Europa eredu, gauza batzuetarako bakarrik
Hauteskunde kanpaina batek ez du eztabaida sakonak egiteko aukerarik eskaintzen. Oro har hautagai eta ordezkari politikoek ez dute gaietan sakontzen. Komunikazio arduradunek agintzen dute eta mezuak ahalik eta sinpleenak izatea eskatzen dute balizko boto-emaileengan modu erraz batean iritsi ahal izateko. Izan ere, kanpaina baten barruan esfortzua eskatzen duten proposamenak ez dira entzun ere egiten. Horrela, zenbait auziren inguruan kontsentsu zabalak sortzen dira. Omen.
Auzi horietako bat da ikerkuntza eta garapenera bideratu beharreko baliabideak handitu egin behar direla. Alderdi guztiek ikerkuntzarako inbertsioak agintzen dituzte, gutxienez Europako batez besteko gastuaren portzentajea berdindu arte. Ñabardurak gorabehera, denak ados daude planteamendu horrekin. Bitxia da, ordea, ikerkuntzara bideratzen den diruari inbertsioa deitzea; ez da inbertsioa, gastua baizik. Emaitzaren bat lortuz gero, patente bat adibidez, inbertsioaz hitz egin daiteke. Bestela, diru hori gastatuko da inolako fruiturik eman gabe, kontsumitzen diren bestelako produktuak bezala. Garrantzitsua da horretaz ohartzea, politika publikoetan aurreikuspenez asko hitz egiten baita, baina ondoren inork ez baititu emaitzak neurtzen, egindako esfortzua behar bezala baloratzeko. Neurtu beharreko emaitza horietako bat, adibidez, patenteena izan beharko litzateke.
Ikerkuntza eta garapenaren sistemak beste lotura batzuk baditu, esate baterako, enpresekin eta unibertsitatearekin. Enpresekiko harremanak ez badaude behar bezala antolatuta, ikerkuntza sistema oso potentea eduki dezake herri honek, baina bertako ehun produktibora ez dira iritsiko gastu horretatik ateratako emaitzak. Ikerkuntza eta garapenaren fruituak enpresa guztietara –handietara zein txikietara– iritsi beharko lirateke. Norabide horretan hausnarketa interesgarria plazaratu du Gareneko presidente Iñaki Zuloagak iritzi artikulu batean (https://goo.gl/wKRjpi). Dena ez da industria 4.0. Enpresa txiki eta ertain askok beste behar batzuk dituzte, eta, horiek bete ezean, industria 4.0 egitasmoek ekar ditzaketen datu zaparradak ez dira erabilgarriak izango; horientzat alperrik galduko dira.
Enpresen eta unibertsitatearen arteko lotura garrantzitsua da ikerkuntza eta garapenaren emaitzak zabaltzeko. Puntu honetan ezin da ahaztu garapen gehienak oinarrizko zientziaren emaitzen gainean eraikitzen direla. Zientziaren aurkikuntza horiek doakoak dira, edo, hobeto esanda, edozeinek eskura ditzake zientziaren fruituak; izan ere, berez doakoak ez dira, kasu gehienetan aurrekontu publikoetatik ordaintzen baitira. Zientziaren emaitzek gizarte osoari egiten diote mesede: sektore publikoari eta baita enpresa pribatuei ere. Sektore publikoaz hitz egitean, enpresari askok ahaztu egiten dute azken puntu hori. Are gehiago, beraien interesak defendatzen omen dituzten alderdi politiko eskuindarrek.
Hori dela eta, hauteskunde kanpainetan ez dira sektore publikoari eta enplegu publikoari buruzko kontsentsu zabal horiek sortzen. Izan ere, alderdien gizarte ereduak ezberdintzen dituen funtsezkoa auzia da. Eztabaida plantatzen denean, eskuindarrek beren aurpegi beligerantea agertzen dute. Urkulluk, adibidez, perla batzuk utzi ditu. Enplegu publikoaren inguruan esan zuen ez zuela «lasterketa demagogikorik» jarraituko, horiek «errezeta magikoak» zirela, eta abar. Horrela ezkutatu nahi izan du, batetik, Europarekiko dugun aldea, Europako batez bestekoaren oso azpitik baikaude eta lanpostu asko baitira horiek. Bestetik, enplegu publikoaren proportzioa handia denean, estatuek hobeto funtzionatzen dute, ongizate emaitza hobeagoak lortzen dituzte, eta, garrantzitsuena, ez dituzte langabezia tasak %10aren bueltan, Urkulluk agindu moduan, %5 eta %6aren bueltan baizik. Gure artean Europako estatu batzuk –bereziki Europa iparraldekoak– hezkuntzan, zerbitzu sozialetan, enpleguan, ikerkuntzan, aberastasunaren banaketan eredu dira. Baina, zergatik gauza batzuetarako bakarrik? •



