JOSE ANGEL SUAREZ ETA TXAN MAGOA
Abian da Magialdia Araba, astebete pasatxo falta da Gasteizkoa abiatzeko, eta magiaren mundua Arabako hiriburura begira jarri da. Magialdiaren zuzendari Jose Angel Suarezek dioenez, dena prest dago, baita Txan magoa ere, hiru urteko geldialdi «gogorraren» ondoren berragertuko dena. Oraingo honetan, berak harrapatu du «in fraganti» GAUR8. Hona biokin izandako solas «magikoa».

Sukaldari ona da, haren lagunek diotenez, bikaina, baina sukaldeko magia lagun arterako utzita, benetako magia du lanbide. Benetakoa edo… magia ez baita existitzen, berak dioenez. Berehala, ordea, zehaztu egiten du. Magia engainua omen da, ikusleak onartutako jokoa. Hark onartu eta parte hartzen duenean, ilusioa, zirrara, barrea sortzen bada, magia gauzatzen da. Horregatik dio aldi berean magia ez dela existitzen eta existitzen dela, «mundu horretara sartu eta zeure burua eramaten uzten baduzu». Umeentzako magia, baina, besterik omen da. «Ume batek mago bat hegan ikusten badu, hegan egiten duela sinesten du, magia egiten duela. Heldu batek badaki trikimailua dela, baina katigatzen denean, orduan magia da». Magia du lanbide Jose Angel Suarezek, baina ez antzezlekuan –aurkezpen lanetan izan ezik–, baizik eta Magialdiaren zuzendari gisa. Buru-belarri dihardu egunotan, Gasteizko magia jaialdi erraldoi horrek gutxienez orain arte bezain ondo funtziona dezan.
Jose Angel 2011n hasi zen Magialdiaren zuzendari modu ofizialean, baina beti jardun du zuzendaritza lanetan, jaialdiaren bizitza osoan zehar alegia. Gasteizko magia ikuskizun hori duela 28 urte hasi zen, Gasteizko Magia Jardunaldiak izenpean, «lagun arteko kontua zen», gaur egungo Nazioarteko Magia Jardunaldi hauek hartu duten tamaina imajinatu ere gabe. Eta lehen ediziotik arrakasta itzela izan du. Magialdia izena hartu zuenean, Jose Angeli esan zioten itzulpena ere agertu beharko litzatekeela. «Nork ez du ulertuko?», esan zien berak; izan ere, ekitaldi bateko ikusle bat antolatzaileengana hurbildu eta esan omen zien: «Muy buena idea, magia al día». Urterik urte hazten joan da, are azken urteotako murrizketen gainetik ere, «aurrekontuaren menpe, jakina», baina kalitateari eta jaialdi honen izaera bereziari eutsita, nazioartean, eta batez ere magiaren mundu horretan, aitortzen duten bezala. Hainbat aldizkaritan eta profesionalen arteko solasaldietan munduko magia ikuskizunik onenen artean eta erreferentzia gisa nabarmentzen dute magoek. Berezitasun hori zertan den galdetuta, «ez da magoak behin eta berriz errepikatzen direneko zirkuitua», dio Jose Angelek, ohiko formatuetatik aldentzen omen da, eta askotariko eskaintza du, ikuskizun klasikoetatik hurbileko magia saioetara, umeentzako magia eta helduentzakoa, edo familia osoarentzakoa, bereizten dituzten emanaldiak...
Magialdiaren arrakastaren beste faktore bat Gasteizko publikoa eta oro har Magialdiaren ikusleak direla dio Jose Angelek. «Publiko ondo hezia da, magian hezia, badu irizpidea eta inplikatu egiten da». Ba omen da saioetara magoa nabarmen uzteko asmoz joaten denik ere, baina oso gutxi eta gehienetan magoak egoera iraultzeko gaitasuna izaten omen du.
Gasteizko Magialdia hilaren 12an hasi eta 18an amaituko da, baina joan den ostegunean, eta 11ra arte, Magialdia Araba abiatu zen. Duela bi urte proposatu zuten herrialde osora zabaltzea eta erantzuna ezin hobea izan da. Egunotan hamaika herritan izango dira ikuskizunak, baina beste horrenbestek eskatu zuten parte hartzea. Luze joko luke egitarauaren berri ematea; beraz, zenbaki bakan batzuk baino ez: 350 mago, 11 herrialdetako 35 artista gonbidatu, 25etik gora agertoki, 75 ikuskizun eta jarduera...
