Luciana Bohne
ATZERANZKO JAUZI HANDIA

AEBen gerra ilegalak munduan

AEBetako primarioetako kanpainan mundua dominatzeko helburuarekin herrialdeak egiten dituen gerra militar eta ekonomikoak ia aipatzen ez direla ikusita, historiaren zehar jokabide horren arrazoiak zeintzuk izan diren adieraziz analisi kritiko eta sakona eskaintzen digu orriotan Luciana Bohne Pensilvaniako Edinboro Unibertsitateko irakasleak.

Hauteskundeotan gai honetaz hitz egiterik ba al da? AEBak arma-fabrika dira, Etxe Zuria gerrarako aginte-gela eta, presidentea, planeta berriz kolonizatzeko konspirazio neoliberalaren managerra. Gerra eta masazko pobrezia esportatzen dituzte. Fronte ekonomikoan, neoliberalismo lukuraria; fronte militarrean, gerra ilegalak. Horiek dira XXI. mendean mundua dominatzeko AEBen batailaren lubakiak. Eta hori gelditzen ez bada, oso mende laburra izango da.

1945. urtetik aurrera, AEBetako “Manifest Destiny” doktrinak, hau da, “mehatxu gorriaren aurkako mundu librearen gurutzadak”, munduan zehar 20 eta 30 milioi heriotza eragin zituen, baita munduko biztanleriaren herenaren bonbardaketa ere. XIX. mendean, AEBek beste mota bateko “mehatxu gorria” deuseztatu zuten, itunak idatzi eta suntsituz, lurrak lapurtuz, herri osoak masakratuz, populazio amerindiarrak artaldeak bailiran kontzentrazio esparruetara (“indiarrentzako erreserbak”) eramanez, “basatiak zibilizatu” beharra aitzakia. 1890erako, Wounded Kneeko lakoten masakrea gertatu zen urtea, mugako lurren jabetza –barne inperialismoa– bermatuta zegoen. Beraz, mundu bat zegoen konkistatzeko eta zinez desiragarriak ziren Kuba eta Filipinetan pausatu ziren AEBeen begiak.

AEBen kanpo inperialismoa

Orduan, baina, 1917an, zeharo beldurgarria izan zen zerbait gertatu zen. Gutxiengo baten aberastasuna gehiengoaren mesedetan banatzea xede zuen iraultza sozial arrakastatsua eman zen Errusian, 1789. urteko Frantziako Iraultzaren ondorengo bigarren iraultza handia. Munduko agintariek –AEBek, Britainia Handiak, Frantziak eta beraien akolitoek– ezberdintasunak alboratu zituzten eta bat egin zuten demokrazia herritarra finkatzearen eta zabaltzearen mehatxuari aurre egiteko. Errusia inbaditu eta indar kontrairaultzaileak diruz lagunduz eta armatuz gerra zibila bultzatu zuten. Porrot egin zuten. 1939an beste ahalegin bat abiatu zuten, baina Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren aurkako Hitlerren suntsiketa gerra Moskuren garaipen ikusgarri batekin amaitu zen.

1945etik aurrera, denbora labur batez, AEBek herri zibilizatu gisa jokatu behar izan zuten, formalki. Sobietar Batasunak errotik basatia eta konkistatzailea zen ideologia zuela aldarrikatu zuen, terrorean, desagertze behartuetan, asasinatze eta tortura sistematikoetan oinarritutakoa. Aitzitik, AEBak mendi puntako herri distiratsua ziren, “mundu librearen” esperantzaren itsasargia. Beren santutegia Nazio Batuen Erakundea zen; eskritura santuak, nazioarteko legea; bere lehen printzipioa: nazioen subiranotasunaren bortxaezintasuna.

Hori guztia zaborra zen, jakina. Apartheid-aren gizartea zen. Ez behin, birritan bonbardatu zuten AEBek Japonia arma nuklearrekin, jomuga zibilak aukeratuz. Justiziaren atzaparretatik babestu zituzten punta-puntako kriminal naziak beren inteligentzia zerbitzuetan lan egin zezaten. McCarthy senatariak “show-epaiketa” birtualak egin zituen Kongresuan disidenteen aurka, herrialdean beldurraren hazia, histeria, landatuz. Vietnamgo batasuna eta independentzia eragozteko, gerra genozida bat egin zuten AEBek. Afrikako lider independentistak erail eta Latinoamerikan diktadore faxistak ezarri zituzten. Mendebaldeko Europaren okupazio biguna abiatu zuten, NATOren barneko “kooperazio” militarraren bidez bertako herrialdeak soka motzean lotuz. Itxura zibilizatuaren atzean, Sobietar Batasuna azpiratu eta mundu kolonialaren autodeterminazioa zanpatzeko ahalegin errukigabea zegoen.

