BINGEN MENDIZABAL

Gasteizko Alde Zaharreko terraza batean eserita dago, 10:00etan puntuan. Sargori egingo duela ematen du, baina oraingoz goiza benetan zoragarria da. Lehenago alaba ikastolara lagundu du. Ez da harrigarria Bingen Mendizabal Argi alabarekin paseoan ikustea. Aulkitxoan eraman ohi zuen garaia gogorarazita, goitik behera kulunkatzen du burua, denbora ziztu bizian igarotzen dela esateaz batera: Argik «dagoeneko» 6 urte dituela dio.
Gaztetan, biolina jotzen hasi baino lehen, txistua eta gitarra jotzeari ekin zion. Txistua, Gasteizko Udal Txistu Bandako zuzendari izandako Felix Ascassorekin. «Oso irakasle ona zen Felix, eta partiturak lumaz idazten zizkigun ikasleoi koaderno banatan», gogoratu du, «baina jeinu txarra erakusten ere bazekien, e?». Ondoren biolina ikasten hasi zen, eta horrekin batera solfeoa, harmonia, kontrapuntua eta konposizioa. Bistan da ez zituela ikasketok alferrik egin.
Kontserbatorioan, besteak beste, Carmelo Bernaola izan zuen irakasle. Ordurako, nolanahi ere, musikari gasteiztarrak bazuen jendaurreko eskarmenturik; izan ere, Gorka Knörren taldean biolina jotzen zuen. 80ko hamarraldiaren hasieran, berriz, Nahiko rock-funk taldearekin teklatuak jotzen hasi zen.
Nahiko taldea desagertu egin zen, baina Bingenek beti izango zuen norekin jo eta txaranga batera sartu zen. Saxofonista ezagun bat zuen bertako kide, Fernando Aldama Tito, Hertzainak taldearen sortzaileetakoa. Hark jarriko zuen Josu Zabalarekin harremanetan eta ondoren garai hartako euskal talderik adierazgarrienetakoarekin kolaboratzen hasi zen. Carmelo Bernaola bezala, Zabala bera ere Otxandiokoa da, eta Bernaolak bezala Gasteizekin lotura estua duela aipatuta, Bingenek berehala agertu du biekiko esker ona: «Bi otxandiar izan ditut maisu, maisu handi!».
Halako batean Bingenen sakelako telefonoak solasa moztu du. Deia amaitutakoan argitu duenez, web bateko arduradunak elkarrizketatu nahi du. Aste honetan lanpetuta ibiliko dela erantzun du jendetasun handiz, baina hurrengoan egin lezaketela, deitzeko, esan dio.
Hertzainak taldearekin emandako urteetako oroitzapen ezin hobea du. «Talde horrek aurrekoa eta ondorengoa markatu zuen», dio taldearen hainbat abestiren moldaketak eta sasoi hartako eta gaurko gazte-zaharren gogoan dagoen “Aitormena” kantaren soka-laukoterako bertsioa egin zituen musikariak.
Baina hurrengo etapa ere oparoa ez ezik, gogobetegarri eta pozgarria ere izan zela dio, lagun onen artean ia konturatu gabe igaroa. Lagun haietako bat, nola ez, Josu Zabala da.
Bingenen curriculum osoaren berri jakinarazteko orrialde asko beharko lirateke. Musika taldeekin egin duen ibilbidea luzea izanda ere, zinemarako egindako soinu banden zerrenda ere ez da makala. Bere lehen lana 1989an egin zuen, Juanma Bajo Ulloak proposatuta: “El Reino de Víctor” film laburraren musika. Bi urte geroago zuzendari gasteiztarrak Bingenengana joko zuen berriro, “Alas de mariposa” sarituaren soinu banda egiteko. Gogokoa zuen Bajo Ulloak Bingenen musika, nonbait, bere hurrengo filmen (“La madre muerta” eta “Airbag” film luzeak eta “Ordinary americans” laburra) soinu bandek ere Bingenen sinadura dute eta.
