Bilaketa
Etxebizitza aitortua edo ez, urte osorako edo udako bi hilabeteetan husteko: zer da nahi duzuena? Ba... aitortua, urte osorako eta ahalik eta merkeena». Horixe erantzun diogu higiezinen agentziako langileak egin digun lehenengo galderari. Ez da makala izaten ari alokairuko etxe bat aurkitzeko saiakera, non eta Zarautzen.
Hogeita hamar urte eta gero, Eusko Legebiltzarrak Etxebizitzaren Legea (3/2015) onartu du, eta bertan, eskubide subjektibotzat jotzen du: «...etxebizitza izateko eskubidea nahitaezkoa da gizakiarentzat...». Zenbait gairi helduko diola paper idatzian iragarri duen arren, oraindik argi-ilun dezente ditu aferak, etxebizitzen salneurriak eta alokairuak negozio biribila izaten jarraitzen baitute. Oraindik, etxegabetzeak eguneroko errealitate dira Euskal Herrian, etxebizitzen salneurriak goraka doaz berriro eta, alokairuko etxebizitzei dagokienez, berriz, oro har baldintza bidegabeak eskatzen dituzte: alokairuko etxebizitza ez deklaratzea, urte osorako ez izatea, hileko kuota neurrigabea, bankuaren abala, bi hilabetetako fidantza etxe jabeari zuzenean transferentzia bidez ordaintzea...
Hari mataza korapilatua dago oraindik, baldin eta askatze bidean etxebizitza eskubidea berma dadin konpromiso politiko eta pertsonalak ez badira hartzen: hautsak hartzen ari diren etxeei erabilera bat emateko, alokairuko etxebizitza publikoak sustatzeko eta erregulatzeko, etxegabetzeak geldiarazteko, turismoak eta hirugarren sektore indartsu baten ondorioek zer-nolako eraginak dituzten herritarren bizi maila eta aukeren inguruan hausnartzeko eta espekulazioari aurre egiteko neurriak hartzeko. Bitartean, herritar askok herentzian jasotako etxebizitza bat dute, edo hipoteka baten menean zorpetuta biziko dira datozen 50 urteetan, edo gurasoenean bizitzen jarraituko dute betiereko; eta beste asko soldataren zati handi bat etxebizitza gastuetara bideratzera behartuak gaude.
Salbuespenak egon badaudelako eta itxaropena galtzen den azkena delako, bilatzen jarraituko dugu. Hala ere, badaezpada, aukera guztiak aprobetxatu behar direla-eta, irakurleren batek alokatu nahiko lukeen etxe huts bat balu, idatzi mesedez. Eskerrik asko. •


