Brexit: harreman ekonomikoen astindua
Britainia Handiko erreferendumaren emaitzak ederki harrotu ditu hautsak. Dagoeneko ondorio politiko nabarmenak izan ditu. Atal ekonomikoan, aldiz, oraingoz ez da aldaketa handirik sumatzen. Bozketa aurreko eztabaidan gai ekonomikoen gainean indarra egin bazen ere, ondoren gaia lausotua gelditu da. Normala da: herritarrak hondamendiko mezuekin beldurtu ostean, emaitzak ikusita inork ez ditu mezu horiek errepikatu nahi. Hala ere, zenbait kontu ekonomiko mahai gainean jartzen ari dira. Adibidez, Europar Batasunaren barruan hiri batzuek beren burua aurkeztu dute Londresko City ordezkatzeko. Alferrikako ahalegina. Beharbada zenbait alkateri boto batzuk emango dizkie ahalegin horrek, baina ez dute ezer lortuko. Londresko City garapen historikoaren emaitza da eta ez du bere izaera galduko Britainia Handiak Europar Batasuna uzten badu ere. Ziurrenik enpresa batzuek egoitza lekuz aldatuko dute, baina bertan dauden nazioarteko merkatuak –lehengaienak, esate baterako– ez dira mugituko. Berdin gertatuko da beste zenbait finantza merkatu eta zerbitzurekin. Eragina izango du, ezbairik gabe, baina ez da EBren barruan Cityren moduko beste gune bat sortuko. Alde horretatik, eragin mugatua.
Brexitaren ondorengo Britainia Handiaren eta EBren arteko harreman berriek garrantzi handiago izango dute. Batzuek uste dute datozen hilabeteetan Britainia Handia krisi ekonomiko sakonean murgiltzen bada, gauzak berdintsu gelditzeko – Norvegia bezala, esate baterako– aukera asko daudela. Hein horretan, Virgin konpainiako buruak, Richard Bransonek, aurreikusita zituen inbertsioak gelditzea iragarri zuenean, bere jarrera txalotu zuten askok, uste izanik inbertsioen atzerapenak epe motzean krisi ekonomikoa eragingo duela eta horrek gauzak zeuden moduan uzteko negoziazioa erraztuko duela.
Ezezkoaren kanpaina bultzatu dutenek ez dute halako konponketarik nahi: dena mudatzea, ezer ez aldatzeko. Horiek EBrekin benetako haustura bilatzen dute. Horrelako irtenbide batek ondorio ekonomikoak izango ditu, baina zaila da aldez aurretik aurreikustea zeintzuk izango diren eta horiek baloratzea.
Ondorio ekonomikoei buruzko hausnarketak premisa batetik abiatzen dira: merkataritza askea herrialde guztientzat eta herritar guztientzat onuragarria da. Estatuen arteko komertzioari mugak edo oztopoak jartzeak nahitaez kalteak ekarriko dituela defendatzen dute ekonomialari askok. Dena den, orain arteko praktikak erakutsi duena zera da: merkataritza askeak zenbait herrialderi mesede egiten dien moduan, beste batzuei kalte egiten die. Beraz, merkataritza askea ez da gaitz guztien sendagaia izan eta ez da izango.
Gainera, merkataritza esparruan aldaketa sakonak gertatzen ari dira. Orain arteko nazioarteko komertzioaren erdigunean zegoen Munduko Merkataritza Erakundea indarra galtzen hasi da. Txina eskubide osoko kidea denez geroztik, AEBak bestelako akordioak negoziatzen ari dira munduko erregio ezberdinetan. Ozeano Barean lankidetza ekonomikorako akordioa adostu eta sinatu du beste 11 estaturekin. Bide berdina lantzea proposatu dio EBri. Europarekin ez dutela gehiegi aurreratu ematen du. Orain, Brexitarekin beste aldagai bat gehitu da ekuazio horretan. AEBetako ordezkari batzuek Britainia Handiarekin horrelako akordio bat azkar adostu eta sinatzea defendatzen dute. Beraien kalkulua da Europar Batasunarekin ere negoziazioak azkartuko direla horrela. Ikuspegi hori kontraesankorra da Obamak orain dela denbora bat adierazi zuenarekin. Obamak azpimarratu zuen «multzo handiarekin», hau da, EBrekin negoziatzea dela AEBen lehentasuna eta Britainia Handia «ilararen amaieran» geldituko dela. Beste aditu batzuen iritziz, Brexitarekin TTIPk kolpe handia jaso du, britainiarrak izan baitira akordio horren defendatzaile nagusiak EBren barruan. Nolanahi ere, Brexitaren eragin ekonomikoa nabarmena izango da, aurreikusten ez diren norabideetan gainera. •


