2016/04/09

Katez

Hasi berria den musika talde baten lehen pausoak, estropezuak, arrakastak, ilusioak, erronkak... Leitzako Larbandon, lehen futbolariek botak lotzen zituzten tokian, Katez musika taldeko sei kideak zapatak gogor lotzen ari dira, musika bide oparoa ibiltzeko grinaz. Aste honetan bertan ikusi du argia taldearen lehen lanak: «Begi itsuak».

amagoia.mujika@gaur8.info
Pd28_katez1

L eitzakoak dira, 19 eta 23 urte bitarte dituzte eta musikaren bueltan gustura elkartzen dira. Duela bi urte inguru sortu zuten Katez musika taldea eta geroztik 22 kontzertu eman dituzte –«ondo kontatuak ditugu», diote umorez–. Atzotik salgai dago taldearen lehen diskoa, “Begi itsuak”, beren kabuz egindako lana. Orain arteko bidea ez da erraza izan, eta ez dirudi aurrerantzean samurtuko denik. Musika talde hasi berri baten testigantza jaso dugu Leitzako Larbandon, garai batean futbol zelaiko aldagelak hartzen zituen eraikinean, Udalak utzi eta taldeak berak txukundutako entseatzeko lokalean. Taldea sortu zutenean Leitzako Udalak entseatzeko lokal hori utzi zien. Eraikina Leitzako Aske taldearekin partekatzen dute eta bertan atondu du bakoitzak bere lokala.

«Txikitatik ibili gara elkarren inguruan eta seiak gara musikazaleak. Horrela hasi ginen juntatzen musika egiteko eta, gero eta gusturago sentitzen ginenez, taldea sortzea pentsatu genuen», hasi da kontatzen Oinatz Mariezkurrena, bateria. Katez taldea sei musikarik osatzen dute: Unai Urkiola eta Markel Barriola abeslariak dira; Mikel Sagastibeltza eta Manex Moreno, gitarrak; Julen Zeballos, baxua, eta Oinatz Mariezkurrena, bateria. GAUR8ren hitzordura Barriola, Zeballos eta Mariezkurrena agertu dira, beste hirurek astea Leitzatik kanpo ematen baitute ikasketak eta lana direla medio.

Taldearen abestietan aise igartzen da abeslari bakoitzak beretik ematen diola taldeari; Unai Urkiola gogorragotik aritzen da, eta, Markel Barriola, melodikoagotik. «Nik uste metalcore melodikoan kokatzen garela, baina ez daukagu oso garbi zein den gure estiloa. Oso desberdinak diren bi ahots ditugu eta horrek asko markatzen du gure estiloa, eta definitzen zaila egiten du», esan du Zeballosek.

Katez taldearen musika entzutean oihu egiteko gogoa eta gauzak kontatzekoa sumatzen dira. «Bietatik dauka taldeak, lotzen gaituzten kateak askatzeko behar bat, oihu bat, eta gauzak kontatzeko gogoa. Horretan nahiko zabal uzten ditugu ateak, gure letrak oso irekiak direlako, entzuten duenak beretik interpreta dezan mezua», segitu du Barriolak. Abestiak taldean sortzen dituzten arren, letren pisu nagusia Mikel Sagastibeltzak hartzen du, idaztea asko gustatzen zaiolako.

«Maiz autoan, eskolara bidean edo dutxan sortzen zaizkigun ideiak ekartzen ditugu lokalera eta denen artean eztabaidatzen ditugu. Batzuetan aurrera egiten dugu eta bestetan bazterrean geratzen dira. Aurrera egiten dugun abestiei ere mila buelta ematen dizkiegu gureak egin arte», esan du Zeballosek.

22 kontzertu. Aipatu digute aurkezpen txartelean. Lehena, duela bi urte, Leitzako gaztetxean, «ederki sufritutakoa». «Oso urduri ginen, bezperan lo gutxi eginda, eta kontzertua oso azkar joan zen. Esperientzia txarra izan zen», gogoratu du Mariezkurrenak. «Ni abesten hasi eta hirugarren abestirako ahotsik gabe geratu nintzen. Eskuak poltsikoan aritu nintzen, ez nekien zer egin. Bukatu egin nahi nuen, bukatzea besterik ez nuen buruan», aitortu du Barriolak.

«Ni beste bi musika taldetan ere aritzen naiz, 15 urte ditudanetik aritu naiz kontzertuetan eta, horregatik edo, lasaien ni nengoen oholtzan, nahiz eta urduri egon. Lehen kontzertu hori grabatuta daukagu eta ez dugu inoiz ikusten, ez zaigulako batere gustatzen».