Hortaz, Magialdiaren bezperan, Jose Angelekin patxadaz hitz egitea zaila izango zela uste zuen GAUR8k. Berak, ordea, ez du inolako oztoporik jarri, ezta denborari dagokionez ere. Dena prest omen dago, kontrolpean, xehetasun bakan batzuen faltan. Izan ere, ez da egun bakan batzuetako antolaketa. Jose Angelek urte osoa ematen du Magialdia prestatzen, mago batzuk duela bizpahiru urte sartu zituen aurtengo egitarauan, lehenago ezin zirelako etorri edo bestelako arrazoiren bat dela-eta horrela adostuta. Dagoeneko lotuta omen dauka baten batekiko konpromisoa bi urte barrurako.

Bestalde, mago ugari ikusle gisa etortzen dira, eta ez dira gutxi Magialdian parte hartzea eskatzen dutenak. Magialdiaren prestigioa ez baita antolatzaileen asmakizuna.
Gasteizen lehen aldiz parte hartzen duten mago asko etortzen dira, haietako asko ezezagun samarrak, baina zalantzarik gabeko kalitatea dutenak. Eta Gasteizen ikusten diren saio asko magoaren herrialdean baino ez dira ikusi. Horretarako, bidaia asko egiten ditu Jose Angelek munduan zehar, mago berriak ezagutzeko, zaharrekin hitz egiteko eta denen lanak ikusteko. Bestetik, nonahi ditu informazioa eta aholkuak ematen dizkioten lagunak. Baina magia lanbide ez ezik, afizio ere badu, bera ere magoa baita. 1983an hasi zen kartak eta txanponak eskuztatzen. Ez dio berebiziko garrantzirik ematen, ordea, eta oso azalpen logikoa ematen du: «Nik Jazzaldia antolatuko banu, musikaz, jazzaz, irizpide bat izan beharko nuke, mundu hori barrutik ezagutu beharko nuke. Magia munduan, berdin». Ondo ezagutzen du magiaren mundua barrutik, kongresu askotan zein epaimahai ugaritan parte hartu izan du, eta badu magoen tekniken bilakaeraren berri.
Txan magoaren itzulera
Lagun asko aipatu ditu Jose Angelek Magialdiaren historiaren parte direnak, haien artean «funtsezkoa» izan den, eta den, lagun bat. Eta artxila-murtxila… Ez, oraingoan ez da magia izan, telefonoa baizik. Ezaguna da beste aldetik datorren ahotsa, Xanti Anterorena, hain zuzen. Hura jende askok ezagutzen badu ere, askoz gehiagok ezagutzen dute Txan magoa. Gaurkoan, paradoxikoki, berak harrapatu du in fraganti GAUR8.
Jose Angelek erakutsi duen harekiko begikotasuna ez da alde bakarrekoa. Gogoan du Magialdira joan zen lehenbiziko aldia, 90eko hamarkadan. Magiaren munduan ia hasi berritan, munduko magorik onenak aurkezteko deitu zioten Jose Angel Suarezek eta Patxi Viribayk. Berarentzat erronka handia izan zen, eta Gasteizekin duen lotura berezia hasi zen garai haren oso oroitzapen ona du.
Aurten ere izango da Arabako hiriburuan, hiru urteko geldialdiaren ondoren. Oso gogorrak izan omen dira urteok berarentzat, baina «magiaren laguntzaz», animotsu eta «oso pozik» dator berriro agertokietara. «Txarretik asko ikasten da», dio konbentzimendu osoz.

Jose Angelekiko solasaren erdian jasotako ezustea baliatuta, magiak noiz erakarri zuen galdetu diogu Txan magoari, eta berak denboran atzera, oso atzera egin du. Familiak 100 urtez, 2000. urtera arte, Donostiako Antigua auzoan izan zuen Etxeberria tabernan sortu zitzaion magiaren harra. Mikel Laboa urte askoan ohiko bezero eta lagun izan zuten taberna zahar hartan, eta bezeroren baten magia jokoez gain, beste magia mota bat ikusi eta entzuteko aukera izaten zuen, batzuetan, taberna ixtear zela, Mikelek gitarra atera eta jotzen hasten omen baitzen.
Igande euritsu bateko arrats batean, tabernako atetzarrak zabaldu ziren –haien soinua ere gogoan omen du– eta agure bat sartu zen. «Agure bat baina kristoren klasearekin». «Metro laurogei, ile txuria, gaban beltza, zapata beltzak eta kapela amerikarra». Brandy bat eskatu zuen «espainiera makarronikoan», eta kartak ere bai. Hamarrak aldera izanda eta tabernan jende gutxi zegoenez, Xantiren aitak –«oso diplomatiko», gaineratu du barrez–, esan omen zion: «Ordu honetan hasi behar al duzu bakar-jokoan...?». Gizonak ezetz esan zion, «una magia» egiteko nahi zituela. Atera zizkion kartak Xanti gazteak eta gizon hark ukitu ere egin gabe barra gainean zabaltzeko esan zion, eta ondoren karta bat gogoratzeko, denak bildu eta nahasteko. Behin kartak nahastuta, Txanek pentsatutako karta tartean zegoen begiratzeko agindu zion. Mutikoak begiratu eta haren arrastorik ere ez. «Dagoeneko aita eta gainerako bezeroak antena jarrita zeuden», dio Txanek. Gizon ezezagunak esan zion: «Joan zaitez haraino eta bertan dagoen jakako poltsikoan begiratu». Seiren bat metrora bi jaka zeuden, eskegita, bata Xantiren aitarena eta bestea bezero batena. Bezeroaren jakako lehenbiziko poltsikora eskua sartu eta, trumoi artean, mutilak pentsatutako bateko urrea hantxe agertu zen. Han ziren denak, txundituta, gizon harenganantz bueltatu zirenean, desagertu zela ikusi zuten, tabernako ate pisuen soinua entzun ere gabe. «Sekulako artista», dio.
