Iker AGINAGA GARCIA

6.000 KILOMETRO, ERREFUXIATUAK AHANTZ EZ DITZAGUN

Uztailaren 15etik 26ra bitartean, Estatu osoko 300 pertsona inguruk bost autobus bete dituzte Greziarako bidea hartzeko. Greziara Karabana ekimena errefuxiatuen egoera eta Europar Batasuneko politika migratzailea salatzeko egin da. Elkartasuna ere bazeraman.

Errefuxiatuen gaia ez da bukatu. Oraindik bada jende andana hara eta hona dabilena, etxe barik eta etorkizuna kolokan duena. Komunikabide handietan gero eta leku txikiagoa daukate, baldin badute, eta gizarteak, sare sozialek eta agenda politikoak bazterrera bidali dituztela dirudi. Milioika pertsona horien egoera ahanzturatik ateratzea izan da Greziara Karabana egitasmoaren helburua.

Uztailaren 15ean, Hego Euskal Herritik 123 lagun abiatu ziren, lo-zakua gainean eta elkartasunak eta borrokarako gogoak bultzatuta, pertsona ugarik Europarako atetzat duen Greziara. Ibilbide luzea: 6.000 kilometro inguru. Hamar eguneko bidaia egin dute, helburuak oso argi izanik: Europak pertsona migratzaileekin dituen politikak salatzea; migratzaileen egoera ikusarazi eta horiekiko elkartasuna erakustea; eta aipatutako politika horiek aldarazteko indarra egitea.

Salatu, hainbat manifestaziotan salatu zuten egoera. Baita elkartasuna erakutsi ere, zenbait errefuxiaturen kanpamentuetara bisitak eginez. Azkena, politikak aldaraztearena, «oraindik» lortzeko dagoen helburua dela aitortu du Arantza Fernandez de Garaialdek –Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko kideak– taldeko beste kide batzuekin batera egindako balorazioan. Helburu hori lortzeko «indar gehiago metatu» behar dela onartu du. Karabanaren balorazioa egiteaz gain, errefuxiatuen egoeraren gaineko euren ikuspegia plazaratu eta plataformak etorkizunari begira dituen egitekoak ere aurkeztu dituzte.

Catherin Verbruggenek, plataformako beste kide batek, adierazi duenez, «kontraesankortzat» ikus daiteke behar handiak dituzten pertsonak bisitatzera joatea inongo laguntza humanitariorik gabe. Horren harira, oso argi mintzatu dira plataformako kideak, ekintza «politikoa» izan dela gogoraraziz, ez humanitarioa. Hala ere, egia da Karabanan parte hartu duten batzuk han gelditu direla Grezian lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeekin eta beste elkarte batzuekin batera laguntza humanitario hori ematen.

Uztailaren 15ean bertan, Karabanan parte hartu duten euskal herritar guztiak Iruñean elkartu ziren, euren ibilbideko lehen geltokian. Joseba Asiron alkateak egin zien harrera bertan eta ekimenarekiko atxikimendua helarazi zien bidaiariei. Lehenengo jardunaldia ez zen Iruñean amaitu, ordea; Bartzelonan baizik. Han elkartu ziren Estatuko beste talde ugarirekin, guztira bost autobus bete zituen 300 pertsona inguruko talde oparoa sortuz.

Aniztasun horretan jarri du fokua Arantza Gutierrez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak. Errefuxiatuen gaiarekin lotura zuzena daukaten kolektiboez gain, arlo sozialean aritzen diren beste batzuk, alderdi politikoetako jendea eta talde feministen presentzia nabarmena izan du Karabanak. Azken hauek, gehienbat, Mediterraneoko kostaldetik etorriak. Horrek emakumezko errefuxiatuek errefuxiatu eta emakume izateagatik jasotzen duten «indarkeria bikoitza» argitara ekartzen lagundu du, baita karabanarena aldarrikapena «transbertsal» bihurtu ere.

Bartzelonako Poble Nou auzoan egin zuten bidaiako lehen protesta ekitaldia. Manifestazioa antolatua zegoen eta, horren ostean, errefuxiatuen aldeko kolektiboen hitzaldiak zein musika saioak. «Bartzelonan ere Ada Colau alkateak jaso gintuen», esan du Gutierrezek. Instituzio publikoen laguntza izan dutela aipatu du. Emakundek babesa adierazi die eta Eusko Legebiltzarrean «batzuek» aldeko jarrera agertu dute. Bestalde, Bizkaiko abokatuen elkargoak laguntza juridikoa eskaini die, «atxiloketak izango balira ere» eta unibertsitatetik ere jaso dute babesa: «Unibertsitatetik zazpi lagun gindoazen eta webgunean agertu zen behintzat».

Dena dela, herriak agertu omen du bereziki interesa eta elkartasuna. Bartzelonan, esaterako, bertako baserritarrek tomateak, frutak eta bestelakoak eman zizkieten, baita gosari ederra prestatu ere, aurrean zeukaten bidaia luzeari gogotsu ekiteko.

No Borders taldekoekin elkarlana

Bartzelonatik atera eta Milan izan zen ibilbideko hurrengo geltokia. Manifestazioa deitua zegoen bertan uztailaren 18rako eta karabanak harekin bat egin zuen, errepidera itzuli eta Anconara abiatu aurretik. Kostaldeko hiri horretan ferry bat hartuta, Itsaso Adriatikoa zeharkatu, eta helmugara, Greziara, heldu ziren bidaiariak.

