EXPRAI
SANFERMINAK 2016

Hau da Iruñea eta hauek gure kartelak

Udaberriarekin batera udara begira jartzen da Iruñea. Eguraldia goxatzeaz gain, uztaileko eta hiriko festetako usaina sumatzen hasten da Nafarroako hiriburuan San Fermin jaiak iragartzeko aukeratuko den kartelaren harira. Urtero zortzi finalista eta urtero askotariko haserretarako hainbat arrazoi, epaimahaiari gustu eta irizpide falta leporatuz: kartelak itsusiak direla, beti berdinak direla, ume batek egindakoak diruditela… Eta horrela, iskanbila txiki batekin, hasten dira Iruñean festaren atarikoak, hurrengo kapitulura arte, non behin kartela aukeratuta beste zalaparta txiki bat izango dugun herriak egindako hautuagatik...

kartelak
kartelak

Iruñeko Udalak 1985ean utzi zion San Fermin jaietako kartela egiteko eskaera zuzenean artista bati egiteari, eta, lehiaketaren lehenengo urteetan nolabaiteko askatasunez aritu baziren ere egileak, mende laurden inguru daramagu jada diktadura estetiko zehatz baten pean. Jakin behar dugu, ordea, ez dela beti horrela izan eta ez duela zertan horrela izan behar. Kontuak kontu, lehiaketara bere lana aurkezten duenak saria irabazi nahi du, noski, eta ahalik eta biderik komertzialena bilatuko du horretarako. Eta deialdiaren oinarrietan badira idatzi gabeko arau pare bat urtetik urtera erlijiosoki errespetatzen direnak kartelen gaiei eta hauen tratamenduaren inguruan. Lehenengo araua kromatikoa da: irabazteko zuria, gorria eta beltza beharrezkoak direla egiaztatzen badu diseinatzaileak, hortik joko du tinko. Bigarrena, ikonografikoa: aurreko irabazleak ikusita santua, zezenak, korrikalariak… nahitaezkoak direla ulertzen badu, amen egin eta bere afixan ere jarriko ditu egileak, banaka edo nahasturik.

Errealitate horrek eragin zuzena du ikusleen artean: déjà vu etengabearen edo kartela aurretik ikusita izanaren sentsazio bazterrezina. Urtero gai berak antzeko tratamenduarekin ikusteak indarra kentzen dio nolabaiteko homogeneotasun horretatik ateratzen den edozein zortzikoteri, baina epaimahaiak askoz gehiago egiterik ez duelakoan nago, betiere gutxieneko ezaugarri tekniko batzuk aintzat hartu beharrean baldin badago konposizioari, tipografiari, erreprodukziorako gaitasunari… dagokionez.

Nolakoak dira sanferminak?

Festaren isla den ispilua bilatzen du jende askok kartelotan, kontuan hartu gabe horrenbeste jende biltzen duen festak beste hainbeste bizipen eta irakurketa eskaintzen dizkiola bakoitzari. «Zezenik gabe sanferminak ulertzerik ez dago», «santua bera da sanferminen bihotza», «parranda hutsarena ez da eman nahi dugun irudia» eta antzeko esaldiak ohikoak dira aukeratutako kartelen aldeko zein kontrako argudioak emateko. Ez dakit, feston nazioartekotzeari dagokionez, kosmopaletismo hutsa ez ote den mundu osoa erakarri nahi izatea aldi berean gehiegikeria horri muga jarri behar zaiola aldarrikatuz...

Izan dira beste era bateko kartelak ere, ausartagoak, irudimentsuagoak, konplexu gabeak. Lehiaketako finalera ere iritsi izan dira horrelako hainbat, baina gehienetan ez dute jendearen onespenik lortu. Onerako edo txarrerako, baina, Iruñean da bai lehiaketa bai erabakia ere.

Zezena

Diseinatzaile baten kartel picassianoa. Ohiko gai bat lantzen du, baina oso txukun egin du egileak. Orekatua, konpentsatua eta tipografikoki zaindua da emaitza. Hotz samarra gertatzen zait eta pena ematen dit, zezenaren itxura prehistorikoa asko gustatu zaidalako, baina, akaso, ahalik eta garbien egin nahi horrek, indarra kendu dio azken emaitzari. Lehiaketa honetan horrelako sasilogotipo asko ikusten da, baina kartel batek beste zerbait behar duelakoan nago.

