Xabier Mikel Errekondo

«Look»-a

Haize freskoa sartu da look homogeneoena darabilen euskal familiara leiho hertsien zirrikituetatik eta barruko airea helikopteroen aspek lez hauspotu du, eta harrotu. Eta asaldatu egiten dira oraindik hiztegi- eta janzkera-molde ohikoegiak dituztenak, eta ohitura zaharkituei hertsiki lotuta daudenak; hori ez da ez gure modua ez gure estiloa salatuz. Baina haize freskoa blaust! sartu da, nahiz ikuspegi itxian betiko hautsetan baino ohituta ez daudenentzat (hitz jario, bota, praka, jaka, kazo-orrazkera koletaduna, kopetilun eta ezpain haserretu pedigridunak) agian pufada handitxoa izan… Western bateko saloon-eko ate bikoitza kolpe lehor batez guztiz zabaldu eta barrarainoko tarima urratua takoi erraldoidun lehoinabarrezko zapata berdeetan urrats bakoitza Lola Floresen garboarekin zanpatuaz eta ezpain gorri-gorri eta biziekin zeharkatu izan balu bezala sartu da, aldarrikatuz hemen nago eta hauxe naiz ni! Halere, kosta behar du etxe barruko bakeroei hamarkadatan metatu hauts eta goroldioak eransteraino harrotzea. Errazago dira aldarrikatzen biluztasuna eta eraldaketa... besteenean.

Bazen garaia bizpahiru hitzekin goiti-behiti ezkerreko eta independentistatzat arazorik gabe identifikatzen gaituztenei gauzak zailxeago jartzekoa, pittinka bada ere… look bat eta bakarra apurtuaz. Pack berean hartu genuen look-a gorde dezagun historia liburuetarako. Kazo-moldeko ilaje koletaduna jauzi txatartegira eta askatu ileak irudimenez haizeak orraz ditzan; bekain ilun lerro-bakar itsatsiari erausi loktitea beren nahieran mugi daitezen; lasaitu argazki orotan hortzek estu hartutako ezpain zurrunak eta margotu irribarreak, dohainik baitira; eta, erantsi botak, Ternua praka eta jaka, bada eta mundu oso bat zer jantzi… eta zer erantsi.

Nago erakargarriagoak izanen garela bai harremanetarako bai politikarako. Halako haizerik Zeusek baino ez zezakeen sor, Zeus jainkosa Onintzak. Gure haize freskoa, naturala eta bertakoa. Eta esango dutenagatik kezkarik ez, kutsatu haize freskoarekin eta aldatu look-a hire nahierara. 1000skr L’Onin! •