Oihane Larretxea de la Granja
infraganti

LORE AMENABAR

Helsinkiraino eraman zuen duela hiru urte bere akordeoi kutunak Lore Amenabar (Irura, 1995) musikaria, ikastera. Oharkabean harrapatu zuen instrumentu honen lekua aldarrikatzen du, asko duela eskaintzeko, «kamaleonikoa» dela. Amesten jarrita, kontserbatorio handi batean irakasle izan nahi luke, baita mundu osoan kontzertuak eman ere.

gara-2016-02-11-Noticia

L ore Amenabar (Irura, 1995) ez da gogoratzen akordeoia jotzen ikasi nahi zuela esan zuen egunaz. «Musikarekiko dudan pasioa nahigabe sentitu nuen, oharkabean esango nuke. Ez dut aukeratu, txikitatik sentitutakoa da», dio. Musika familian betidanik oroitzen du. Bazkalostean, mahai inguruan, kantuan ibili ohi ziren, eta aita eta ama, baita osabak ere, akordeoi jotzaileak ziren. 6 urterekin hasi zen Anoetako musika eskolan eta gaur arte. Finlandian dabil egun, Musikako karrera egiten Helsinkiko Sibelius Akatemian.

Musika eskolan hasi eta lehen bi ikasturteetako musikaren inguruko ikasketen ondoren, 8 urte zituenean alegia, hasi zen akordeoia jotzen. Zergatik hautatu zuen kutuna duen instrumentua ez daki, baina uste du familian hainbeste ikusteak eragina izan zuela. Zaharragoa zuen lehengusua ere erreferentzia zen beretzat garai hartan. Piano ikaslea, musika bere ogibidea egin nahi zuela argi zuen lehengusuak, eta, nolabait, ideia haietatik ere arnastu zuen Amenabarrek.

Bide horretatik jarraitu zuen nerabezaroan. Institutuko ikasketei eskolaz kanpo egiten zituen musika ikasketak erantsi zizkion, 16 urte beteta zer batxilergo hautatu zehaztu behar izan zuen arte. Zalantzarik egin gabe, batxilergo musikala hautatu zuen, Donostiako Zubiri Manteon. Bertan, derrigorrezkoak ziren hainbat irakasgai zituen, eta osagarriek musikarekin zuten zerikusia: Musikaren Historia, adibidez. Selektibitatea egin eta etxetik hegan egiteko unea ere heldu zitzaion, noski.

Bere begien aurrean mundu zabal bat ireki zen. Argi zituen bi gauza: musikarekin jarraitu nahi zuela eta irakasle on bat zegoen tokian egin nahi zituela ikasketak. Hiru aukera aipatzen ditu. Donostiako Musikenen ikastea, Iñaki Alberdi irakaslearekin; Zaragozara joan, han baitago miresten duen Angel Luis Castaño; edo muga gehiago gainditu eta Helsinkira joan, Mika Väyrynen eskuetan jartzeko. Azken aukera hori hautatu zuen, bai irakasleagatik bai etxetik ateratzeagatik ere. Mundua ikusteko goseak berak pisu handia izan erabakian. «Gurasoek aukera eman zidaten kanpora joateko, bai ekonomikoki eta baita emozionalki ere, eta egia esan animatu egin nintzen etxetik atera nahi nuelako. Aukera nuela ikusita, eta nire irakasle gogokoenetako bat Sibelius Akatemian zegoenez, ez nuen bitan pentsatu», dio.

Formazio akademikoaz gain, kanpoan pertsona bezala ere norbanakoa hazi egiten dela baloratzen du. «Oso aberasgarria da zure habitat naturaletik atera eta mundua ezagutzea. Musika oso gauza internazionala da eta oso aberasgarria da. Nire herria ikusita nuen, eta hortik kanpo zer zegoen ikusi nahi nuen».

Hiru urte daramatza Helsinkin. Kontatzen duenez, karrerak Finlandian hiru urtekoak dira, beraz, aurten lortuko du gradu titulua. Hori lortzeko ordubeteko kontzertua eskaini behar du, eta horretan dabil orain buru-belarri, behin eskainiko duen errepertorioa irakaslearekin aukeratuta, entseatzen.

«Irakasgai gutxiago daude azkenengo ikasturtean, baina gehiago ikasi behar da kontzertua prestatzeko», azaldu du, erantsiz, graduazio data jakin berri duela: datorren apirilaren 18an izango da. Urduri eta gogotsu dago. Errepertorioa osatzeko hainbat arau bete behar dira estiloari dagokionez. Adibidez, obra barroko bat eta obra original bat jo behar dira, hau da, akordeoirako espresuki idatzita dagoen obra bat.

Graduatu ondoren ikasten jarraitu nahi du. Buruan ditu bi urteko master bat eta akordeoi pedagogian espezializazio ikasketak. Orotara, Helsinkin bost urte eta erdi egotea aurreikusten du, beraz. Momentuz, Euskal Herrira udako eta Gabonetako oporrak igarotzera baino ez da etorriko.