Igoumenitsan lehorreratu ostean, errepideari heldu zioten berriz, Tesalonika hirira ailegatzeko. Bertan eman zuen Karabanak denbora gehien. Hiri hartako Aristoteles Unibertsitatean zain zuten No Borders nazioarteko taldeak sortutako kanpamentua. Haiekin bat egitea erabakita zegoen aldez aurretik. Are gehiago, karabana antolatzeko oso lagungarria izan zela aitortu du Arantza Gutierrezek; izan ere, hasiera batean «oso zaila» ikusten zuten horrelako ekimen bat gauzatzea, baina No Borders taldekoekin bat egiteak lana erraztu zien.

No Borders-ekoekin batera egin zituzten karabanako elkarte guztiek Tesalonikan eta inguruan antolatutako ekintzak: hirigunean manifestazioak eta migratzaileak hartzen dituzten zentroetara bisitak.

Azken horien inguruan bereizketa egin du Fernandez de Garaialdek. Bere esanetan, bi motatako kanpamentuak daude, batzuk «hemengo CIEak bezalakoak, non migratzaileak preso dauden», eta beste batzuk «zabalagoak» direnak. Bietako egoera «kaskarra» salatu zuen errefuxiatuen aldeko plataformako kideak.

Bigarren motako kanpamentuetan daudenak «errefuxiatu estatusa» duten migratzaileak dira, Arantza Gutierrezek azaldu duenez. Horrek eskubide batzuk ematen dizkie migratzaile horiei. Esaterako, Grezian zehar ibil daitezke.

Tesalonikatik Atenasera mugitu zen Karabana azken egunean, bertako espainiar enbaxadarekin harremanetan jartzeko asmoz. Taldearen «harridurarako» ez zieten pasatzen utzi eta «kale gorrian» hartu zituzten. Enbaxadorea agertu ordez, kontsul bat agertu zitzaien eta horregatik guztiagatik, Estatu espainolaren jarrera «penagarria» salatu dute.

Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearentzat oso garrantzitsua izan da No Borders elkartearekin eta Europako bestelako erakundeekin elkarlanean lan egitea; izan ere, «elkartasun sareak» sortzea eta indartzea zen helburuetako bat, «bai Euskal Herrian, baita Estatuan eta Europan ere». Helburu hori betetzat eman dute, beraz. Arantza Gutierrez elkartasun «ezberdinez» mintzatu da. Bere ustez, Europako beste leku batzuetan, Alemanian eta Grezian kasu, elkartasuna «ekintzaileagoa» da. Eraikinak okupatzean ikusten da hori, adibidez.

Eraikin okupatuena eztabaida sortu duen gaia da. Izan ere, Karabana itzuli eta egun gutxira Greziako Poliziak herri mugimenduak okupatutako hiru eraikin hustu zituen eta 100 pertsona inguru atxilotu, bi euskal herritar, horien tartean. Greziara Karabanaren antolatzaileek gogor kritikatu dute Greziako Gobernuaren jarrera: «Greziako Gobernuak argi utzi du ez dagoela lekurik migratzaileen aldeko erantzun solidario eta autogestionatuentzat».

Ahazteko arriskua

Migratzaileen egoera salatu eta ikusarazteko, ezinbestekoa da egunerokoan bizi duten errealitatea ezagutzea. Helburu horrekin egin zituzten kanpamentuetara bisitak. Horietan, «delegazio txikiek» hartu zuten parte, Gutierrezek azaldu duenez. «Abokatuak, osasun arloko pertsonak eta kazetariak» sartu ziren zentroetara. Kazetarien presentziak duen garrantzia nabarmendu du Gutierrezek: «Oso garrantzitsua da egoera salatu ahal izateko egoera hori norbaitek kontatzea. Ahotsa izatea».

Komunikabideetan presentzia izatea oso garrantzitsua da antolakuntzarentzat ere eta alor horretan pozik agertu dira, Hego Euskal Herrian presentzia hori lortu baitute. Halere, Estatuko beste lagun batzuk ez daude hain pozik ekimenak izandako oihartzunarekin, ez baita nahi adinakoa lortu. Mendebalde-zentrismoa ahazteko eta hitzekin kontuz ibiltzeko eskatu die Gutierrezek komunikabideei, «islamofobia» saihesteko eskatuz.

Gizarteak errefuxiatuak ahazteko arriskua hor dago, presente. Ume bat hondartzan hilda agertzeak jendea hunkitzen duela uste du Arantza Gutierrezek, baina horrelakoak «bigarren edo hirugarren mailan» gelditzen direnean, ahaztu egiten dira. Horren aurka borrokatzea beharrezkotzat jotzen du berak: «Oso garrantzitsua da guretzat leihoetan Ongi Etorri Errefuxiatuak-en bandera horiak ikustea, jendeak ahaztu ez dezan». Udan zehar, jai guneetan gaiak presentzia izatea ere nahi dute eta horretan lanean dabil plataforma.

Zentzu horretan, egunotan albiste den errefuxiatuen talde olinpikoa lagungarri suerta daiteke; hainbat herrialdetako 10 kirolari 65,3 milioiko kolektibo horren izenean ariko dira, mundu osoak ikus dezan batzuek galduta dirautela, etxetik kanpo eta noraezean.

Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformarentzat pauso garrantzitsua izan da Karabana, baina esan dutenez, «ez lehena, ezta azkena ere». Edozein migratzaileren eskubideen alde borrokatzen jarraitu beharra dagoela aldarrikatu dute eta, norabide horretan, Melillako “Hegoaldeko Muga” horretan oraindik ere gertatzen ari dena azalaraztea da hurrengo helburua.