Koldo Sagasti

Askatasunaren kontrako talka

Aliciaren buruak Askatasuna kaleko galtzadarriak kolpatu ditu. Hamazazpi hilabete baino ez zituen, bizitza zertarako den jakitera iritsi gabea zen, beraz. Bihozgabeko gizon batek bortxatu eta leihotik behera jaurti du bere gorputz txiki babesgabea. Gasteizko gizartea asaldatuta dago, ikaratuta, eta kalean erakutsi du bere sumina. Zenbaitek eroaldian baino ezin izan du bilatu horrelako barrabaskeria batentzako azalpena, gaixotasunak hiltzailearen ankerkeria zurituko balu bezala. Baina munstro hori ez da gaixoa, gizarte gaixo baten emaitza baizik. Eta Aliciarena ez da gertaera isolatua, berea tantakako genozidio isil baten azken kapitulua baino ez dugu. Horrelakoak emakumeen aurkako bortizkeria modu isil eta sotilean onartzen duen gizarte testuinguru batean baino ezin daitezke gertatu. Oharkabean ohikotzat ditugun jarrera askok elikatzen dute jazarpenerako ongarriztatutako eremu hori.

Lan elkarrizketa batean emakume bati seme-alabarik izateko asmorik ote duen galdetzen diotenean, kasu, zartakoa ematen ari zaizkio Alicia txikiari. ETBko albistegietan Hondarribiko alarde matxistari “tradizionala” deitzen diotenean ere, zilegitasuna ematen diote populazioaren erdia alde batera uzten duen ospakizunari, eta baztertutako emakumeei astindua ematen. Halaber, ordezkari politiko batek terrorismo patriarkalari “bortizkeria domestikoa” deitzen dionean, gutxietsi egiten du, etxeko atetik barrurako arazoa balitz bezala, etxe barruan konpondu beharrekoa alegia. Jarduera politikora dedikatzen den emakumea bere itxura edota orrazkeragatik kritikatzen duenak ere emakume guztiak iraintzen ditu. Edota, beldurraren beldurrez, neskek ordu txikietan kale zehatz batzuk saihesten dituztenean guztion mugitzeko askatasuna da kolokan dagoena... Eguneroko gertaerak dira, oharkabean pasatzen zaizkigunak. Baina horrela jokatzen dugun bakoitzean munstroa elikatzen jarraituko dugu, eta Aliciaren kaskezurrak behin eta berriz egingo du talka Askatasunaren kontra. •