Bitarteko guztiekin haren kontra egin eta gero, Sobietar Batasuna 1991n desegin zen eta AEBak triunfalismo betean mozkortu ziren. Azkenean, 1917an etendako munduaren konkistarekin jarraitzeko modu zegoen. Muga globala berriz zabaldu eta, XIX. mendean Ameriketako Mendebaldea inbasore europarren eskuetan utzi legez, AEBen identitatea birsortu zitekeen biolentziaren bidez. Maskara onbera erori zen. Eta gero, zaldi zurbileko zalduna etorri. Asaldura ideologikoaren eskutik, historia bukatu zen, ideologiak hil, eta lurreko Jaungoikoaren ondasunen maiordomoa bilakatzeko AEBen misio mesianikoa betetzeko moduan zen.

«Misio zibilizatzailea» martxan

Politika neokontserbadoreen adituen lobby batek, 1990eko hamarkadan “Atzeranzko Jauzi Handia” deitzen dudan mugaren mitoaren birsortzea bultzatu zuen. “The Plan for a New American Century” (PNAC) egitasmoak, hots, Mende Berri Amerikarrerako Planak, XXI. menderako aurreikusten zuen AEBetako baloreak –PNAC taldeko ideologoek “askatasuna eta demokrazia” deitzen zituzten– globalki indartzeko aldebakarreko saioa azkartzea, gerra prebentiboen eta erregimen aldaketen bitartez. Dominazio militarraren delirio frenetiko hori Bushen kanpo politika ofiziala bihurtu zen 2001eko Irailak 11ko erasoen ondoren. Irailak 11 hura baino lehen, baina, Clintonen Administrazioak, “Gerra humanitarioen” doktrinarekin, Nazio Batuen Agiriak debekatutako gerra oldarkorrei atea ireki zien. Munduko mapa AEBen mugarik gabeko ehiza erreserba bilakatu zen, subiranotasunaren printzipioa zapuztu eta gerra egiteko “babeserako eskubidea” eta aitzakia humanitarioa erabilita.

Clintonen doktrina giza eskubideen aldeko politiken eta printzipio liberalen erabilpen goren eta argia izan zen. Horrela eramanarazi zuten ezker liberala giza eskubideen defentsarako gerra eta inperialismoa ontzat hartzera. Carnegie Fundazioak prestatu zuen doktrina hori 1992an. “Gure bideak aldatzen: Amerikaren papera Mundu Berrian” txostenak nazioarteko harremanetan printzipio berri bat behartu zuen, hots, «estatu jakin bateko jende multzo baten jazarpenak edo lekualdatzeak, nazioarteko esku hartzea arrazoitzen du». Txostenaren arabera, AEBek NATO erabili behar zuten printzipio hori betetzeko.

Kontutan hartu behar da, halaber, “gerra humanitarioaren” printzipioak ez duela aginpiderik nazioarteko legedian. Nazio Batuen Gutuna saiatu zen, giza eskubideen zaindari direla uste dutenen aldebakarreko interbentzioak medio, estatu subiranoen kontrako gerrak debekatzen. Debeku horren atzean zegoen arrazoia ez zen bihozgabetasuna, baizik eta Bigarren Mundu Gerra Alemaniak, Italiak eta Japoniak egindako subiranotasunaren bortxaketa multzo baten, edo, beste hitz batzuekin esanda, inperialismo militaristaren ondorio izan zen kontzientzia baizik.

Nazio Batuentzat alarma 1999ko Kosovoko gerrarekin piztu zen. Gerra osteko ordena legala deseraikitzeko ahalegin bipartidistak zeresan handia izan zuen. Kosovoko gerrarekin, Clintonen Administrazioak, gero administrazio errepublikano eta demokrata askok jarraipena eman zioten, NBEko Segurtasun Kontseiluaren oniritzirik gabeko lehen gerra humanitarioa abiatu zuen. Serbiarren balizko genozidio baten aurrean albaniar etniakoak babesteko NATO erabiliz Serbia bonbardatu zuten “clintonitek” agian ez zuten jakingo, edo agian bai, Bigarren Mundu Gerra abiatzeko Hitlerrek erabili zuen aitzakia Polonian bizi ziren gutxiengo germaniarren “babeserako eskubidea”, interbentzio humanitarioa, izan zela. Bazekiten, baina, indarraren erabileraren monopolioa NBEko Segurtasunaren Kontseiluan zegoela. Eta, hain zuzen, Hitlerrek egin bezala interbentzio altruisten eskaera faltsuetan oinarrituta estatu subiranoen kontrako aldebakarreko erasoak eragozteko ezarri zen monopolio hori Bigarren Mundu Gerra bukatu eta gero. Ironikoki, Stalin izan zen Yaltako Konferentzian puntu horretan gehien tematu zena, Sobietar Batasuna NBEn sartzeko honako baldintza exijitzean: edozein gerra abiatzeko erabakia adostasun multilateral baten ondorio izan behar zen ezinbestean eta ez aldebakarreko ekintza bat.

