Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan
Kazetaria eta ikertzailea

Islamofobia gure antisemitismoa da

Naziek hil zituzten aurkarien artean judutarrak egotea ez zen kasualitatea, garai hartako jendarte alemaniarra antisemita zelako. Alemanek judutarrak gorroto zituzten. Gorroto hori zenbait ezaugarritan oinarritu zuten: judutarren diruzalekeria, gaiztotasuna... Gurean ere musulmanak ikustean talde batean ikusten ditugu, bereizi barik musulmanak diren baina ez arabiarrak (Iran), herrialde arabiarretako ateoak (Siria eta Libia), kristauak (Egipton, adibidez), edo erlijiosoak baina ez jihadistak (Anaia Musulmanak).

Asteon Turkian 40 lagunetik gora hil badituzte ere, herrialde turistikoa delako eta aireportua europarrontzako lekua delako asaldatu gaitu atentatuak. Aurretik, martxoaren 22an Belgikako aireportuan 35 lagun hil zituzten. Hala ere, bi atentatuen arteko hiru hilean Daeshek 1.230 lagunetik gora hil ditu Iraken, Sirian, Jordanian, Libian, Egipton, Yemenen eta Afganistanen izandako 73 atentatutan. Zaurituak zenbatezinak dira. Hortaz, Daeshek musulmanak hiltzen ditu, batik bat:

• «Más de cien civiles muertos en una serie de atentados del ISIS en Siria» (“Clarín”, 2016/05/23).

• «Más de 40 muertos en un doble atentado del ISIS en Yemen» (“El País”, 2016/05/23).

Gure hedabideek ez dute europarrik hiltzen ez duten atentatuen berririk ematen. Hala ere, Belgikako eta Turkiako atentatuen arteko hiru hileotan, Europan albiste alarmistak zabaldu dituzte hedabideek:

• «España refuerza la seguridad en los aeropuertos tras los ataques [de Bruselas]» (“El Periódico”, 2016/03/23).

• «Stockholm ISISen eraso terroristaren beldur da» (“The Mirror”, 2016/04/26).

• «Vatikanoari eta Israelgo Enbaxadari eraso egin nahi zion talde islamista atxilotu dute Italian» (“Newsweek”, 2016/04/28).

• «La Policía belga alerta de riesgo ‘inminente’ de atentado terrorista» (Efe berri-agentzia, 2016/06/15).

Horrela, herritarren arrazakeria beldurrean oinarritzen dela aditzera ematen dute. Baina islamofobia ez da Daeshen (Estatu Islamikoa) atentatuen aurkako erreakzioa, arrazakeria hutsa baizik. Europako 1930eko antisemitismoaren antzera, arabiarren eta musulmanen aurkako gure jendartearen gorrotoa zabala da. Dela beste erlijio bat dutelako:

• «Un hombre irrumpe al grito de ‘Alá es grande’ en un comercio de Vitoria: (…) ‘Aparte de que el dedo índice al cielo significa que sólo hay un Dios verdadero. Alá, por supuesto’, prosiguen agentes [de la Ertzaintza] especializados» (“El Correo”, 2016/06/16).

• «Un acusado de yihadismo, vocal [por mandato legal] en una mesa electoral en Terrassa» (“El País”, 2016/06/26).

Dela gurekin lan egiten dutelako. Krisialdiaren ondorioz, langabezia agortu duten beharginek oinarrizko errenta beste diru-sarrerarik ez dutela aipatu barik, larrialdi sozialaren berri eman beharrean, gorrotoa etorkinengana bideratzen dute:

• «Los inmigrantes copan las ayudas al alquiler» (“El Correo”, 2016/06/16).

• «El PP vasco reabre el debate sobre las ayudas sociales: ‘Son un coladero para los extranjeros’» (Eldiario.es, 2016/04/24).

•«El 54,2% de vascos piensa que los extranjeros abusan de las ayudas» (“El Mundo”, 2016/04/06).

Inori ez zitzaion bururatu, kontzentrazio-zelaietan judutarrik hil ez zezaten, gizonei buruko kippa ez eramateko eskatzea. Islamofobiak, ordea, emakumeen janzkera jomugan du. Eta janzkera hori erlijioaren misoginiaren aitzakiatzat hartzen da, islamak emakumeok zapaltzen gaituela esateko, judaismoa eta kristautasuna erlijio feministak balira bezala:

• «Un conductor de autobuses urbanos de Vitoria-Gasteiz, Tuvisa, está recogiendo firmas entre los viajeros para impedir que las mujeres con burka puedan hacer uso de este servicio público» (Eitb.eus, 2014/11/07).

Ondorioz, arabiarren eta musulmanen beldur gara: dela arrazoi barik hil nahi gaituztelako, dela gure laguntza sozialak sakeatzen dituztelako, dela emakumeak zapaltzen dituztelako. Atentatu islamalistek baino, faxismoak Europan arrisku handiagoa dakar. Barne Ministerioaren arabera, 2015ean Hego Euskal Herrian 177 eraso arrazista, 38 jazarpen LGTBfobo eta ezgaitasuna zuten pertsonen aurkako hiru kasu salatu ziren, hau da, gertatutakoen %10. Eta erasotzaileak ez ziren ez arabiarrak ez musulmanak izan. •