Laguna



Bizitzako lehenengo bidaia elkarrekin egin genuen. Askotan bezala, pedalei eraginez atera ginen etxetik, baina, estreinako aldiz, lo non egin behar genuen jakin gabe: 17 urte geneuzkan. Eguzkiarekin batera irten ginen Donostiatik, urduri, pozik, eta eguna pedalkadak ematen eta ematen eta ematen pasa genuen; munduaren azken amildegia aurkitu arte ez zitzaigun burutik pasako bizikletatik jaitsi beharko genuela. Eguzkia jarri zen –munduaren azken amildegia– eta Briviescan geunden, Burgosen, etxetik berrehun kilometrora.
Hantxe egin genuen lo: gure lehenengo bidaiaren lehenengo gaua.
Pasa den martxoan berriz ere etxetik pedalei eraginez atera ginen, lo non egin behar genuen jakin gabe. Eta orain 40 urte dauzkagu.
Tartean, hainbat eta hainbat bidaia egin ditugu elkarrekin. Eta beti solasaldi berdinak. Esango nuke –esatera ausartuko naiz– bizitzaren grazietako bat horretan datzala: zurekin batera pedalei eragingo dien eta zurekin hitz egingo duen norbait topatzea. Beti pedalkada berdinak, beti gai berdinak: dagoeneko hizketagaiei zenbakiak jarri dizkiegu eta horrela ez ditugu osorik errepikatu behar. Berak esaten du: “Zazpia”. Eta barre egiten dugu. Nik esaten dut: “Bosta”. Eta pixka bat haserretzen gara.
Bidaia honetan Donostiatik Italiarantz abiatu ginen. Nik Parmara joan behar nuen eta bi aukera neuzkan: hegazkinez bakarrik joan eta denbora irabazi, ala bizikletaz lagunarekin joan eta denbora, orduan bai, benetan irabazi.
Bosgarren egunean, atzeko gurpila lehertu zitzaidan Montréjeaun. Ez neukan ordezko gurpil-azalik.
Berak nire gurpila hartu zuen, motxila garraiatzeko zeraman euskailuan lotu eta bizikleta tailer bat zeukan hurrengo herrirantz abiatu zen: Saint-Gaudens, hamar kilometrora. Nik bere motxila, nire zakutoak eta bizikleta herrena hartu nituen, geltokira joan, ordu eta erdi itxaron eta trenera igo nintzen.
Saint-Gaudensera iritsi nintzenerako, berak dena konponduta zeukan.
Egun batzuk geroago, elkarrekin 1.070 kilometro egin eta gero, besarkada batekin elkar agurtu genuen Ventimiglian. Hitza bete zuen berriz ere: Italiako lehen herriraino etorriko zela agindu zidan, nirekin pizza bat afalduko zuela eta biharamunean trena hartuko zuela, etxera itzultzeko. Halaxe egin zuen. Ventimiglian, pizza afaldu eta kafe espresso-a gosaldu ostean, bera mendebalderantz abiatu zen eta ni ekialderantz. Berrogeita hamar metro aurrerago, txistua jo nion, jiratu egin zen, elkarri agur esan genion besoak airean altxatuta, eta pedalkadak ematen jarraitu genuen, bakoitzak bere bidetik.
Bost egun falta zitzaizkidan nire helmugara, Parmara, iristeko. Bakarrik bidaiatzea ere asko gustatzen zait: pozik nengoen, irrika puntu bat ere baneukan, une oro nire apeta betetzeko aukerarengatik. Baina, Villanova di Albenga herriko ostatu batean etzanda nengoela, koadernoa atera eta aurreko paragrafo hauek idatzi nituen, “bederatzia!” esan eta ez zidalako inork erantzun. •

