LEHENENGO OSPATU, ONDOREN ESTATU EGITUREZ EZTABAIDATZEKO
Politika hizki larriz egitera itzuli aurretik, aurrez lortutako guztia ospatu egin behar dela ulertu du Eskoziako mugimendu independentistak. Eta ospakizunetarako, zer hobeto independentzia erreferendumaren bigarren urteurrena baino? Horrek, baina, ate berri bat ireki die eskoziarrei: estatu egiturak eztabaidatzeko unea iritsi zaie.

Urteurrenak ospakizun egunak izan ohi dira, zerbait gogoratzeko egunak. Zerbait hori positiboa izan liteke, edo ez. Baina norberaren baitan izan duen eraginaren arabera, indar gehiagoz edo gutxiagoz oroituko da etorkizunean, aldarte batekin edo bestearekin. Eskoziaren kasuan, “zera” hori 2014ko independentzia erreferenduma da, herrialdearen etorkizun politikoan ezbairik gabeko eragina duen (eta izango duen) gertakaria.
Orduko hartan, munduaren aurrean herri independente bezala aurkeztu ala ez erabaki behar zuten eskoziarrek; %55,3k Erresuma Batuaren baitan jarraitzearen aukera hobetsi zuten. Emaitzak emaitza, sekulako eragina izan zuen aipatu gertaerak Eskoziako gizartean, oraino bizi-bizi antzeman daitekeen legatua utziz. Bada, bi urte bete ziren iragan igandean eskoziarrek euren etorkizun politikoa erabakitzeko beta izan zutenetik, eta, noski, ez zen urteurren ospakizunik falta izan.
Ospakizun ekimenak herrialde osoan zehar zabaldu baziren ere, Glasgow hirira begira jarri zen, batik bat, foku mediatikoa. Arrazoia argia da: festa ez ezik, politika egiteko baliatu zuten urteurrena Eskoziako aktore independentista nagusienek. Politika hizki larriz idatzita gainera, hizpidea ez baitzen ahuntzaren gauerdiko eztula: balizko Eskozia independente baten estatu-egiturak eztabaidatzeko ardura hartu du bere gain Scottish Independence Convention erakundeak.
Aipatu erakundea Eskoziako aktore independentista nagusienen biltzar moduko bat dela esan daiteke, guztien arteko elkarlana sustatzea helburu duena. 2014. urtera joz, berau izan zen independentzia erreferendumaren kanpainan baiezkoaren alde ofizialki jardun zuen Yes Scotland eragilearen “ama”, nolabait esateko. Bada, erreferendum independentistaren bigarren urteurrena aitzakia gisa hartuta, erreferendum berri baterako motorrak berotzen hasteko aukeratzat hartu zuten; festa giroa sortuz, pertsona zein kolektibo independentista garrantzitsuenak bilduz eta patuari bere lana egiten utziz. Alderaketak gorrotagarriak direla esan ohi da, horregatik, ezin da euskal betaurrekoak jantzita ulertu Scottish Independence Conventionen deialdia eta beronen garapena.

Ilustreak eta politikariak, elkarrekin
Hasteko, deialdia egiteko modua bera da adierazgarria: pertsona bat da deialdia egiten duena, Elaine C. Smith aktorea kasu honetan. Berarengana zuzentzen dira fokuak eta berari jartzen zaizkio mikrofonoak konbentzioaren aurreko egunetan, ekimenaren hedapena bermatze aldera. Anfitrioi papera jokatzen du berak, baina, noski, atzean duen lantaldea da lana majo egin behar izaten duena konbentzioak bere helburuak beteak ikusi ditzan. Azpilan horretan dihardu Shona McAlpinek, eta konbentzioak eman zuenaren berri eman dio GAUR8ri.
Azaldu du 400 lagunek egin zutela bat Glasgowko St Luke eraikinean, «tartean SNP eta Alderdi Berdeko ordezkaritza nabarmena, herrialdeko aurpegi famatuekin batera». Helburu nagusia, argia: «Independentzia zaleak bueltan elkartzea eta, igandekoa bezalako data esanguratsu batean, une dibertigarria elkarrekin igarotzea bigarren erreferendum bati aurre egiteko lanean buru-belarri sartu aurretik». Horretarako, komedianteak, musikoak eta, nola ez, politikariak, denak batera, elkartu zituzten.
Ekitaldiaren izaera ludikoa alboratuta, Alex Salmond lehen ministro ohiaren, Robin McAlpine Common Weal think tank-eko zuzendariaren eta Carolyn Leckie Women for Independence erakundeko sortzailearen hitzartzeei erreparatuko diegu. Normala denez, Salmonden hitzartzeak piztu zuen arreta gehien, lehen ministro ohiak oraino mantentzen duen itzalaren erakusle. Bigarren independentzia erreferendum bati begira jarri zen eta Brexitak eskoziar gizartean izan duen eraginari erreparatu zion: «2014ko saiakeran Yes Scotland mugimenduak erakutsi zuen gogoak herrialdea independentziaraino eraman zuen kasik. Hori hala, hurrengo saiakerari begira berreskuratu behar dugun elementuetako bat da. Bigarren saiakera, nire ustez, guk uste baino gertuago aurkitzen da». Iragan astean, “The National” egunkarian argitaratutako iritzi artikulu batean, iragarri zuen bigarren independentzia erreferenduma 2018ko udazkenean izan daitekeela.
Ohiko legez, zuhurrago agertu zen bere hitzartzean McAlpine. Independentismoaren oinarriek 2014ko ariketan eginiko lana goraipatu zuen, baina ohartaraziz bigarren saiakera batek etxeko lanak hobeki egitea eskatzen duela. Hori horrela, hiru agindu edo eginbehar jarri zizkion mugimendu independentistari: «Erabateko sinesgarritasuna irabaztea, irabaztea baino onartuko ez lukeen proiektu independentista bat osatzea, eta independentziaren aldeko aldarriek hautesleriaren konfiantza osoa lortzea».
Eta zuhurtasunez jokatu bazuen McAlpinek, emozioak aireratzeko balio izan zuen Leckieren hitzartzeak. Adoreaz hitz egin zuen, 2014ko erreferendumean beldurraren kanpainari aurre egin eta Eskozia independente baten aldeko botoa eman zuten horien guztien adoreaz, hain zuzen: «Bere burua pobrezia egoeran ikusten zuen jendeak egoera aldatzeko aukera baten aurrean zegoela ulertu zuen. Eskozia berri bat eraikitzeko aukeraren aurrean gaude berriro ere, berekoia izatea gaizki ikusita egon den Eskozia eraikitzeko aukeran, batak bestea zainduko duen Eskozia eraikitzeko aukeran».
Scottish Independence Conventionek, beraz, erdietsi zuen bere helburua: jai giro betean, aktore independentista garrantzitsuenak bueltan elkartzea, bigarrengo bataila bat prestatzen hasteko lehenengo urrats gisa. Eta bigarren urratsa ere markatua du dagoeneko: 2017ko urtarrilaren 14an, komediante eta musikariak etxean utzita, balizko Eskozia independente baten estatu egiturak zehazten hasteko elkartuko dira berriro ere norbanako zein kolektibo independentistak, McAlpinek eskatu bezala, sinesgarritasunaren, argumentuen eta konfiantzaren borrokak irabazteko oinarriak jarri asmoz.

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