Ohituretara ohitzea

Finlandian egindako hiru urteek eman diote jada bertako bizi estilora ohitzeko denbora, baina ez ditu ahaztu hasiera batean harridura eragin zioten usadioak eta egoerak. Adibidez, kalean inor ez ikusteak arreta handia ematen zion, alegia, kalean jendea berriketan ez ikustea. Klimak, hotz latzak eta garaiaren arabera argitasun faltak, zerikusi zuzena dute horretan, noski. «Jendea etxetik lanera eta lanetik etxera doa, agian lanetik denda edo tabernaren batera, baina kanpoan behin ere ez dira gelditzen. Gero ulertu nuen hotz handia egiten duela horretarako!», dio irriz. Otorduetako garaietara ere ohitu da: 11.30etik 12.00etara bitartean bazkaltzen dute, eta, afaldu, berriz, 17.00ak aldera, 18.00etan asko jota.

Hizkuntza aldetik ere trebe dabil. 16 urterekin batxilergo musikala hautatuta, ingelesarekin «serio» jarri zen. Eta Sibelius Akatemian klase guztiak hizkuntza horretan diren arren, egunerokoan moldatzeko finlandiera ere irakasten dute lehen ikasturtean. Amenabar bere kabuz ere ikasten ari da.

Herri mina, berriz, nazioarteko beste gazteekin lasaitzen du. Etxebizitza partekatzen du eta lagun asko ditu. Bertakoekin badu harremana, baina bera bezala atzerritik heldutakoekin beste lotura bat egiten dela uste du, sentimendu berdinek batzen dituztelako: etxeko falta, gertukoen hutsunea… Atzerrian oso zoriontsu izan arren noiz edo noiz sentitzen direnak.

Etorkizuneko asmoez edo ametsez mintzo, berehala erantzuten du. Helburua akordeoi jotzaile profesionala izatea: «Musikaz bizi nahiko nuke, bai kontzertuak ematen eta bai irakasle izaten. Hori nahiko nuke. Klaseak eman, amets egiteagatik, akademia handia baten, izena duen batean, Helsinkiko Sibelius den bezala, Musikene den bezala, Donostiako Kontserbatorioa den bezala… Eta kontzertuak mundu guztian emango nituzke. Horretan ari naiz gogor saiatzen. Ulertzen dut eta jakitun naiz ez dela erraza, eta beste milaka gazte daudela ni bezalaxe, baina saiatzen ari naiz».

Bere jaioterrian inor profeta ote den galdetuta, dio egun ez zaiola batere erraza Euskal Herrian emanaldiak eskaintzea. Lehenik eta behin, Helsinkitik etortzen den garaietan udaletako kontzertuen agendak urriagoak izaten direlako. Bestalde, Gabonetako bi asteek adibidez, kontzertu bat prestatzeko adina denbora ematen ez diotela azaltzen du. Hala ere, Donostiarekin lotura ez du eten eta hitz zoragarriak baino ez ditu Musikeneko Iñaki Alberdirentzat –«maisu paregabea», dio–, baita Kontserbatorioko Salvador Paradarentzat ere. Nolabait beraiek dira hemengo musika munduarekin uneotan dituen “zubiak” eta laguntza handia eskaintzen diotela azaldu du.

Akordeoiaren aurrerapausoak

Akordeoia oso instrumentu «kamaleonikoa» bezala deskribatzen du, edozein musikara «asko» egokitzen delako. Azken hamarkadotan bizi izan duen garapena aipatzen du. Horrek, bere ustez, eraman du akordeoia egun dagoen lekura. «Orain dela 50 urte akordeoiak eman zuen pausu handi bat, nazioarte mailan. Orduan, nolabait, adierazi zuen errepertorio originala baduela eta ‘hau, hau eta hau’ jotzea baduela. Izugarri egin du aurrera, baina oraindik bidea gelditzen zaio erabat erakutsi dezan zer den. Bals eta tangoez aparte, badakigu zerbait gehiago jotzen!», aldarrikatu du.

Kanpotik jendeak nola ikusten duen galdetuta, uste du gaur egun asimilatuta dagoela akordeoiak zertarako balio duen, eta zentzu horretan «oso errekonozituta» dagoela iritzi du. Hori bai, Amenabarrek eransten du «beste instrumentuen alturan jartzea» falta zaiola.

Akordeoia jotzen duenean nola sentitzen den jakin nahi dugu. Libre, aske, bere baitan murgilduta. Bera, instrumentua eta musika baino ez daude une horretan. «Akordeoia jotzea ni neu obraren parte bilakatzea da. Ez dut beste ezertan pentsatzen. Obra leuna bada, neu ere leun bihurtzen naiz. Izaera badu, baita neuk ere. Obrarekin sinbiosia lortzea da, biek bat egitea».