Olinpiar Jokoak Zeledonek asmatu zituen


Finitu dira jada Olinpiar Jokoak gasteiztarrontzat azkenean. Eman du asteak eman beharreko guztia eta gehiago. Ibili ditugu maratoiak exijitzen dituen 42,195 kilometroak Alde Zaharretik Txosnagunerainoko joan-etorrietan. Trebatu gara urpean modu sinkronizatuan dantza egiten, lantzean behin burua ur azalera atera, arnasa hartu eta berriro urperatzeko. Saiatu gara barra gaineko gure gimnasia gaitasunak bere horretan jarraitzen duela ziurtatzen, egin beharreko akrobazia ariketa guztiak ahal bezain txukunen bete eta koltxoneta gainean zutik bukatzeko. Egin dugu salto pertikarekin eguna egunarekin lotu, airean txiribuelta eman eta ohean bizkarrez seko erori arte. Utzi dugu eztarria eta gibel zati bat ikuskizunaren mesedetan. Banatu ditugu banatu beharreko dominak dagoeneko, izerditu dugu izerditu beharrekoa eta ikasi dugu, beste behin, irabaztea bezain garrantzitsua dela galtzen jakitea ere. Podiumak, azken finean, interesgarriagoak direla dantza egiteko beste ezertarako baino. Zeledonen jaitsierarekin hasi eta astebete orbitan pasa ondoren, heldu da berriro lur hartu, mozorroak erantzi eta fundamentuzko hiritar izatera bueltatzeko ordua. Gauzarik onenek ere, txarrenek bezala, amaiera bat izaten dutelako beti. Eta atleta bikaina izanagatik, gorputzak bere mugak dituela gogorarazten digulako azkenean.
Postontzian pilatuta zeneuzkan egunkariak jasotzerakoan konturatu zara, munduak mundu izaten jarraitu duela bitarte honetan, eta funtsean, kanpoan, ezer ez dela ezer aldatu: Europak mehatxupean jarraitzen duela oraindik, bidaiatzera ausartzen den jende uholdearen ondorioz auto ilarak sortu direla Biriatun abuztu honetan ere, Erdoganek bereak eta bi egiten jarraitzen duela Turkian estatu kolpeak emandako aukera ezin hobeto aprobetxatuz, euskaldunok hegaluzearen kanpainarekin nahikoa ez eta beste hauteskunde batzuk izango ditugula irailean, langileak mehatxupean hormaren kontra jarri eta fabrika itxi dutela Zumarragan eta auzoan –susmoa hartua diot honezkero Moncloako alfonbrak berritzen ari direlako ez ote den– gobernurik gabe jarraitzen dutela gaur-gaurkoz batzuek, aurretik egositakoa nola jango duten erabaki ezinean, besteek dibortziorako paperak prestatzen jarraitzen duten bitartean. Gasteizen adina atleta elkartu direla Rio de Janeiron, munduko errekorra hausteko asmotan.
Aldez aurretik onartu beharra neukan, akaso, Olinpiar Jokoak ikustea ez dudala gehiegi maite eta nire asmoa ez zela jaiak oso-osorik bertan pasatzea ere. Parranda osteko egunetarako, adibidez, nahiago ditut animaliei buruzko dokumentalak Olinpiar Jokoak baino, entretenigarriagoak iruditzen zaizkit. Eta abuzturako hondartza aukeratuko nuke, dudarik gabe, biharamunean bazterretan sortzen den ozpin usain horren aldean. Olinpiar Jokoetatik zerbait salbatzekotan, hala ere, nik neuk, martxa salbatuko nuke. Ez Fasiok soinuarekin jotzen zuen hura, ez. Korrika egitera ailegatu gabe, ahal bezain azkar ibiltzea helburu duen beste kirol hori baino. Kiroletan kirol, ikuskizunetan ikuskizun. Betidanik deigarria iruditu izan zaidan zerbait da: atleten aldaka jokoa, oinak une oro lurrean mantentzeko duten kontzentraziorako gaitasuna... Blusa batentzat ere ezinezkoa litzatekeen zerbait horrelako erraztasunez egiten dutela ikusteak txundituta uzten nau, gaua airean pasa eta hurrengo egunean bereziki. Bosgarren minuturako, ordea, katez aldatzen dut, aspertuta. Jaiekin ere antzeko zerbait gertatzen zait, egia esan, lehenengo bi edo hiru egunekin aski izaten dut normalean, behin martxa hartuta ordea...
Abuztua luzea da oraindik. Gozatu Olinpiar Joko eta zeruko izar iheskorrekin. Datorren urtean Cancunetik jai zoriontsuak opatuz postal bat bidaliko dizuedala zin dagizuet. •

