Xabier Mikel Errekondo

Alderdi teknokrataren mugimendu kalkulatuak

PNV SA, kudeaketa bera helburu, botere guneak bereganatzea, baliabideak bere nahierara bideratzeko elkarte anonimoa. Xedea irabaziak, bidea botere gune publikoen kontrola eta kudeaketa. Profesional bihozgabeak, guztiona “familiako” holding elkarte anonimoen artean banatzen maisuak. Batek bestea elikatu elkar elikatzeko. Zilborrestea.

Gas eskitoa eta petrolioaren ikerketa, prospekzio, azterketa zein ustiaketarako fracking teknologiaren kontra agertu da berriki Madrilen oposizioko alderdi guztiekin batera. Praktikan, ordea, legegintzaldiaren amaiera arteko moratoria eskatu dute. Ekaina arte? Iraingarria. Mugimendu kalkulatua, jakitun Legebiltzarrerako hauteskundeei begira higadura iturri zaiela. Gero gerokoak. Denboraren haizeak hitz larriak ere higatu eta hondar bilakatuko baititu.

Zubietako erraustegi toxikoarentzat sei urteko moratoria eskatu zuten Usurbilgo Itunetik hamasei alderdi, sindikatu eta eragilek. Hondakinen kudeaketa osoa eztabaidatu eta erabaki zedin, amankomunean eta behar beste denboran. Ukoa erantzuna. Gipuzkoako Aldundirako hauteskundeak galdu ostean, ordea, sei hilabeteko moratoria onartu zuen PNVk. EH Bildu antzu baten aurrean mugimendu kalkulatua, 2015ean berreskuratu baitzuen boterea. Azeri zahar aseezinak badaki bere unea itxaroten. Bitartean, hondakinen inguruan sua piztu eta giroa gori-gori jartzeraino hauspotu zuen, EH Bildu izututa joko zelaitik erretiratzeraino. Erraustegiari aurre egin diezaiokeen bilketa sistema bakarrari, atez atekoari, eraso etengabean darrai. Galdeketen abanderatua bilakatua, alajaina! Baina behar besteko informaziorik eta eztabaidarik gabeko galdeketa, galdeketa itsua da. Nahasmendu itsustuaren erdian ariketa maltzurra. Amarrua. Mugimendu kalkulatua.

EH Bildu eta Podemos aurka izanik, PNV jakitun da 2019 arteko epea duela erraustegia atzera ezina egingo duten erabakiak hartzeko. Eta hartu egingo ditu. Berari bost osasuna eta minbiziak! Enpresekin bat elkar elikatzen jarraitu nahi du. Kalkulatua du mugimendua, erraustegiarekiko inolaz ere ez du galdeketarik onartuko. •