Iñaki Soto

Sturgeon, EB, gu eta Varoufakisen premisak

Aurreko hilean orriotan «Brexit»-aren aurrean irlandar eta eskoziar abertzaleek mantendutako posizio politikoez aritu nintzen. Jatorri oso desberdinetatik bai irlandar errepublikanoek bai eskoziar independentistek antzeko jokabidea izan zuten kanpainan zehar: Brexitaren aurka, Europar Batasunarekin kritiko. Indyref-ean ikusi ahal izan genuenez, europarzaletasuna SNPren funtsezko ardatza da, ingelesengandik desberdintzen dituen ezaugarria delako, besteak beste. Lisboako Itunaren aurkako erreferendumean erakutsi zutenez, Sinn Feinek kontinente osoko jarrera eurokritikorik zorrotzenetakoa du. Zentzu honetan, Brexitaren aurkako posizioa taktikoa dela uler daiteke, beren indarren eta ahulguneen kalkulu politiko bat dela.

Edonola ere, «win-win» eskema bat zela uste dut. Erakutsi dutenez, galduta ere asko irabaz dezakete-eta. Erreferendumaren ostean, biek ildo berari eutsi diote: Britainia Handiko gainerako herriek ez bezala, irlandar eta eskoziar herritarrek EBren barruan jarraitzeko agindu demokratikoa eman diete eta agindu hori betetzeko beren esku dagoen guztia egingo dute. Beren bandera demokrazia da, beste ezeren gainetik, baina ikur hori sostengatzeko darabiltzaten makilak batzuen zein besteen herri proiektuak dira. «Desberdinak gara», diote.

Nolabait esateko, bertan egoera politikoa helduagoa dagoenez eta irlandarrekin alderatuta homologatuagoa denez, Eskoziako egoera nabarmendu da. Lehendabizi Alyn Smith europarlamentariaren hitzaldi sutsua ikusi ahal izan genuen [bideoa hemen: https://goo.gl/BMXiWN; eta ondorengo bere erreakzioa “The Herald Scotland”-en: http://goo.gl/MjV780]. Eskoziarren botoaren interpretazio zuzena egiten du bertan: «Internazionalista, kooperatiboa, ekologikoa, justua, europarra». Ondoren Nicola Sturgeon lehen ministroa Bruselara joan zen eta bertako agintariek estatuburu gisa hartu zuten. Baliteke harrera hau joko politikoaren parte izatea, alegia, Londresera begira europar buruzagiek datozen negoziazioetan posizioa hartzeari begira egindako mugimendua izan daiteke. Hala balitz ere, joko horretan eskoziarrak oso trebeak direla kontuan hartu beharko lukete.

Sturgeon Juncker-ekin ikusita, burua gurera etorri zitzaidan. Bere jokabidearen azterketan «errealismoa», «pragmatismoa» eta antzeko terminoak aipatzen dira, baina niretzat hitz-gakoa «politika» da. Nolabait esateko, irlandar eta eskoziar abertzaleen praktikan politika maite dutela islatzen da. Aldiz, gure eztabaidetan nor bere baitan biltzeko joera moralista ikusten dut. Tamalez, ados ez gaudenean «ez duzu ulertu» esatera ohitu gara.

Europar Batasunari buruz dudan iritzia zeharo kritikoa izan daiteke eta, aldi berean, une historiko honetan egitura horrekiko jokatu behar dugun paperari buruz gure artean desadostasunak izan ditzakegula argi ikusten dut. Alegia, kalkulu politiko desberdinak egin ditzakegu, bai ezkerreko ikuspuntutik bai nazio ikuspuntutik. Ez nau, ez, desadostasunak beldurtzen. Diskrepantzia kudeatzeko dugun ezintasun ia genetikoak kezkatzen nau. Aukerak baliatzeko ezintzen gaituelako, hein batean.

Aukera/hautaketa historikoak eta Varoufakis-en premisak

Testuinguru honetan, espainiar hauteskundeen harira Yanis Varoufakisek “Público”-n argitaratu zuen artikuluaz oroitu naiz [http://goo.gl/lCkvNO]. “Mantener la unidad de la izquierda de manera progresista y eficaz” izenburuarekin, Syrizaren zatiketa ardatz hartuta, ekonomialaria barne diskrepantzia kudeatzeko formulez ari da. Europar Batasunaren xantaiaren harira izan zituzten desadostasun sakonak ikusita, honakoa planteatu zuen Varoufakisek: «Bi aldeek onar zezatela beste aldeak bere aldeko pisuzko arrazoiak bazituela». Horretaz gain, balizko agertoki politikoen aurrean ditxosozko «marra-gorriak» aldez aurretik finkatzea ere proposatzen zuen. Agerikoa denez, ez zuten lortu, baina berarekin erabat ados nago ikasgai oso garrantzitsua dela, porrotetatik ikasi eta are irabazi ere egin daitekeelako. •