“Clintonitek” oso ongi ulertu zuten bezala, gerraostean bakegintza eta gerra beraren prebentzioa NBEko Segurtasun Kontseiluaren autoritate legalaren pean ezartzea munduko dominazioa lortzeko oztopo izugarri handia zen AEBentzako. “PNAC” planaren eta Carnegie Fundazioaren ikuspegia gauza zedin, Nazio Batuen Erakundea, subiranotasunaren bermatzailea, aldendu egin behar zen. Kosovoko gerraren aurreko garaietan, “clintonitek” nahita desegonkortu zuten NBE, hala, AEBekin nahi beste kolaboratzen ez zuen Boutros Ghali idazkari orokorraren aldaketa behartu eta NATOren menpeko txotxongiloa besterik ez zen Kofi Annan jarri zuten haren tokian. Annanek adeitasunez irizten zuenaren arabera, gerra eta bake kontuetan NBEko Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak ez ziren herri bat larrutzeko –zinikoek gehituko luketen gisa, “berregiteko, zatitzeko edo erregimena aldatzeko”– bide bakarra.

Beraz, orain mundu arriskutsu batean bizi gara. Berriz ere, 1930etik beti gertatu legez, humanitarismoaren aldebakarreko bere zaintza zorrotzari baino beste inongo legeri erantzuten ez dion potentzia hedatzaile bat mundua jazartzen ari da. Kosovon ezarritako aurrekaria kontrolik gabe dabil orain. Libia genozidio bat eragozteko jaurti omen ziren bonben errautsetan kiskaltzen ari da; Siriak genozidioen prebentziorako NATOk eta Persiar Golkoko bere sozioek armatu, entrenatu eta finantzatutako terrorista genoziden kontra bizirauteko borrokan darrai; Afganistanen gerra egoera etengabe makaltzen ari da, bertan diren 10.000 soldadu estatubatuarrek giza eskubideak sustatzeko ospitaleak bonbardatzen dituzten bitartean; Iraken, 25 urteko porrot humanitarioaren ondoren, bueltan dira indar humanitarioak; eta Ukrainan, patriota naziek amerikar balio demokratiko eta humanitarioak sustatzen dituzte Donbass egunero bonbardatzen. Afrika ere ezin ahaztu, bertan indar berezietako ekintzaile humanitarioak Malin, Nigerian, Somalian edo Kenyan terroristak perretxikoak bezala sortzen diren lurrak ureztatzen ari baitira uneotan.

Gero Yemen dator, agian Ekialde Hurbilean gizateriaren kontra egiten diren krimenen artean ahaztu, deskuidatu eta zitalena bizitzen ari den herria. AEBetako Gobernuak Yemenen tropak zabaltzea erabaki berri du. Pentagonoak dioenez, hedatze horrek Saudia Arabia (“Koalizio Arabiarra”) lagunduko du Al-Qaedaren kontrako borrokan. Sentsibilitate minimoa duen edonork aldarrikapen grotesko hori entzun al dezake infernuko barrerik atera gabe? Saudi Arabia lagundu bere kreatura propioaren kontra borroka egitera? Ergelak al gara oraindik?

Interbentzio humanitarioetan, babes eskubidearen aldeko edo terrorearen kontrako gerratan lau bilioi dolar gastatu eta gero, Ekialde Hurbil edo Afrikako estatu soberanoak desegonkortzeko patroiak bere horretan segitzen du, erritmo onean. Munduko gainontzeko herrientzat, subiranotasunaren galera estatuen konstituzioak (gurea barne) birtualki desagerrarazten dituzten itun komertzialen (TTP, TTIP, eta abar) bidez egiten den globalizazio ekonomikoaren eskutik dator. Periferia eta mundu osoa kontrolatzeko ahalegin ekonomikoa lehenestea, “Washingtongo Kontsentsua” deituriko hura baino ez da.

Ideia fundamentalista bat hobesten da: Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Merkataritza Erakundearen bitartez, neoliberalismo globalak eta finantza kapitalak ezartzen duten planetaren kontrol ekonomikoa pobrezia eta kaos sozialerako aukera bat da. Baina, ez, ez nazio subiranoen aurkako gerra militarrek ezta gerra ekonomikoek ere ez dute mundu egonkor, baketsu eta oparo baten antza duen deus ekarri. Heriotza ekarri dute, txikizioa, zorra, merkatuen krisia, errefuxiatu eta desplazatu oldeak, aberastasun masa ikaragarriak gutxi baina oso boteretsu direnen eskuetan kontzentratzea. W.H. Auden poetak “nazioarteko okerra” deitu zuen horrek –bere “1939ko iraila” poeman “inperialismoa” izena emanez–, iraganeko ispiluetatik gure aurpegiak begiratzen ditu, inperialismoak bultzatutako gerra, gerra eta gerra gehiagoren iragarpena eginez.

Testuinguru honetan, “Washingtoneko Kontsentsu” bipartidista eta eraso militarista bipartidistaren amaiera eskatzen ez duen inongo hautagaik, baita establishment-eko alderdi baten disidentea bada ere, ezin izango dio “nazioarteko okerrean” eta basakeria sozialean erortzeko joerari bueltarik eman. Kanpo politikaren hondamendiari inork ez badio “inperialismo” deitzen, hauteskundeak sonanbuluentzako ariketa baino ez dira izango.

Eta ez da ezer aldatuko. Salbu, ia seguru, okerrera.