Urte batzuk igarota, egun batean tabernako bezero batek Txani esan zion etxean magia liburu bat zuela, baina ez zuela tutik ere ulertzen, nahi bazuen biharamunean haren bila joateko. Ia gau osoan begirik itxi gabe eman ondoren, bezeroaren etxera joan eta liburua hartu zuen. Ireki zuenean, «mundu bat ireki zitzaidan», dio. Eta mundu horretan murgildu zen.
1992an Bosniara joan zen, laguntzaile, umeei magia egitera. Emauseko Traperoei ekipoa, trajea eta zapatak 1.000 pezetan erosi eta Balkanetako gerrara abiatu zen. Gogoan du, besteak beste, nola egun batean, Mostarren, haur batzuentzako magia emanaldia egiten ari zela, kanpotik bonba hotsak entzuten zirela, eta berak, urduri, eten egiten zuela ikuskizuna; haurrek, berriz, jarraitzeko esaten zioten behin eta berriz. Han ere euskara erabiltzen zuen, eta ondo ulertzen ziotela dio, magia hizkuntza unibertsala baita. Aitona, gaztelaniaz ez zekiena, guardia zibilek atxilotuta eramaten zutenean amona haren bila joaten zenean zer esaten zien gogoratzen du: «verán cómo nos vamos a entender». Berak ere erabili izan du antzeko esaldi bat euskaraz ez dakien ikusleren batekin: «¿No sabe euskara…? No se preocupe, nos vamos a entender perfectamente».

Bosnian lehen mago euskalduna izan zen Txan, aitzindaria. Eta aitzindaria Euskal Herrian ere, magia hiztegia sortu behar izan zuena. Horretan Piter Ansorena Mirriren laguntza izan omen zuen telebistan zegoenean. Gaur egun gehiago dira mago euskaldunak, «badatoz, bai, Gipuzkoan, Araban…», dio Txanek.
Mago donostiar honen bidez zabaldu dira Euskal Herri osoan «artxila murtxila» hitz magikoak, eta bada Txanek asmatu zituela uste duenik. Berak, ordea, harro asko dio bere lagun Josemari Carrere ipuin kontalari ezagunak eman ziola hitz horien berri.
Umorea, derrigorrezkoa ez bada ere, oso ohikoa da magian, zein bere estiloan. Txanen kasuan funtsezkoa omen da. Umorea, inprobisazio gaitasuna eta aktore sena. Izan ere, antzerki munduan ikasitakoa baliatzen du bere saioetan. Inprobisazio gaitasuna
Esan bezala, aurten ere Gasteizen Txanen magiarekin hunkitzeko aukera dago. Aurtengo edizioan euskarak ohi baino leku handiagoa izango du. Besteak beste, Eriz mago euskaldunak «ekomagia» saioa eskainiko du Ataria Salburuko hezeguneen interpretazio zentroan, Artium plazan magia tailerrak izango dira, Uraren Lorategi Ezkutuan familiarentzako festa...
Magia existitzen dela dio Txanek. Baina, Jose Angelek dioen bezala, gauza bat da magia haurrekin, ez baitute logikarik bilatzen, magian sinisten baitute, eta beste gauza bat helduekin. «Logika baten arabera jokatzen dugu, eta logika hori haustean txundituta geratzen gara. Hori da magia». Helduek badakite trikimailua dela, baina logika horren faltan txunditu egiten dira.
Esan du Jose Angelek Txan komunikatzaile ona dela, eta solasean aurrera berak aitortu du benetan gustuko duena komunikatzea dela, magia aitzakia duela. Haren saioren bat ikusita dagoenak badaki hala dela, eta zuzeneko solasean ere berehala antzematen zaio Bosniako Trickman honi. Lagun batek Txan deitzen ziolako hartu zuen izen artistiko hori, «Handia» erantsita; ondoren izenondo hori kendu eta «magoa» jarri; nolanahi ere, plazer handia da Xanti Handiarekin hitz egitea. •


