Aimar Etxeberria Korta
infraganti

Aitor Rodriguez

Argazki kamera bat jarri zioten eskuetan Aitor Rodriguezi oraino ume zela. Gogor heldu zion tramankuluari, harik eta argazkigintza ofizio bilakatu zaion arte. Kontua, baina, harago doa; egunero hobetzeko ahaleginean dihardu, eta ahalegin hori saritu diote: One Eyeland webguneak aipamen berezia egin dio bere argazki bati.

Bere estudioan, aipamen berezia jaso zuen argazkia besapean duela. (Marisol RAMIREZ | ARGAZKI PRESS)
Bere estudioan, aipamen berezia jaso zuen argazkia besapean duela. (Marisol RAMIREZ | ARGAZKI PRESS)

Familia oso bat argazkigintzari emanda, hala irudika ditzakegu Rodrigueztarrak. Aita Angelek zabaldu zuen bidea, eta Aitor eta Xanti semeek indartsu heldu zioten aitak jaurtitako sokari, hark zabaldutako bidea egiten jarrai zezaten. Hiruretako edonor izan zitekeen lerrootako protagonista; hirurek dituzte lehen lerrora ekartzeko arrazoiak, hirurek egin dute bidea argazkilaritzan, hirurek dute zer kontatua. Baina gurea aktualitatea da, eta aktualitateak markatzen digu agenda, baita protagonistak proposatu ere. Eta aktualitateari jarraiki, Aitor Rodriguezekin (Azpeitia, 1976) egin dugu hitzordua, bere aitak zabaldu zuen Angel Argazkiak dendan. One Eyeland webguneak bere argazki bati aipamen berezia egin dio, eguneko argazki –picture of the day– izendatuz.

Hasieran adierazi bezala, argazkigintzari emandako sendia da Rodrigueztarrena, eta anaia Xantirekin egin du Aitorrek bidearen zatirik handiena. Oroitzen du 11-12 urteren bueltan hartu zuela esku artean bere lehenengo argazki kamera; nola ez, aitak anaia eta biei oparitua: «Hasiera hartan, baina, ez ninduen gehiegi erakarri; jolaserako beste gailu bat gehiago zen eta kito». Urte gutxiren buruan –Aitorrek 13 bat urte zituela–, baina, aitak denda zabaldu zuen. Hala hasi ziren Aitor eta Xanti dendan denbora igarotzen, aitaren jardunari so. Dendan egiten zuena adi jarraitzeaz gain, aitak kanpoan egiten zituen lanetara ere –adibidez, ezkontzak– joaten hasi ziren. «Aita zuzenean lanean ikusten hasi nintzenean hasi zitzaidan haren jarduna gustatzen; egindako lanaren ostean jendea dendara etortzen zen argazkien bila eta aitak zorionak jasotzen zituen. Ikusten nuen gure aitak jendea gustura uzten zuela, eta horrek satisfazio handia eragiten zidan», dio Aitorrek.

Urteek aurrera egin ahala, aitak denbora horretan egindako lanei erreparatzen ere hasi zen Aitor. Pase familiarrak egin ohi zituen batik bat –erabat aspertzen ziren anaia eta biak aita zeregin horretan zebilenean–, eta denborarekin hasi zen Aitor Angelen jarduna baloratzen: «Lanaren alde artistikoa baloratzen hasi nintzen, argazki haiei ‘zera’ hori aurkitzen hasi nintzen». «Egia da anaia eta biok –jarraitu du– betidanik izan garela imajinazio azkarrekoak. Hori hala, argazkigintza gure imajinazioa inprimatzeko tresna izan zitekeela ikusi genuen». Ikusi eta ikasi, Bartzelonarako bidea hartu baitzuen Argazkigintza, Bideogintza eta Postprodukzioa ikasteko.

19 urte betetzerako, eta ikasketak amaitu bezain pronto, aitaren dendan lanean zen Aitor. «Egia esan, gehiago ikasi nuen aitarekin lehen hilabetean Bartzelonan egin nituen hiru urteetan baino. Ikasketak, batez ere, alde teorikotik zuten praktikotik baino gehiago; ofizioa, beraz, aitarekin ikasi nuen».

Erreferentzia sektorean

Aitor Rodriguezen urte luzetako jardunak, baina, izan du emaitzarik ere. Garrantzitsuena eta azkena One Eyeland webgunearen partetik jaso duen aipamen berezia. «One Eyeland webgune bat da, argazkilari profesional talde batek sortua. Helburu bezala du mundu mailako argazkilari profesional guztiak bateratzea, lehen mailako argazki-base bat izateko asmoz», azaldu du. Hori hala, webguneko arduradunek jasotzen dituzten argazki guztien artean filtro bat egiten dute; minimo batzuk beteta, euren kolekzio ofizialean agertzen dira argazkiak. Kolekzio ofizialaren baitan hiru aipamen nabarmentzen dira bereziki: eguneko argazkia, asteko argazkia eta hileko argazkia.

