Unai Fernández de Betoño
Arkitektoa

«Bilbao Bizkaia» marka

Aho bete hortz irakurri dut martxoaren 4ko lerroburu bat: «Herri hau abiadura handiko trenarekin zigortu dute». Harridura ez dit baieztapenak sortu, baizik eta zeinek bota duen: Juan Maria Aburto Bilboko alkateak! Sinetsi ezinda, adierazpenaren bideoa bilatu dut, Espainiako enpresaren munduko ustezko eliteak osatutako Nueva Economía Forum lobby-aren gosari-hitzaldian. Berehala egiaztatu dut esaldia testuingurutik kanpo atera dutela kazetariek, Aburtok benetan aditzera eman duena «herri hau abiadura handiko trenik gabe zigortu dute» baita. Gauzak bere lekuan. Koaderno gorritik gehiegi atera gabe.

Bilboko alkatearekin batera, Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ere parte hartu du hitzaldian. Bilbao eta Bizkaia. Hitzaldian ”Bilbao Bizkaia” lurralde-marka azpimarratu dute bi jelkideek. “MyBilbaoBizkaia” da, hain zuzen ere, 2009tik saldu nahi duten produktu turistikoaren izen komertzialetako bat. 2010ean “Bilbao Guggenheim ++” ere erabili zuten, Sanghaiko ez-dakit-zer erakusketa supergarrantzitsu batean. 2011n “Bilbao Bizkaia Next” ere proposatu zuen hiri-marketinaren izar Alfonso Vegarak, baita haren tokiko dizipulu izan nahi duen Andoni Aldekoak ere, orain Urkulluren aholkulari dabilena. Aburtok “Bilbao 30” ere aipatu du hitzaldian, Bilboko erdigunetik 30 minutuko distantzian ibili (gidatu) daitekeen lurraldea adierazteko. Alegia, city branding-aren ideologoei Bilbo txiki gelditu zaie mundu-mailan lehiatzeko, eta inguruak ere propagandistikoki fagozitatu, birbataiatu eta erabili nahi dituzte.  

Bilbotik oso gertu egon arren, hala ere, Ezkerraldeko udalerriak irakurketa megalomano hauetatik alde batera uzten dira behin eta berriro. Zenbaitetan «Bilbao Bizkaia» markaren erabileraren zeharkako onuradun ere izan arren, oraindik periferiatzat jotzen dira Santurtzi, Portugalete edo Sestao; erdiguneko Bilbao Ekintza erakunde publikotik, bederen. Eusko Legebiltzarrean, ordea, erdi ahaztutako eskualde hori suspertzeko batzorde txostengile interesgarria jarri zen abian pasa den 2015ean, EH Bilduren ekimenez. Ezkerraldea eta Meatzaldea sozioekonomikoki berpizteko onuragarria izango da Bilbo-efektua, neurri batean, baina uste dut Guggenheimaren distiraren arrastoa jarraitzen saiatu baino, edo saiatzeaz gain, eskualde horren garapen endogenoaren alde ere apustu sendoa egin behar dela administrazio publikotik.

Garapen endogenoa. Erraza da esaten, zaila egikaritzen. Baina hiriburuen protagonismo azpiratzaile geldiezinak nazioartera begira dauden honetan, edozein hirigintza-erabaki epe motzeko turista-hotelen erreserba-kopuruan justifikatuz, inguruko eskualdeek epe luzeko tokiko begirada zorroztu behar dute. Gertuko ekonomia-sarean txertatutako industria sustatuz, landa eremuko berezitasunak indartuz, natura-espazio degradatuak berreskuratuz, tokiko nekazaritza eta energia sortzea bultzatuz… Alegia, burujabetza maila guztietan suspertuz, Luxenburgon egoitza duten enpresen menpe gehiago ez egotea helburu. Hiriburu handiaren itzalpean sekulako potentziala dagoelako. •