Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Hondarrezko gazteluak Florentzian

Ceceri mendia erabat zulatuta dago. Putzuak, harpeak, galeriak ikus daitezke: Florentzian hainbeste erabili zuten «pietra serena» ateratzeko harrobien arrastoak. Hareharri toskanar horrekin egindakoak dira etruriarren harresi eta hilobiak, erromatarren hainbat tenplu, Brunelleschi eta Michelangeloren eraikin asko, Uffizi galeriako arkupeak, medicitarren jauregiak eta Apple enpresak mundu osoan dauzkan 437 dendetako zoruak.

Steve Jobsek berak hautatu zuen harria, Toskanan ibili eta gero. Jobsi errenazentistekin ahaidetzea gustatzen zitzaion, bere aparailuek ere zientzia eta artea elkartuz edertasuna sortzen omen dutelako. Kazetari italiar batek «kapitalismorik berriena bere jatorrira itzuli» zela esan zuen: Jobs Florentzian erromes, duela zazpiehun urte Medici familia bankari egin zen hirian. Aita santu, duke, errege eta enperadoreei negozio anitzetan oinarritutako likidezia oparoa bermatu zieten medicitarrek; kredituak eman zizkieten eta botere politiko handia lortu zuten horrela, Europako gerra eta aliantza garrantzitsuenetan muturra sartzeko modukoa. Mezenas ere izan ziren: artista finenak kontratatu zituzten, margoetan eta eskulturatan erretrata zitzaten, jainkoen pare erakuts zitzaten, jauregiak eta katedralak eraiki zitzaten, euren hiria unibertsoko ederrena izan zedin. Gustu dotorea eta goiburu argi bat zuten: “Dirua boterea lortzeko, boterea dirua gordetzeko”.

Hemendik atera zen Florentzia, mendiko zulo hauetatik. Ibaiek sedimentuak itsasoraino eraman zituzten milioika urtez, sedimentuak trinkotu egin ziren, orogeniak geruza horiek altxa eta mendi bihurtu zituen, eta azkenean Donatello iritsi zen, hareharri honen puska bat hartu, handik eta hemendik zizelkatu, eta eskuineko atzaparrarekin Florentziako ezkutua heltzen duen lehoi bat sortu zuen. Lehoia Signoriaren plazan dago eta marzocco bat da: Erdi Aroko hiri italiarren lehoi totemikoa. Piztiak begirada lasai eta mehatxaria du; edozein unetan benetan haserretuko dela ematen du, zugana salto egingo duela eta txikituko zaituela. Burutik bularrerainoko txima sarriak dauzka, eskuak sartzeko gogoa ematen dutenak, baina ni ez nintzateke ausartuko badaezpada.

Ceceriko harrobietatik pasa eta gero, harrizko lehoia beste modu batean ikusi dut –Florentzia osoa beste modu batean ikusi dut–: hiria geologia modelatua da. Arkitektura eta eskultura gizakiok hondartzan eraikitzen ditugun hareazko gazteluak besterik ez dira, etorriko den olatuaz pentsatu gabe, guztia suntsitu eta jatorrizko aleetaraino xehatuko duen olatuaz kezkatzeko gogorik eta beharrik gabe. Xumeak gara, badugu gure xarma, nahiko ondo pasatzen dugu.

Mendiaren hegoaldetik oso ondo ikusten da Florentzia, han behean, Arno ibaiaren bailaran. Mendi-hegal panoramiko hau aspaldi kolonizatu zuten: jauregiak, lorategiak, txaletak, denak murru altu eta burdin hesi trinkoekin inguratuta. Zer dira ba gobernadoreak, gotzainak, jeneralak eta bankariak, hareazko gaztelu ikusgarrienak irrikaz eraikitzen dituzten ume-mokoak baino, jolasten ari diren bitartean beste inor gerturatzea nahi ez dutenak, baina ondoren euren lorpenak harro erakutsi nahi dituztenak. Oihuka hasten dira orduan. Murruetan eta burdin hesietan, plaka ugari dago kanpotarren aurrean plantak egiteko: palazio honetan artzapezpikuak atseden hartzen zuela dio batek, beste horretan finantzariak udak pasatzen zituela, hangoan artistak koadroak margotzen zituela, prima donna-k kantatzen zuela, kondeak idatzi. Plaka horietako batek, nostalgiaz blai, «grazia gehiagoko garai haiek» gogoratzen ditu, «aldapa gozo hauetatik igotzea hain ohikoa ez zenean eta bertan egotea dibertigarriagoa zenean». Esan dut, bada, ume-mokoak zirela. •

www.anderiza.com