Galdu eta irabazi
Erdogan, Turkiako lehendakariak, elkarrizketarako bide guztiak itxi eta gerra abiarazi du berriz ere herri kurduaren aurka, inoiz baino bortitzago gainera. Duela ez horrenbeste bazirudien Ocalan buruzagi historikoaren ahotik kurduen mugimenduak eginiko bake proposamenaren ondotik abiaturiko konponbide prozesuak aurrera egiteko aukerak zituela. Hala ere, Erdoganen erabakiak bide horri ate guztiak itxi dizkio, momentuz.
«Zuen proposamenak gero eta zentzudunagoak izan , zuen kontrako jazarpena gero eta handiagoa izango da», bota zuen behin Alec Reid apaiz irlandarrak Euskal Herriko konponbide prozesuaren inguruan. Asmatu zuen, ez da dudarik, eta egun bizi dugun egoera ere ondo deskribatzen du esaldi horrek oraindik ere. Beste horrenbeste gertatu da Turkian ere, hamarkadetako gatazka bide demokratikoetatik konpontzeko aukera paregabe eta historikoa zabaldu izanagatik ere, Estatuaren erantzuna ezin etsigarriagoa suertatu da. Irlanda, Aceh, Kolonbia, Hegoafrika, Myanmar eta abarren ereduak jarraitu beharrean, Turkiak, berriz ere, Sri Lankako bidea hobetsi du. Nire ustez, behin eta berriro esaten dutenaren kontra, gauza argia da ez dagoela herri kurdua desagerraraziko duen gerra estrategiarik. Eta kurduak existitzen diren heinean haien askatasunerako aldarriak bizirik jarraituko du. Zerk eramaten ditu, orduan, turkiarrentzat ere kalte ekonomiko, humano eta demokratikoak dakartzan gerra estrategia mantentzera? Eta are garrantzitsuagoa dena, hori aldatzerik ba al dago? Nola?
Horrelako galderei erantzun borobila emango dionik ez dago, eta balego jarri dadila nirekin harremanetan mesedez.
Estatuek urteetako gerra estrategia bat aurrera eraman ahal izateko bi behar garrantzitsu dituzte. Etsaia deabrutu, eta etxekoa konbentzitu. Erraza dirudi baina ez da. Errepresio zuzen eta argia bakarrik ez da nahikoa. Ez badu lortzen zailtasun handiak izango ditu statu quo-a mantentzeko. Politika horrek ondorio asko dauzka, nik gaurkoan bi azpimarratu nahi nituzke. Etsaiarekin eseri eta akordioak lortzeko, etxean sortu duzun iritzi orokor horrek ez du batere laguntzen, urteetan esan eta agindu duzunaren kontrako ekimena baita. Askotan errazagoa bilakatzen da gerra egoerarekin jarraitzea, pentsamendu orokor hori aldatzea baino. Ezin ahaztu ere iritzi edo jarrera orokor horrekin batera, gerra estrategiaren inguruan botere ekonomiko, faktiko eta militar ezberdinak sortu eta handitzen direla, eta politika aldaketa oro arrisku bezala ikusten dutela.
Urteetako eraso, errepresio, gutxiespen eta diskriminazio iraunkorrak asko zailtzen ditu erdibideko irtenbideak. Egun “unionismo demokratiko” berriek mahaiganeratzen dituzten proposamenak daukaten arazo nagusietako bat egingarriak ez direla da. Politak oso, baina gauzagarriak ez. Turkian bizi diren herri eta nazio guztiak aintzat hartu eta errespetuan eta berdintasunean tratatuko dituen gobernu bat epe laburrean egongo denik sinestea ez da, nire ustez, oso errealista. Horrek ez du esan nahi hori defendatu eta aurrera eramaten saiatzen direnak gutxietsi behar direnik, egiten duten lana oso garrantzitsua baita, eta, bihar arazoa konponduko ez badute ere, epe ertain eta luzera aldaketa sakonak ekar baititzakete.
Baina orain esan dudanaren kontra, beste toki batzuetan gertatu, gertatu da; Hegoafrika, Irlanda eta Kolonbian aurrera doazen prozesuek frogatzen dute horrelako aldaketak gerta daitezkeela. Politikan, gerran eta bizitzan ere esango nuke, aldatzen dugu, aldaketak onurak ekarriko dizkigula uste dugunean. Galdu eta irabazi arteko balantzak bigarrenaren alde egiten duenean. Turkian ere gertatu, gertatuko da, baina herri kurdua ezin da hori noiz gertatu itxaroten egon, eta, orain arte bezala, euren taktika politikoa eguneratzen, lanean eta borrokan jarraituko dute kurduek; herriaren alde lanean, herritarrak hobeago bizi daitezen, konponbide absolutu eta osoa ekarriko duen “D eguna” existitzen ez dela jakinda. •

Kalekantoi taldea: 1615eko euskal baleazaleen kontuak eta kantuak Islandian

1936ko abuztuan, atzerriko ehunka boluntario iritsi ziren Gipuzkoara faxismoari kontra egitera
