Badator
Hiru prozesu ezberdinen inguruan hitz egin nahiko nuke gaurkoan. Normalean errespetatu beharreko karaktere kopurua labur geratzen bazait, gaurkoan hiru aldiz laburrago geratuko zait, baina ezin hirurak aipatu gabe utzi.
Hilabete honen 26an Kolonbiako Gobernuak eta FARC-ek berriki erdietsi duten bake akordioa sinatuko dute. Konfrontazio armatuari amaiera eman, eta joko arau berriak ezarriko dira. Gatazka politikoek diraute, aldeek haien ikuspegi eta helburu politikoak mantentzen dituzte, baina aurrerantzean eta adosturikoa betetzen bada, haien arteko talkak modu demokratiko eta baketsuan kudeatuko dituzte, eta norbere helburu politikoak baldin eta herritarren gehiengoaren babesa lortzen badute lortuko dituzte. M19k bake akordioak sinatu ondoren jaso zuen jazarpena eta bere militanteen erailketa masiboa ez dira aurrekari ona, baina orduan gertaturikoa ondo baino hobeto ezagutzen dute FARCeko militanteak eta pentsatzekoa da antzeko ezer ez errepikatzeko bermeak ezarriko direla. Era berean, Kolonbiak bizi duen agertoki berri eta itxaropentsuak ELNren eta Kolonbiako Gobernuaren arteko prozesua azkartu eta lagundu beharko luke.
Norabide berean, Filipinetako Gobernua eta National Democratic Front (NDF) mugimendu politiko eta armatuak akordio garrantzitsua lortu berri dute. Norvegiak lagunduriko prozesuan, Oslon egingo dira bi aldeen arteko elkarrizketa eta negoziazioak. NDFk su etena hasi du eta Gobernuak militante batzuk askatu ditu negoziazioetan parte hartu ahal izan dezaten. Hamarkadetako konfrontazio armatuari amaiera adostua emateko aukera paregabearen aurrean gaude.
Antzeko garaietan sortu eta hedatu ziren mugimendu armatu ezberdinak munduko txoko ugaritan. Horietarik, babes sozial zabala lortu zutenak dira urteetan irautea lortu dutenak, eta horietako gehienak (guztiak ez bada), haien estrategia politiko armatua aldatu dute azken urteetan, beren helburuak lortzeko beste borroka molde batzuen aldeko apustua eginez. Ez daude bi prozesu berdin munduan, eta ondorioz bakoitzak bere espezifikotasun eta berezitasunak ditu, baina orokorrean hitz eginda, nahiko nabaria da hori, Aceh, Hego Afrika, Erdialdeko Amerika, Irlanda, Birmania, Kolonbia, Filipinak... dira horren adierazle nabarmenak. Kasu gehienetan ere gobernuen aldetik aldaketa nabarmena eman da, Kolonbian azken urteetan ikusi dugun bezala, eta konponbidearen aldeko apustu sendoa egin duten agintariak azaldu dira. Pena da Espainiako edo Frantziako agintariek Santosen adibidea jarraitu baino Erdogan eta Uriberen politikarekin bat egiten dutela ikustea. Konponbideari bizkarra emanez gerrarako egin duten apustuak ez du etorkizunik. Haien jarreran tematu gabe, guk gure bidea jarraitzean dago nire ustez gakoa, independentziaren alde prozesu sendoa martxan jarriz. Katalunia erakusten ari zaigun bezala.
Eta hori da gaurkoan aipatu nahi nuen hirugarren prozesua. Kataluniak Diada eguna ospatu berri du, eta, beste behin ere, aldarrikapen egunak bide orria zehaztu eta borrokarako grina eta ilusioa mantentzeko balio izan diela uste dut. Azkenaldian bazirudien kataluniar prozesua moteltzen ari zela, ez zegoela aurrera egiteko bide argirik, Espainiar gobernu berriak ekar zezakeenaren zain egon zitezkeela batzuk. Baina, nire ustez, aurtengo Diadak zeozer erakutsi badigu, kontrakoa da; hau da, Kataluniak bere bidea jarraitzen duela, pausuz pausu eta aurrera. Eta aurrera doan prozesu hori ez da nire ustez aldebakarrekoa, prozesuaren epizentroa Katalunian dagoelako, Kataluniatik Kataluniarentzat garatzen ari den prozesua da, eta hori, nola ez, alde askotariko prozesua da, alderdi, sindikatu, herritar mugimendu, norbanako askoren parte hartzearekin aurrera doana. Nazioartean kokatuta dago prozesu honen bigarren hanka, Kataluniako Errepublika onartuko duten estatuak lortzeari begira. Azkenik, Espainiako Gobernuarekin erreferendum bat adosteko borondatea ere mantentzen du prozesuak, baina bedeinkapen hori itxaron gabe bere bidea marrazten jarraituz. Horregatik, prozesuak helmugara iristeko behar dituen beharrezko baldintzak lehen biak dira, herritarren gehiengoaren babesa eta nazioarteko onarpena. Hirugarrenak bidea erraztuko luke, baina, nire ustez, dagoeneko ez da beharrezkoa. •



