Aimar Etxeberria Korta
infraganti

JUANMA INDO

Bidaia du bizitzeko legea, eta bizitza bera du bidaia. Juanma Indo da, sustraiak Pasaian bota dituen aiarra. Mundu erdia zapaldu du, baina ez du gelditzeko asmorik: beste erdia falta zaio. Afrikara eginiko bidaia batean panpina bat ezagutu zuen: Michelin etxearen Bibendum maskota. 450 ezberdin bildu eta erakusketa jarri du Bilboko Azkuna Zentroan.

Juanma Indo
Juanma Indo

Bidaiatzea. Bizitza bidaia bat da. Guztioi gustatzen zaigu bidaiatzea; guztioi gustatzen zaigu bizitzea. Bidaiatzeko modu ezberdin ugari daude, baita bizitzeko ere. Juanma Indo pasaitarraren presentazio karta da, bere bizi filosofiaren isla den aurkezpen pertsonala. Bidaiatzea du bizitza filosofia, toki berriak ikustea, jende berria ezagutzea. Aspaldi ekin zion modu horretan bizitzeari eta, epe laburrean behintzat, ez du bizitzeko filosofia hori aldatzeko inongo asmorik.

Duela 40 urte inguru –24 urterekin– ekin zion bere lehenengo abenturari, eta orduz geroztik ez du atsedenik hartu. Barruko eremuen diseinatzailea da bera, eta egun oraindik jardunean jarraitzen du. Baina dio suerteko dela, bera bidaian joaten denerako sozio perfektua duela. Harekin bizi izan zuen lehenengo abentura: «Donostiatik Indiaraino joan eta buelta egin genuen autoz. Bizitzako bidaiarik luzeena –urtebete iraun zuen–, politena eta interesgarriena suertatu zen». Autonomoak dira, eta horrek abantaila batzuk ematen dizkie: «Lan bat amaitzean, eta berri bat atera bitartean, denbora izaten dugu. Suertez ez dugu inoiz lan faltarik izan; aitzitik, bezeroren bati lan eskaera atzeratzeko galdegin izan diogu, buruan geneukan bidaiaren bat tarteko».

Hippy mugimendua bete-betean zen garaietan egin zuen lehenengo bidaia hura Indok. Gogoan du Katmandu edo Goa bezalako hiriak oso ezagun egin zirela: «Nolabait esatearren, hippyek ‘deskubrituriko’ lekuak izan ziren; hippyak izan ziren leku horietara joan ziren lehenengo europarrak. Mugimendu horretara gehitu eta Indiarako bidea hartzea erabaki genuen guk ere». Bidaia gogorra izan zen, ez maparik ez gidarik ez zutelako. Indian izanak ziren pertsonei galdetuz osatu ahal izan zuten bidea.

Bidaia hartatik itzuli eta ohartu zen toki anitz utzi zituztela bisitatzeke. Gainera, beste lagun bati sortu zitzaion Indiara joateko gogoa. Hala, Indiara bidean zen berriz urte eta erdiren bueltan, beste zortzi lagunekin batera, bi Land Roverren gainean.

Bada, ordea, Indiara eginiko bi bidaien artean hainbat ezberdintasun. Lehenengo aldian Iran zeharkatu zutenean herrialdea xahren agindupean zegoen; bigarrenean, aldiz, Jomeinik herrialdeko agintea hartua zuen jada. Lehen aldian arazorik gabe zeharkatu zuten Afganistan, baina bigarrengoan sobietarrak sartuak ziren herrialdean. Ondorioz, bertatik ez igarotzea erabaki zuten.

Izan ditu zonalde horretan anekdota gehiago. Irandarrek estatubatuarren enbaxada hartu zutenean Teheranen bertan zen bera: «Orain ordukoaz oroitu eta... ez ginen ezertaz jabetu! Bidaiarekin jarraitu genuen Indiara iritsi arte. Itzuleran, ordea, Pakistanetik Iranera sartu ginenean atxilo hartu gintuzten. Bezperan bi helikoptero estatubatuarrek istripua izan zuten euren herritarrak Teherango enbaxadatik ateratzeko plan bat aurrera eramaten ari zirela. Amerikarrekin nahastu gintuzten! Gaizki ulertua konpondu eta arazorik gabe jarraitu genuen bueltako bidearekin».

Bidaiatu, ezagutza handitzeko

Bere baliabideekin egiten ditu bidaia guztiak Indok, izan autoz edo motorrarekin. Modu horretan, autonomia irabazten duela dio: «Nahi duzun lekura joan zintezke, leku bat gustatu eta bertan gera zintezke... Antolaturiko bidaien kasuan egunez eguneko ibilera guztiak aurrez daude zehaztuta». Dio abentura berri bat abiatzeko orduan lehendabizikoa eta errazena ideia izatea dela, «gero datoz bisak, tramitazioak, eta abar». Eta bidaien iraupena ere ezberdina izan ohi da: «Izan daitezke hilabete eta erdikoak, hirukoak, seikoak... Luzeenak urtebetekoak izan dira, Indiara egin ditudanak; 48.000 kilometroko bidaiak egin izan ditut».