Sufritzetik gozatzera

Baina, hala ere, eta lehen oholtza gazia izan arren, bidean segitu zuten. Azken kontzertua, hogeita bigarrena, Laudion eman zuten joan den martxoaren 27an, Gazte Danbadaren baitan. «Kontzertu bikaina izan zen, izugarri gozatu genuen, eromena. Ez dakit hori gainditzeko gai izango garen. Plaza ederra izan zen, jende asko bildu zen eta izugarri gozatu genuen».

Bi urteren buruan, «ederki kostata», agertokian sufritzetik gozatzera pasatu dira Katez taldekoak. «Hasieran bertsioak jotzen hasi ginen, gure kanta batzuk tartean. Pixkanaka gure kantak bakarrik jotzera pasatu gara eta konturatu gara jendeak berdin gozatzen duela. Hori da guretzat ederrena», esan du Zeballosek. «Interneten abesti bat daukagu zintzilikatuta eta oso zirraragarria da kanta hori jotzen dugunean jendea kantatzen ikustea, kanta ezagutzen dutela konturatzea. Oso sentsazio berezia sortzen du horrek», gaineratu du Mariezkurrenak.

Oholtzan gozatzen ikasi dute eta beste pauso bat ematea erabaki dute: diskoa kaleratzea. «Denak ikasleak gara eta lanean bi baino ez gaude –orain hasi da hirugarrena–, horregatik ez da erraza ekonomikoki proiektua aurrera ateratzea. Kontzertuetan normalean afari truke eta horrela aritzen gara, nahiz eta esan beharra dagoen espero ez genuen zenbaitetan zeozer ordaindu digutela. Baina zerotik hasi gara, ez genekien nondik hasi. Gastuak gure gain hartu ditugu ahal izan dugun neurrian eta gurasoen laguntza ere izan dugu –gure fan handienak gure gurasoak dira–. Horregatik ez zegoen hasierako asmoetan disko bat ateratzea», hasi da kontatzen Zeballos. Baina, Nafarroako talde desberdinek elkarlanean osatutako lan baten harira beren abesti bat estudio batean grabatzeko aukera izan zuten duela hilabete batzuk. «Liluratuta geratu ginen emaitzarekin, sekulakoa izan zen; izugarri gustatu zitzaigun abestia nola entzuten zen eta diskoaren ideia mamitzen hasi ginen», segitu du Barriolak.

Denbora paretsuan, gainera, Gora Iruñea plataformak antolatutako abesti lehiaketa baten berri ere izan zuten eta aurkeztea erabaki zuten. Berriz sartu ziren estudioan abestia grabatu eta lehiaketara aurkezteko. Kasu horretan Alakrania Records grabaketa estudioan aritu ziren, bertako Arkaitz Miranda ezaguna zutelako. Eta berriz ere, gustura estudioan. «Abestia entzun eta esan genuen, ‘ze elegante geratu den’», nabarmendu du Zeballosek. Bada, Gora Iruñeak antolatutako lehiaketa irabazi egin zuen Katez taldeak 2015ean. Eta sanferminetan Gora Iruñea plataformaren gunean eman zuten kontzertua, «Zea Mays-ekin batera, pentsa», nabarmendu dute. Zortea ere parean izan dutela sentitzen dute: «Anoetako gaztetxean eman genuen bigarren kontzertua eta Governers taldearen telonero izan ginen; Algortan, berriz, Eskean Kristo taldearena. Hori sekulakoa da».

Aurrerantzean kontzertuak emateko gogoz daude. Gaztetxeak plaza maiteak dituzte, «nahiz eta beste edozein tokitan jotzeko prest gauden», zehaztu dute umorez. «Gaztetxeetan beti tratatu izan gaituzte oso ondo, etxean bezala sentitu izan gara. Giro beroa da eta harrera bikaina. Elkarlanean antolatutako lana ikusten da gaztetxeetan eta asko gustatzen zaigu giro hori. Afaria bertan prestatua... oso giro berezia sortzen da. Gainera, gure taldean arazo txiki bat daukagu, bi zeliakoak garelako. Baina sekula ez digute trabarik jarri eta gurera moldatu dira. Egia esan oso ondo tratatu gaituzte», esan du Barriolak.

Esandakoa, atzoz geroztik Katez taldearen lehen diskoa kalean da. «Leitzako tabernetan egongo da salgai, baita inguruko herri batzuetan ere. Sare sozialen bitartez ere eskuratu ahal izango da. Nahi duenak topatuko du diskoa», bukatu dute. •

«Hasieran bertsioak jotzen hasi ginen, gure kanta batzuk tartean. Pixkanaka gure kantak bakarrik jotzera pasatu gara eta konturatu gara jendeak berdin gozatzen duela. Hori ederra da»

«Interneten abesti bat daukagu zintzilikatuta eta oso zirraragarria da kanta hori jotzen dugunean jendea kantatzen ikustea, kanta ezagutzen dutela konturatzea»