Maite Idirin
Kantaria

Kantua grinaz kultibatua

Emandako fruituengatik epaitzen badugu, Manex Pagola euskarak eta euskal kulturak lehiatsuki liluratu zuten pertsonaia emankorra dugu. Publikoarekin lotzeko lehen saioan, 1958an, «Euskal gudari» antzerki pieza eta «Zikilimarro» haurrentzako abestia idatzi zituen. Bi produkzio genero hauek grinatsuki kultibatuko ditu bizi osoan, nahiz kantua arras nagusitu denborarekin. Baina Manex hurbiletik ezagutzen duen orok, badaki «antzerkilariaren» keinuak hor daudela kantuaren orduan ere.

1978an argitaratutako «Biba turismoa!» besterik ez diogu ezagutzen antzerki alorrean. Hala ere, «Zazpiri bai» eta «Ortziken» ikuskizunetan antzerkiaren partea garrantzizkoa da. Talde lanak izan baziren ere, ikuskizunaren antzeztasunean ekarpen garrantzitsua ukan zuen.

Harengan kantuarekin euskal gizartea sozialki eraldatzeko grina nagusitu zenean, adierazia zuen tradiziozko euskal kantuak, bertsoak eta herri-antzerkiak amultsuki barneratuak zituela. Bazekien musika eta hizkuntza elkar elikatzen duten bi sistema direla. Baita musikak eta prosodiak sare berezia eho ohi dutela. Baita doinuaren nota luzeak bat etorri behar direla bertsoaren etenekin ere. Baina, ez da tradiziozkoaren kultibadore hutsa. Euskal gizartearen berritzea euskal kantuaz erdietsi nahi izan du. Sortu dituen testu poetikoetan bezala, melodikoetan tradizioa eta modernitatea gurutzaturik dabiltza. Hala ere, modernitate jakin batera mugatzen da haren mundua. Laborantza eta artzaintza erasota ageri diren euskal gizarte ardatzean grina abertzale-sozialez eraikitako irudiak eta metaforak dira nagusi. Industriala eta postindustriala bere gogoeta munduan egonik ere, ez dira isuri haren kantutegira. •