Lapurdiko Pizzak
Lapurdiko Pizzak Nayeli Rivadeneyra eta Damien Laurenzena dira. Mexiko Hirikoa bata, Senperekoa bertzea, biak euskaldunak. Krisiaren erdian ekin zioten bideari, Errenterian, merkatua ezagutzeko pizzerien ateetan zenbat kaxa ateratzen ziren zenbatzen gauak eman ondotik. Naturaltasuna eta kultur nahasketa dituzte eskaintzeko.

Mexikoko banderaren eta euskal ikurrinaren antza duela adierazi du Nayeli Rivadeneyrak labetik, usain goxo-goxoa zabalduz, Barazkia pizza atera duenean. Senarrak, Damien Laurenzenak, irudimen pixka bat behar dela baina izan daitekeela erantzun dio irribarrez. Pizza horretan, eta Errenteriako Corsario Ikutza kaleko lehen zenbakian (Biteri kalearen kantoian) prestatzen dituzten bertzeetan, hamaika kolore, istorio eta pertsona sartzen dira. Beran elkar ezagutu zutenekoa, Perun aitzinera egin ez zuen negozioa, Landetako lehengusuaren sekretuak, Damienen eskubaloiko lagunak... Goazen banan-banan dastatzera.
Nayeli Mexiko Hiritik Arantzara etorri zen bizitzera gaztetxoa zela, amarekin batera. Aldaketa erabatekoa izan zen, jakina. Lekarozera joaten zen ikastera eta bidaiak luzeak izaten ziren Arantzatik behera taxiz eta gero autobusez.
Damien senpertarra Berako Ikuilu tabernan lanean ari zen Nayeli bertako inauterietan barneratu zenean. Ordutik batera egiten ari dira bidea, bizitzan eta lanean ere bai. Aurrena Perun, Arequipan, ardo inportazioko enpresa bat muntatu zuten. Bordeletik eramaten zuten ardoa. Negozioak funtzionatzen zuen, baina bost ziren proiektuan eta ez ziren elkarrekin ongi konpondu. «Nayeli eta biok arlo sentimentalean hurbil ginen zailtasun hori pasatu eta gero, momentu txarretan ikusten dituzulako zinez gertu dauzkazunak. Hortik pauso bat aurrera ematea eta ezkontzea erabaki genuen», kontatu du Damienek.
Uros bizitzea
Motxilan esperientzia horrekin –baita zorrekin ere– bueltatu ziren Euskal Herrira, beraz. Ez ziren momenturik egokienean baina beren tristeziarekin egoera aztertu zuten: «Ez gara ahal handikoak, ahal sinpleak ditugu. Zer egiten ahal dugu gure helburua lortzeko? Gure helburua uros bizitzea da. Utopia iduri du, baina hori da. Eguneroko bizian plazerez egiten ditugun gauzak egitea».
Karpeta bat ireki zuten proiektuak sartzeko. Bazekiten janariarekin erlazioa izanen zuela. «Titulurik ez genuen, nahiz eta ikasketak eta kurtsoak eginak genituen. Zer genuen? Kultur nahasketa. Gure berezitasuna janariaren bidetik azaltzeko bidea ikusten genuen».
Damienek, Errenteriara etortzean, faltan ematen zituen Lapurdiko artisau pizzak. Senperen, sei mila biztanlerentzat bost pizzeria dituzte, Errenterian baino gehiago. Hala, proiektua zehazten joan ziren. Lehengusuak pizzeria bat du Landetan eta sekretu guztiak eman zizkien, masarena barne. Kudeaketaren arloan, aldiz, Oarsoaldea elkartearen laguntza izan zuten.
«2014 hasieran ireki genuen pizzeria eta proiektuari 2013an ekin genion, krisiaren erdian. Gure ahal ekonomikoak oso umilak ziren eta halako proiektu batekin aurkeztean krisi denboran, bankuek mesfidantzaz begiratzen zuten. Borrokatu ginen, banku asko bisitatu genituen eta batek segitu zigun».
Labea eta gainerako oinarrizko materiala erosita aurrekonturik gelditzen ez zenez, batere promoziorik gabe hasi ziren, pentsatuz emeki-emeki jendeak probatuko zuela eta gustatuz gero ongi mintzatuko zela. Hala gertatu da.

Eskubaloiko lagunak
Nayelik erantsi du Damienen eskubaloiko lagunak hagitz garrantzitsuak izan direla. Beti kirolaria izan da lapurtarra eta eskubaloia bihotzean darama. «Ibili naizen herrietan, Perun izan ezik –han ez baitut aurkitu– beti motxilarekin joan naiz entrenatzen den lekura. Aitak txikitatik erakutsi zidan taldeko edozein kiroletan biziaren eskola dagoela. Ekipo batean bizian dagoena aurkituko duzu. Eta arrazoi handia zuen. Errenteriara motxilarekin iritsita, entrenatzera joan eta jende pila bat aurkitu nuen eskubaloia gustuko zuena eta hortik harremanak izaten hasi nintzen. Harreman sozialen sarea osatu nuen horrela. Eta pizzeria ireki genuenean lehenak izan ziren etortzen».
