Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa

Datozen lurralde erronkak

EAEko Legebiltzarreko datorren denboraldian lurralde-antolakuntzako erronka ugariri egin beharko zaie aurre. Eusko Jaurlaritzaren lurralde-estrategia orokorra ez baita 2008-2015 arteko krisialdiaren ondorengo panorama sozioekonomiko hondatu berrira egokitu oraindik.

Atzeraldi Handiak argi utzi baitigu etengabeko hazkundearen mitoa, “eraiki Euskadi” literal hori, logikaren kontrakoa dela erabat. Edo kapitalaren logika aseezinean baino ezin dela ulertu. Datozen urteotan ere paisaia eta ingurunea eraldatzen jarraitu beharko dugu, jakina, ez gaitezen inozoak izan; baina argi izanda azkenengo helburua kaleko (eta landako) herritarren ongizatea dela, ez geure sokako enpresa eraikitzaileentzako mozkinak areagotzea.

Lurraldea Antolatzeko Gidalerroak berritzeko legegintzaldia izango da hurrengoa. Lurralde-antolakuntza zentzudunagoa proposatzeko parada edukiko dugu, Gidalerroak klima-aldaketa galgatzeko tresnatzat ulertuz eta haien bidez metropolizazio-prozesu suntsitzaileari amaiera emanez, euskal kosta osoa eta bailara nagusietako hondoak erabat bete eta kolapsatu baino lehen.

Lurzoru Legea ere berrikusteko aukera egongo da, aurreko legegintzaldiko Etxebizitza Lege interesgarriari berme urbanistiko ezinbestekoa emateko. Bertatik ere sustatu litezke, adibidez, alokairurako etxebizitzak, 2006ko Lurzoru Legean (jabegoko) babes publikoko etxeen eraikuntza derrigortu zen bezala. Horrekin bakarrik ez litzateke arazoa amaituko, baina, sakralizatu gabe, ezin da mespretxatu lege egokien erabilgarritasuna.

Borondate politikoa balego, Eusko Jaurlaritzaren lurralde-politika behin betiko burujabea izateko legegintzaldia ere izan liteke hurrengoa. Batzuek esango dute EAEk, Nafarroa Garaiak bezalaxe, bere lurraldea antolatzeko eskuduntza baduela dagoeneko transferituta. Eta egia da. Baina soilik neurri batean, Espainiako Gobernuak azpiegitura egituratzaile handiak bere kasa antolatzeko ahalmenari eutsi diolako: itsas-portu, aireportu eta trenbide nagusiak, esaterako, Madrilgo interesen arabera antolatzen dira. Espainiako Estatuko AHTren ibilbidearen eskema erradiala da horren adibide argia: ez die interes sozialei jarraitzen, ezta merkataritzakoei ere; Madrilgo zentraltasun geografikoa indartzera dator, probintzietako hiriburu guztiak handik lau ordura gehienez ezarriz.

Diada-egunaren biharamunotan ere gogorarazi daiteke Espainiari buruhauste gehien ematen dizkioten herrialdeak, Katalunia eta Euskal Herria, Frantziarekiko mugaren ondoan daudela. Hori horrela, Pirinioak errepidez zeharkatzeko igarobide garrantzitsuenak, Irun eta La Jonquera, independentzia-gose gehien duten autonomia-erkidegoetan daude. Geografikoki estrategikoak gara, eta, besteak beste, horretxegatik mantendu nahi gaituzte Madrilen diseinatutako lurralde-eskeman. Horregatik, lur-garraioen gaiaren gaineko erabakiak ere hemen eta orain hartzeko, beharrezkoa dugu hurrengo legebiltzarra lurralde-deskonexioaren erronka ere bideratzen hastea. •