 

 

Txuribeltz

Urtero dugu sinpletasunaren eta garbitasunaren aldarria egiten duen lan bat, jendearen haserrea sortuz. Zezen bat eta korrikalari bat. “S” eta “F”. Zezena, beltza; korrikalaria, zuriz jantzia. Atzean, gorria. Testuak ez dio toki gehiegi kentzen kartelari. Zertarako? Handiagoa izateak ez lioke mesederik egingo. Ongi dago dagoen moduan, baina joko chillidar hauek (batez ere koloreokin) ikusiegiak egiten zaizkit. Aldi berean, baina, ez diot edertasuna ukatuko: oso konposizio duin eta fina iruditzen zait.

Festaren koloreak

Santua irudikatzeko collage bat. Koloretsua da besteen ondoan, nahiz eta ohiko tonuak nagusitu. Akaso beltza faltan botatzen zuelako sartu du egileak kolore hori beheko tiran. Tipografikoki gehiago eskatuko nioke: testuaren konposaketa ongi ikusten dut, baina irudiarekin uztartzean lortutako emaitzak ez nau asetzen. Teknikoki oso landuta dago eta Iruñean bere publikoa izango du, inolako zalantzarik gabe.

 

 

 

Ama a tu madre

Garai batean multikopistarekin egiten ziren kartelen estiloa gogorarazten dit. Irudirik ez, hizkiak soilik; batzuk tipografikoak, besteak kaligrafiakoak. Egileak hitz joko bat egin du bertan botatako mezuarekin: Batetik, “Ama/Maitatu” gomendio elebiduna botatzen digu. Aldiz, kartelari izenburua jartzerakoan, euskarazko “Ama maitatu” itzuli du “Ama a tu madre” esateko. Joko polita iruditu zait bi mezu positibo uztartzeko. Hortik aparte, ariketa kontzeptual honi ez diot ibilbide luzerik ikusten.

Reinas

Tipografikoki gehiegi landu gabe badago ere, irudia oso potentea da eta aukerak izango ditu. Lau emakume erakusten dizkigu, elkarren arteko konplizitate keinu polit batekin. Kolorearen trataera ere –ohikoa izanik– egokia da; sinpletasunaren bila, baina ongi aukeratutako tonuekin. Irudiak balore asko islatzen ditu: emakumeak dira, irribarretsu daude, festetako ikur nagusietako bat dira, mundu zabalaren irudikapen ikonikoa hirian… Oso positiboa.

 

 

Pañoletas

Txupinazoaren aurretiko azken minutua irudika dezakeen kartela. Epaimahaiak aurkezpenean azaldu zuenez, berdintasuna islatzen omen du, klaserik, adinik, generorik ez. Aldiz, estanpatu gisako patroiak indargabeko homogeneotasunera daramala deritzot. Finean, ordenatik eta lerroetatik at den ideia batez ari gara sanferminak aipatzean. Diseinuaren eskola klasikoetara jo du grafikoki, baina nik ez dut oso egokitzat. Tipografiaren erabilerak ere krak egiten dit.

 

 

San marrazkin

Oso sanfermineroa. Nahaste-borraste hutsa, bere horretan gehiegi konplikatu gabe. Umeen presentzia dakarkigu marrazkien bidez, baita nazioarteko ikuspegia ere txertatutako testuen bitartez. Oso ebokatzailea iruditzen zait. Adierazpen mugagabea biltzen duten tabernetako komunen ateen antzera. Tipografia aldetik ere egokia ikusten dut, hizki nagusiekin autoerreferentziala izanik. Oso alaia, oso sinpatikoa, eta, gainera, jendeak lasai asko esan dezake ume batek egina dirudiela. Erreginekin batera, nire gogokoena.

 

 

Recorrido San Fermin

Gutxien gustatu zaidana (bati tokatu behar). Beste irudi bat osatzeko kontzeptuen horrelako uztarketak ezagutu izan ditugu, baina aurtengoa oso behartua iruditu zait. Gauza gehiegi azaltzen ditu: entzierroa, santua, zezen plaza... Figuratiboegia da; sotilagoa balitz, irudimenari zertxobait gehiago utzi izan balio, emaitza bestelakoa litzateke. Hotza egiten zait, eta irudia eta tipografia ez datozela bat iruditzen zait. Hala ere, aipatutako osagarriok puntu asko emango dizkiote.