakumeen lana sustatzeko helburuarekin. «Sare sozialetan emakumeen presentzia indartzeko hasi ginen, erreferenteak sortu asmoz», gogoratu du. Idazketa tailerrak ere eskaini dituzte emakume zein gizonentzat. Izan ere, «interesgarri» ikusten dute gizonek ere «raparen munduan emakume izatea zer den» ezagutzea. Ibilbide horretan, saio bat egin dute Emarock irratsaioan, eta hiru jaialdi antolatu dituzte «emakumezkoek agertokia hartzeko». Bazterfest bi eguneko topaketa ere egin zuten, eztabaidak eta kontzertu bat antolatuz. Kontzertuan, La Basu eta Aneguriaren ondoan, Donostialdeko Nizuri Tazuneri eta Estatu espainoleko Syla rap abeslariak ere aritu ziren. «Oinarrizko helburua emakumeak agertokietan izateko borrokatzen jarraitzea da. Mugimendu honi esker emakume gehiagorengana heldu nahi dugu eta egiten dugun dena zalantzan jartzeko joera alboratzea ere lortu nahi dugu».

Bitartean, gero eta gehiago rapeatzen du Euskal Herriak. Gurean, egungoa «raparen unea» dela uste du La Basuk, «oraindik egiteko asko badago ere». Argia du, baina, mugimendu honen hazkundea «hasi besterik ez» dela egin, eta horren adierazle du euskal kulturaren erakustoki erraldoia den Durangoko Azokan bizitakoa: «orain dela urte batzuk pentsaezina» zena, emakume bat bere rap diskoa saltzen eta beste asko gure rap diskoak defendatzen. «Beraz, hau da gure unea». •