Dio Indok bidaiatzeak egiten dion ekarpen nagusia jendea ezagutzea dela, beste kultura bateko pertsonekin egotea. «Gatazka gune askotatik igaro izan naiz eta ez zait inoiz ezer pasa. Garrantzitsuena aurretik irribarre batekin joatea izaten da, eta ahal den neurrian bertako herritarrekin ongi konpontzea». Frantsesa kontrolatzen du ingelesa baino gehiago, horregatik egiten zaio errazagoa Afrika frankofonoko jendearekin elkartzea Indiakoekin baino. Hala ere, gaineratu du kulturak baduela zerikusirik horretan: «Esango nuke Afrika frankofonoko herritarrak askoz ere irekiagoak direla. Indian, berriz, kultura britainiarraren zantzu gehiago dituzte, eta zailagoa egiten zait».

Afrikara begira jarrita, gaineratu behar da bost Paris-Dakar lehiatu dituela, lagun kataluniar batek egin zion proposamenari esker. «Aurrez ere banuen Paris-Dakarra lehiatzeko ideia, baina ez neukan inolako presarik. Aipatu lagunak babesle bat lortu zuen, eta lasterketa ezer ordaindu gabe egiteko aukera eman zidan. Bost aldiz lagundu diot kopilotu moduan, eta behin bakarrik lortu dugu lehiaketa amaitzea. Azkenean, ordea, aspertu egiten zara, lasterketa ezer baino gehiago mito bat delako. Herriak abiada bizian zeharkatzen dira, bertan geratu eta bertako herritarrekin egoteko aukerarik gabe, euren bizimodua nolakoa den ikusteke», azaldu du.

Afrikan Bibendum panpinekin topo

1988an zapaldu zuen Indok lehenengo aldiz basamortua, Mauritanian. «Basamortua ukitzean berriz joan behar da, berriz galdu behar da, berriz pasa behar dira egunak bertan», azpimarratu du. Bada, basamortuan egin zuen topo lehen aldiz Michelin enpresaren Bibendum panpina batekin. Basamortuaren erdian zen, eta gurpil bat zulatu zitzaien. Hala, tailer txiki batera gerturatu ziren: «Modu horretan aurkitu nuen lehen Bibendum panpina hori, pareta batean margotuta. Artistikoki bere interesa zuelakoan atera nion argazkia, eta, konturatzeke, 180 argazkiko bilduma bat osatu nuen; 180 Bibendum ezberdin nituen».

Inguruko jendeak esku artean zuen hori gustuko zuela ikusita, Michelin enpresaren egoitza nagusira jo zuen, bildumarekin zerbait egiteko asmotan. Bertan, ordea, marketin sailetik atzera bota zioten proposamena, «bildimak enpresak gaur egun saldu nahi duen irudiarekin bat ez zuela egiten aitzakia bezala jarrita». Baina, etsi beharrean, Afrikarako beste bidaia bat prestatzeari ekin zion Indok, Bibendum gehiagoren bila joan asmoz. Hala, iragan martxoan eginikoa du azken bidaia. 4x4 autoa hartu eta Afrikarako bidean jarri zen; 450 Bibendum panpinekin itzuli zen, horietako 22 originalak [tailer ezberdinetako jabeek emaniko plakak]. Gehienak Senegalen, Burkina Fason, Malin eta Beninen lortu izan ditu. Orain Boli Kostan jarri ditu begiak Indok, baina hara joatea zail samarra dagoela dio, batez ere inguruko herrialdeek bizi duten egoeraren ondorioz.

450 Bibendum esku artean, Bilboko Azkuna Zentroko zuzendariarekin egin zuen topo Indok: «Komentatu nion zerbait artistikoa egiteko asmoa nuela eta interesgarria iruditu zitzaion. Hona etorri, materiala ikusi eta erakusketa bat antolatzea proposatu zidan. Hilabete eta erdian antolatu zuen dena. Bihar [iragan larunbatean] egingo du hilabete esposizioak eta 5.000 pertsona inguru pasa dira jada. Izugarria iruditu zait». Bihar izango ditu irekita ateak erakusketak azken egunez.

Baina ez dago Indo geldirik egoteko. Hurrengo bidaiarekin pentsatzen hasia da dagoeneko, «izan daiteke Afrikara, edo izan daiteke Mongoliara. Ez dakit –jarraitu du–, animatzen diren lagunen araberakoa izango da». Europa behintzat ez da izango hurrengo geltokia: «Nik beti diot Europa oso gertu daukagula eta zahartzean, bidaiatzeak lan gehiago ematen duenean, bisitatuko dudala. Baina urrun dauden toki horiek zenbat eta lehenago bisitatu hobe».

Garbi duen beste kontu bat da bere bitartekoekin bidaiatuko duela: «Nire autoa bertan lo egiteko prestatuta daukat, sukalde txiki bat ere badu... Oso erosoa da dena». Hurrengo bidaiara, ordea, lagun berri bat eramango du, tramankulu berri bat: drone bat. «Faltan bota izan dut airetik ateratako irudi batzuk izatea; orain posible da». •