Lehen egunean goizeko ordu batean bukatu zuten. Denak etorri ziren pizza erostera. Ordu eta erdi berandu atera zituzten eta denak irriz, kantari eta animatzen egon ziren. Hala erran zioten kideek Damieni: «Zu zarelako etorri gara, baina itzultzen bagara pizzak onak direlako izango da». Bultzada eman zieten ateratzean ongi solas egin zutelako pizzeriaz. Ahoz aho zabaldu zen ospea.
Mexikarrak oroitu du etxean taloak eta pizzak egiten zituztela ostegunetan eta denak biltzen zirela jateko. Proiektua egitean herriaren merkatua kalkulatu eta pizzen onurak ikusi behar zituzten prezioa emateko, osagaiak pisatu eta probak egin behar zituzten. Kartan hamasei pizza dituzte eta jateko jendea behar zuten. Garai hartan, Damien oraindik jokalaria zela, entrenamendutik landa biltzen ziren trago bat hartzeko. «Ostegun eroa deitzen genion. Irri egin, gitarra hartu… Ostatura joan partez, etxean biltzen hasi ginen. Nayelik baliatzen zuen talo eta pizzak egiteko». Bi gauzak egiten zituzten, ongi pasa eta proiektuarekin jarraitu. «15 metro karratutan hamasei pertsona jaten!», gogoratu dute irriz.
Euskal izeneko pizza bereziak
«Lagunen bidez kritika asko izan genuen, onak lan egiteko. Hemengo kultura eta zaporeko jendearen kritikak». Badira pizzak Ipar Euskal Herrian ongi funtzionatzen dutenak eta Hegoaldean ez hainbertze. Adibidez, Landesa. «Ahatekia dauka eta Iparraldean oso-oso eskatua da, baina hemen ez hainbeste eta nik hori neukan ‘izar’ bezala. Orain gustukoago du jendeak, baina hastapenean ez», azaldu du senpertarrak.
Ez zuten tomate, gasna eta urdaiazpikoaren pizza emateko asmorik, gauza bereziak egin nahi zituztelako. Baina lagun batek ohartarazi zien badela jendea hori bakarrik jaten duena eta eman behar zutela. Lagunaren izena jarri zioten: Aini. Gaur egun, pizzarik salduena da.
Plateren errezetetatik sortzen dute. Axoa, haragi txikitua, patata eta piperrada saltsarekin egiten dena, pizzara eraman dute. Perun ikusitako plater bat ere, saltxitxak patatekin, inspirazio iturri izan dute. Mendizaleak pizza Frantzia iparraldeko mendiko plater batetik dator. Esne-gaina, patata, gasna, urdaiazpiko egosia, hirugiharra, Reblochon gasna, tipula eta arrautza ditu.
Tabernan daudela, pintxo bat hartu eta «ze konbinazio polita!» pentsatzen dute, «pizza batean joan daiteke». Etxean, liburu bat irakurtzen ere etortzen zaizkie ideiak. Eta bertze batzuk egokituak dira. Goxoa adibidez, Senperen hagitz maite dutena. Tomatea, gasna, ahuntz gasna, mozzarela, eztia eta oliba beltzak ditu.
Badute pizza bat mexikarra. Taloa, babarrun purea, hirugiharra edo haragi txikitua, gazta eta saltsa desberdinak daramatzan platera du oinarri. Baina, horretaz aparte, ez dute Mexikoko sukaldaritzaren eragin handirik. Ez da erraza. Ez dute argi nola egin, baina aukera hor dute. Hori bai, taloa eta mexikar tortilla kontzeptu bera dira eta Mexikon erabiltzen den makina bat erabiltzen dute taloak egiteko.
Hilabete batez hamabi pizza asmatzen dituzte urte osorako. Damienek jada ez du eskubaloian jokatzen, baina lagunek etortzen jarraitzen dute, orain pizzeriara, eta pizzak proban daudenean eurek laguntzen diete erabakitzen: «Aurrera goaz pizza hauekin ala ez?». Gero, egun bat hartzen dute argazkiak ateratzeko, bertako argazkilari batzuekin, eta Facebook sare sozialean jartzen dituzte. Hilero bat ateratzen dute. Orain 24 hilabetetarako prestatuak dituzte. Umea izanen dutenez lanak aurreratu dituzte.
Etxekoa bezalakoa
«Ezin dugu enpresa handiekin lehiatu eta zerbait desberdina egin behar dugu. Masan dugu desberdintasun handia, artisau masa freskoa prestatzen dugulako goizero», agertzen dute ondoko kafetegian gosaldu eta pizzerian sartzean. Goitik behera zuriz jantzi dira biak. Nayelik ilea motots batean bildu eta bisera jarri du.
Gasnan ere badute aldea. Hori ere sekretua da. «Beste desberdintasun bat da osagai guztiak freskoak direla. Egunero erosi eta txikitzen ditugu. Lan handia da, baina emaitza etxeko pizza da, naturala», esplikatu du mexikar euskaldunak.
Nayelik egiten ditu pizzak. «Egiten dituen gauza guztietan oso azkarra da, mexikar motelen topiko guztien kontra», dio Damienek. Bere esparrua, aldiz, kontabilitatea, erosketak eta harremanak dira. Ez dituzte pizzak etxez etxe banatzen. Deitu eta bila etorri behar dute bezeroek. Horrek eurentzako funtsezkoa den gauza bat bermatzen die: jendearekin harremana izatea eta irribarre batekin atera daitezen lortzea... eta ez pizzarengatik bakarrik. •