«Lehenengo filtro hori gainditzea garrantzitsua da jada. Zure izena zabaltzen laguntzen dizu, eta bezeroei egiten duzun lanaren berri emateko baliagarria da, baita norberaren estiloa zabaltzen laguntzeko ere. Prestigioa ematen duen webgune bat da, mundu mailan gainera», adierazi du Aitorrek. Bere lagun baten esanei esker iritsi zen webgunera, eta «ikaragarria» iruditu zitzaiola dio: «Lehen mailako webgune batekin aurkitu nintzen, profesionalei begira eginikoa». Hala bidali zituen bere lanak webgunera, urrun iristeko asmo handirik gabe. «Pentsatzen duzu zure argazkiek ez daukatela hainbesterainoko mailarik, ez direla hautatuak suertatuko. Baina nire erreferentzia guztiak daude bertan, eta horrek eraman zidan nire lanak bidali eta zortea proban jartzera», azpimarratu du.

Zoria proban jartzeko, baina, babak heltzean jarri behar. Eta halaxe egin zuen Aitorrek, bai eta asmatu ere: eguneko argazki –picture of the day– bezala hautatu zuen webguneak bere lan bat. «Zure argazkiak aipamen berezi bat jaso duela jakiteak kristoren txutea ematen dizu, batik bat sona handiko argazkilariek osatutako epaimahai baten erabakiaren ondorio dela dakizunean. Hautatua izan zen argazkiarekin baneukan esperantza apur bat, ondo eginiko lanaren emaitza zen eta», onartu du. Aipamenak, batez ere, argazkilarien sektorean dauka eragina, eta sona irabazteko balio izan dio.

Ofizioaren ajeak

Aitor Rodriguezek, argazkilari gisa, izan du bilakaerarik, baina argazkilaritza berak ere bai, tamaina handiagoan agian. Aitorrek, argazkilari bezala, orain sei-zazpi urte eman zuen saltoa FEPFI Argazkilaritzaren eta Irudiaren Profesionalen Espainiako Federazioan izena eman zuenean. «Ordura arte oso argazkilaritza klasikoa jorratu izan nuen. Produktu jakin bat eskaintzen genuen, norabide jakin bat jarraitzen zuena, betiere asko aldendu gabe norabide horretatik. Kontua zen jendeak ere hala eskatzen zigula», azaldu du. Federazioan sartzearekin batera, baina, argazkilari ezberdinak ezagutzen hasi zen Aitor, erreferentzia berriekin aurkitu zen... «Ohartu ginen gauzak ongi egiten genituela, baina hobetu genitzakeela», gaineratu du.

Aldi berean, baina, gizartearen digitalizazioa eta irudiaren kulturaren indartzea etorri dira: «Horrek beste arazo batzuk ekarri ditu: erretratua gutxietsi egiten da egun eta ez baduzu ezer berritzailerik egiten badirudi ez zaituztela baloratzen. Selfie-kin gertatzen dena da, adibidez, argazki originalak ateratzen direla, baina kalitate aldetik hutsaren hurrengoak direla». Jendeak molde klasikoak albo batera utzi izanagatik ere, errezeloak ere badaudela gaineratzen du Aitor Rodriguezek, «batez ere lan modernoago bat eskatzen dizun horren familiaren partetik».

Kontuak kontu, baina, oso argi dauka Aitorrek zein den jarraitu nahi duen bidea. Eguneroko momentuak eta, batez ere, pertsonak erretratatzea du gustukoen, eta horretan sakontzea gustatuko litzaioke: «Adibidez, familiarekin oporretara noanean eta, gauden toki horretako jende heldua, bertako jantzi tradizionalekin, erretratatzea gustatzen zait». Jendea harrapatzeko beste momentu egoki bat ezkontzetan izan ohi dela gaineratu du, «ongi pasatzen ari direla nabari denean, broma bat egiten den momentua harrapatzean...». Erretratu sozialarekin jarraituko du, beraz, baina modu oso kreatiboan, irudimenari bide emanez.

Eta nola ez, jarraituko du ere bere argazkiak hara eta hona bidaltzen, aipamen gehiagoren bila betiere. «Behin maila horretako aipamen bat lortuta, nire buruarengan gehiago sinesten dut, eta horrek ahalegin horretan sakontzera eramaten nau. Behin aipamen berezi bat jaso badut, zergatik ez bigarren bat jaso?», egiten dio galdera bere buruari Aitor Rodriguezek. •