Bajo Ulloa ez da, ordea, behin eta berriz bere filmetarako Bingenen musika aukeratu duen bakarra: Enrique Urbizu, Mariano Barroso, Francisco Lombardi edo Manuel Gomez Pereirak ere behin baino gehiagotan jo baitute harengana. Montxo Armendarizen “Bihotzaren sekretuak”, Manuel Gutierrez Aragonen “Visionarios”, Imanol Uriberen “La carta esférica”, Julian Templeren “Vigo, passion for life” eta Marcelo Piñeyroren “Kamchatka” Bingenen musikak edertutako film bakan batzuk baino ez dira. Alberto Gorritiberearekin ere behin baino gehiagotan lan egin du, 2007an “Eutsi” filmaren soinu bandarekin hasita; ondoren, “Flysch, haitzen hitza” dokumentalaren musika egin zuen, eta, 2011n, “Arriya” filmarena. Azken horrek soinu bandarik onenaren saria irabazi zuen Malagako Zinemaldian.
Eroso omen dago zinemarako musika egiten, sortzeko prozesuan irudiek iradokorrak izanik, hutsetik sortzea baino errazago gertatzen zaiola dio. «Ofizio kontua da, eta, gainera, zenbat eta film gehiago egin, orduan eta errazagoa gertatzen zait, seguruago sumatzen dut neure burua». Filmen batekin bereziki gustura edo asebeteta geratu den galdetuta, «beti azkenarekin, orain ‘Arriya’-rekin», erantzun du luze pentsatu gabe. Gehixeago pentsatu du erantzun baino lehen zer filmi jarriko liokeen musika gustura, baina ez du zalantzarik egin: «Bati baino gehiagori, ezin nezake bakar bat aipatu, baina gogoan ditudan film horiek oso onak dira beren osoan eta ederto daude daukaten musikarekin».
Baina zinemarako musikak ez dio astia erabat agortu. Izan ere, Hertzainak taldearekin ez ezik, ondoren beste musikari eta talde askorekin partekatu du: Unai Iturriagak, Igor Elortzak eta Josu Zabalak sortu zuten Zazpi Eskale-rekin kolaborazioak eginez; berak Zabala, Alex Ruiz de Azua eta Iñigo Larragoitirekin Bat Bi Hiru Lau taldea sortuz; astelehenero lagunekin Aiztogile kaleko Segundo tabernan kontzertuak emanez... Taberna horretan biltzen zirenek ez dute gehiegizko aurkezpenik behar, besteak beste, Alex Bidazua, Hasier Oleaga, Josu Zabala eta Mikel Urdangarin igaro ziren bertatik.
2001ean, Mikel Urdangarinekiko elkarlana hasi zuen. Kirmen Uriberen testu baten gaineko “Bar Puerto” grabatu eta hainbat kontzertu eman zituzten. Urdangarinen disko gehin-gehienetan ageri da Bingenen eskua, bai moldaketa lanetan bai, gehienetan, zazpi sokako biolina eskuan. Urdangarinen diskoetan eta kontzertuetan ohikoak ziren, halaber, Rafa Rueda, Nika Bitchiashvili biolinista eta Josu Zabala, Bingenekin izandako harreman onari eusten diotenak. Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Mikel Valverderekin “Zaharregia, txikiegia agian” ikuskizunean parte hartu zuen Bingenek, eta bostok sortuko zuten hamar urtetsu geroago “Jainko txiki eta jostalari hura”, aurrekoan bezala poesia, musika eta marrazkia uztartuta.
Azken urteotan, Bingenek tabernetan kontzertuak eskaini izan ditu Alex Ferreira abeslari eta gitarra jotzailearekin, eta harekin grabatu zuen “Bipolar” disko txikia. Ondoren Nika Bitchiashvili batu zitzaien eta talde finkoa osatu dute. Bingeni agur esan ondoren Alexek eta Nikak GAUR8ri jakinarazi diotenez, taldeari Ban deituko diote, hiru kideen izenekin osatutako akronimoa, alegia.
Talde hori ez da Bingenen proiektu bakarra, ordea. Area Audiovisuales ekoiztetxeak Perun aurkitu berri duten hiri baten gaineko dokumental baterako musika egitea proposatu dio. Dokumentalak “La ciudad perdida” izenburua izango du. Bestetik, Eneko Etxebarrietarekin batera haurrentzako ikuskizun bat, “Musikaberintoa”, prestatzen ari da.
Gizon lasai eta atsegina. Lagun artean dibertitzen dakiena, esku artean musika tresnaren bat duela, hobe. Geldirik ez dakien gizon lasaia. •
