Lehen hitza... oinarrizkoa
Egunotan gau mahaian daukat Jon Sarasuaren “Bost truke” liburua. Arina da liburua, interesgarria eta entretenigarria oso, eta berau irakurtzen disfrutatzen ari naiz. Euskaltasunaren norabideari buruzko apunteez osatutako “Hiztunpolisa” irakurri ez badut ere, gogoan dut “Ertzeko zatiak”, antzeko abiapuntua zuena, eta azken hau gustukoagoa dut. Hego Amerikara egindako bidaien pasarteak batzen zituen 2010eko liburuak, eta azken honek ere Garabide dela medio egindako bidaietako –Andeak, Kurdistan eta Serbia– pasarteak jasotzen ditu; pasarteak eta kasu honetan modu oso argian herrialde horietako hizkuntzen –minorizatuak edo ez– inguruko borroka eta hausnarketak. Oro har asko dute lantzeko aipatutako herrialde horietan, eta guk, Euskal Herrian, aurrerapauso sendoak egin baditugu ere, ezin dugu egunerokotasunean iparra galdu.
Gogoan daukat aspaldi bulegoz betetako eraikin batean garbiketa lanak egiten ari zen emakume bat gaztelaniaz agurtu nuela. Suziri bat piztu banu bezala, emakumeak errespetuz baina minduta kontatu zidan lanean dabilenean jende ia guztia gaztelaniaz zuzentzen zitzaiola, eta bera euskalduna dela. Atsekabetuta zegoen horregatik. Aurreiritziek engainatu ninduten; emakume nagusi samarra zen, eta garai hartan garbitzaileetako asko –orain bezala– etorkinak ziren. Halako jarrerak zaintzea erabaki nuen, gugandik hasi behar delako.
Uste nuen hori gaindituta neukala, baina orain gutxi antzeko bi gertaera bizi izan ditut: batean, inoiz izandako taberna batera sartu eta zerbitzariak –hegoamerikarra bera– gaztelaniaz artatu ninduen. Nik, besterik gabe, gaztelaniaz eskatu nion. Baina halako batean zerbaitek klik egin zidan eta ordaintzerakoan euskaraz zuzendu nintzaion. Bada, euskaraz bazekien. Bestean, ilobarekin barrakatan fitxak erostera joaterakoan ezer galdetu eta eskatu aurretik konturatu eta zinez harritu nintzen bertako langilea euskalduna zelako. Hori bai dela lorpena, udalekin tratua egin izanagatik bozgorailuetatik Irrien Lagunak, Ken Zazpi, Errobi eta Hesian taldeen musika gau eta egun jarri arren, orain arte jolasleku berezi horiek El Fari, Cascanteko ijito eta bulgariarren erreinua izan direlako, eta, ondorioz, halakoa izan delako hizkuntzaren isla. Hizkuntzaren ikuspegitik salbaezinak ziruditen esparru gehiago irabazten arituko gara?
Zerbait aldatzen ari den seinale, baita euskaldunon baitan ere, gure jarreran alajaina. Dozena bat urte dela, Gasteizko taberna batean euskaraz jatekoa eskatzerakoan «háblame en cristiano» erantzun homofobo, karka eta elizkoi-erretrogadoa entzunda, «perdona» erantzun nuen, baina esango nuke ordutik ez dudala inoiz erantzun bera eman eta ziur nago ez zaidala berriro inola ere aterako. Horren ordez, «ah, también hablo en castellano» erantzun izan ohi dut, gutako askok berak ez dakien hizkuntza horretaz gain, beste batzuk ere badizkigulako. Eta hizkuntzak gehitzen ditugun heinean, berak ez bezala, kultura aberastasuna eta pentsaera irekiera ere adierazten dugulako.
Eta agian optimista samarra banaiz ere, neure pertzepzioa da, baita ere, euskara ez dakitenek ere zertxobait aldatu dutela jarrera. Adibidez, ezagutzen ditut 90eko hamarkadan ertzainei euskaraz hitz egin izanagatik –eta gaztelaniara aldatu ez izanagatik– atxilotuak izan direnak; ez bat eta ez lau, askoz gehiago. Eta ez daukat daturik ertzain izateko hizkuntza-eskakizunik baden eta betetzen den, baina orain gutxi lan kontu bategatik Lehendakaritzan agente batengana jo nuen, eta txapa guztia euskaraz bota niola ohartu zenean –ez ninduen moztu–, inolako modu txarrik erakutsi gabe (horretan aldatu ei dira!) onartu zidan euskararik ez zekiela. Hortaz, txapa bera gaztelaniaz azaldu nion berriro. Hala ere, oraindik normaltzat hartu behar dira halako gertaerak? Hau da, Euskal Herri zati bat ordezkatzen duen agintaritza ofizialenaren segurtasuna bermatzen duen langile batek euskaraz zipitzik ez jakitea? Normaltzat hartuko genuke gauza bera beste edozein herrialdetan? Ziur nago ezetz, eta ez luketela inondik inora onartuko. •
