Joxean Agirre

Asto belarriekin

Beste nonbait kontatua dut, baina iraila da, umeak eskolan hasi dira eta beste behin kontatuko dut pedagogia berrietan adituak direnek irakurtzen ikasteko guk umetan erabili genuen metodoa ere kontuan har dezaten. Afrikako tribu batetik inportatua dirudi, baina gure etxean apopilo egon zen maistrak asmatua ere izan zitekeen.

Eskolan sartu orduko makila bana ematen ziguten ume txikienei eta gerlari nano batzuen gisan joaten ginen arbeleraino, eta, han, tamaina handiko (metro erdiko altuera izango zuen) letra bana jartzen ziguten aurrean idatzirik, eta bakoitza bere letra jotzen hasten ginen, arbelari sekulakoak ematen alegia (behi, idi edo astoaren bizkarrak berotzen ondo entrenatuta zeuden batzuk), letraren izena oihukatzen genuen bitartean. Bati “A” tokatuko zitzaion, besteari “B” eta hirugarrenari “C”. Guk iskanbila horren erdian ikasi genuen irakurtzen. Inork ezingo du uka metodoa aktiboa ez denik, fisikoa behintzat bai, eta gutxitan ikusi dut, bestalde, irakurketa metodo bat baserri giroan hain ondo txertatzen.

Eskola hartatik ez da Nobel saririk atera, oraingoz behintzat, baina guztiak moldatu dira aldez edo moldez bizitzan, nire adineko mutil guztiek atera zuten gidabaimena, denek erosi zuten mendiko auto bat, nirea baino askoz handiagoa, eta ezkerreko beso maukarik gabea handik aterata ikusi izan ditut trikitixa piezaren bat kasetean sartuta nire ondotik diosalak eginez igarotzen. Nik neuk ere ikasi nuen irakurtzen eta orain Zizek edo Badiouren testu zailen bat ulertu ezinik nabilenean eskuineko eskua mugitzen dut nahi gabe, txikitako makila hura mugitzen nuen eran. Hori bai, gure eskolako metodo guztiak ez ziren horren aurrerakoiak. Pentsa, ikasturtea azkena bukatzen zuenak baserriz baserri joan behar izaten zuen “Soy burro” zioen petoa soinean jantzita, bere amak etxean negar egiten zuen bitartean.

Esan didate ikastola askok Haur Hezkuntzan hormak bota eta espazio zabalak eratu dituztela nagusiak txikiagoekin nahas daitezen. Ez nabil oso enteratuta, baina “txokoetan” uste dut lan egiten dutela. “Joder!”, esan dut nirekiko, «gure eskolan bezala!». Bakarrik han neska nagusienen txokoan urtea igarotzen zutela eskulanen orduan azken putz gelditzen zenarentzat petoa eta asto belarriak egiten. •